Maila handiko pilota festibala, ate joka
V. Bermeo Hiria Inpesca Pilota Festibala hartuko du, zapatuan, Artza pilotalekuak. Sarrerak dagoeneko salgai daude, eta 15, 20 eta 25 euro arteko prezioetan eros daitezke.
Bermeok eskuzko pilotaren hitzordu garrantzitsua hartuko du zapatuan (uztailak 18) 20:00etatik aurrera, beste urte batez. Hain zuzen ere, Artza pilotalekuan jokatuko da V. Bermeo Hiria Inpesca Pilota Festibala, Artza Pilota Elkarteak antolatuta, eta zaleentzako maila handiko jaialdia izango da.
Jaialdiaren barruan bi partida jokatuko dira. Lehenengo neurketan, Serie B mailan, Senar eta Aranguren ariko dira Zubizarreta IV.aren eta Morgaetxebarriaren aurka. Ondoren, jaialdiko partida nagusian, Serie A mailako lehia ikusgarria izango da: Artola eta Mariezkurrena II.a alde batetik, eta Laso eta Iztueta bestetik.
Bosgarren edizioa izango duen txapelketa honek Bermeo pilotaren erreferente bihurtzen jarraitzen du udako egutegian. Sarrerak dagoeneko salgai daude, eta 15, 20 eta 25 euro arteko prezioetan eros daitezke.