Azken hatsean erabaki dira A multzoko Grand Slameko finalerdietako bikoteak
A multzotik Xabi Barandikak eta Mikel Mantzisidorrek eta Aritz Erkiagak eta Iñigo Undak osatutako bikoteek lortu dute finalerdiak jokatzeko txartela. Datorren zapatuan (uztailak 25) erabakiko dira B multzoko bikote sailkatuak. Eñaut Urreistiren lesioak, bestalde, faboritoak txapelketatik kanpo utzi ditu.
Argazkia: Eraman Jai Alai. Zapatuan hasi zuten aurten udako txapelketarik amerikarrena bihurtuko dena: Gernikako Grand Slama. Abuztuaren 16ra bitartean jokatuko dute Jai Alai Ligarako puntuagarria izango den txapelketa, alegia. Eta zelan ez, zapatuan, zesta-puntaren katedrala berriz ere jendez bete zen, berrikuntzaz beteriko txapelketaren estreinako jardunaldiaz gozatzeko. A multzoko Xabi Barandika eta Mikel Mantzi eta Aritz Erkiaga eta Iñigo Undak osatutako bikoteak izan ziren protagonista, oro har, txapelketaren finalerdietarako txartela eskuratuta.
Azken hatsean erabaki zen, baina, finalerdietara ze bi bikote sailkatu ziren. Ze, nahiz eta Barandikak eta Mantzik abantaila nahikoa izan zuten lehen postuetan, Ekaitz Mendizabal Goixerri eta Jon Bullet Zabalak osatutako bikoteak bost tantoko aldea zuten Erkiaga eta Undaren alboan. Ematen zuen ispasterko beteranoak eta gernika-lumoko debutalariak ez zutela partidari buelta emateko denborarik izango, baina izan zuten. Eta zelan, gainera. Gutxika gutxika markagailuan hurbiltzen hasi ziren, tanto bakarrera jarri eta bozina gainean erremontatzea lortu zuten arte, Goixerri eta Zabala ekuaziotik kanpo utziz.

Argazkia: Eraman.
Erkiagak argi zuen erabaki beharrekoa azken unean erabakiko zela, eta lasaitasun mezua bideratu zion bere bikote Undari: “Zuk lasai jokatu, hau azken haman minutuetan erabakiko da-eta”. Izan ere, Donibane Lohitzunen probatutako formula Gernika-Lumora ekarriz, kiniela formatua txertatu dute aurten Gernikako Grand Slamaren multzokako faserako.
Erkiagak esan, eta egin. Ispastertarrak esandakoa bete egin zen, halaber. Faboritoek ondo hasi zuten kiniela, baina Eñaut Urreisti eta Unai Lekerikabeaskoak osatutako bikoteak ezbehar bat izan zuen: Urreistik besoa minduta utzi behar izan zuen zelaia, eta bere ordez Bixente sartu zen Lekerikagaz bikotea osatuz. Bosna tantogaz hasi zuten kiniela faboritoek, Erkiaga eta Undak bezala. Barandika eta Mantzik eta Goixerri eta Zabalak, ordea, tanto banagaz baino ez zuten hasi lehia. Berdindu ere egin zen lehia, lau bikoteek zazpina berdinduz.

Urreistik besoan min eginda utzi behar izan zuen partida. Argazkia: Eraman.
Urreistiren lesioa aprobetxatu, eta Barandika eta Mantzik azeleragailua zapaldu zuten. Bikoteak partida borobila jokatu zuen, eta euren indarguneak erabiliz aurkarien ahulguneetan min egitea lortu zuten. Lehen postua eskuratuko zuten puntistak, eta beraz, finalerdietako lehen txartelaren jabeak argi zeuden: Barandika eta Mantzi. Baina gainontzeko hiru bikoteek bigarren postu hori lortzeko lehiagaz jarraitu zuten.
10 minuturen faltan, Bixentek eta Lekerikak osatutako bikoteak 13 puntu zituen; Goixerrik eta Zabalak, ostera, 12; eta Erkiagak eta Undak, azkenik, 11. Une horretatik aurrera tanto bakoitzaren balioa bikoizten hasi zen, eta denbora bukatzen. Goixerrik eta Zabalak bost tantoko aldea ateratzea lortu zuten Erkiaga eta Undaren aurrean. Bixente eta Lekerika, aldiz, markagailuan geldi geratu ziren; ez aurrera, ez atzera. Erkiagak eta Undak hiru tanto azkar lortu zituzten, eta Goixerriren eta Zabalaren aurretik sailkatzea lortu zuten, finalerdietarako bigarren txartela eskuratuz.

Xabi Barandikak eta Mikel Mantzisidorrek eskuratu zuten lehen postua. Argazkia: Eraman.
B multzoarekiko, datorren astean izango dute puntistek hitzordua Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, baina aurkezpenean azaldu bezala, multzoa ez zegoen guztiz osatuta. Hiru bikote zeuden, eta laugarren bikotea zapatuan bertan erabaki zen, Grand Slameko A multzoko kinielak hasi aurretik. Johan eta Gorka Sorozabalek Bixente Gonzalez eta Theo Laborderen aurka jokatu zuten norgehiagoka, eta Sorozabal anaiek irabazi zutenez, B multzoaren laugarren bikote bihurtu ziren.
Esan bezala, zapatuan beste hitzordu bat izango da zestaren katedralean: Goitia eta Basque, Olharan eta Atain, Ladutxe eta Ibarluzea eta Johan eta Gorka finalerdietarako bi txartelak lortzearen alde lehiatuko dira.