Gazte mailako txirrindularien Euskal Herriko Txapelketa hartuko du Mendatak
Zapatuan [uztailak 18] 10:00etan Mendatako Elizaldetik abiatuko dira 85 kilometroko ibilbidea duen 36. Mendatako Sari Nagusia lehiatuko duten txirrindulari gazteak.
Aurreko urteetako lasterketako argazkia. Argazkia: Ciclista Gernikesa. 36. Mendatako Sari Nagusiak gazte mailako txirrindulariak batuko ditu zapatuan [uztailak 18]. Izan ere, Gernikesa Txirrindulari Elkarteak eta Mendatako Udalak elkarlanean antolatu dute, beste behin, junior edo gazte mailako lasterketa, eta aurtengoan Euskal Herriko Txapelketa izango dute jokoan. Horrela, antolatzaileek jakitera eman dutenez, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa edo Nafarroako Federazioetako lizentzia duten txirrindulariek eta Féderation Française de Cyclisme Federazioko lizentzia dutenek hartu ahal izango dute parte, beti ere Ipar Euskal Herrian bizi badira.
17 eta 19 urte bitarteko 150 txirrindulari inguru bilduko dira Mendatan, zapatuan. 10:00etan abiatuko dira kirolariak Mendatako Elizaldetik, eta 85 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik. Gernikesa Txirrindulari Elkarteko kideek ibilbidea ere zehaztu dute: “Lasterketaren lehendabiziko zatian birritan egingo dute Arratzuko zirkuitua: Gernika-Lumo, Ajangiz, Zarrabenta, Ibertxu eta Arratzu lotzen ditu. Ondoren, Eleizaldera itzuliko dira eta probaren bigarren zatiari ekingo diote: mendateak. Izan ere, Mendatatik Urrutxurako bidea hartuko dute, eta Muniketagane igoko dute, Zugastietara jaisteko; ostean, Urrutxura igongo dira berriro. Atzera Mendatara bueltatuko dira gero, eta, handik, Munitibarrera joko dute; Munitibartik Bizkaiko Begiratokira igongo dira, mendatea beste aldetik jaitsi eta irteera hartu duten Mendatako Eleizalde auzoan bukatuko dute proba”.
“Giro ederra” espero dute antolatzaileek, “urtero bezala”. Eta esan dute, normalean txirrindulariekin batera hainbat familiarteko zein senide ere etortzen direla, eta beraz, Mendata gainezka egoten dela. Lasterketa zirkuitu formatuan izateak, gainera, ikusleen lana errazten duela nabarmendu dute, “eta era berean, giroa hobetu”.