Karmen Jaien doinuak entzungo dira Busturialdean
Bermeoko Mañun, Gautegiz Arteagako Zendokizen eta Elantxoben dena prest daukate urtez urteko Karmen jaiei ongietorria emateko. Eguenan (uztailak 16) piztuko dute jai giroa, Karmen egunez.
Atseden hartzeko ia tarterik gabe igarotzen dira udako jaiak. Asteburuz asteburu eta herriz herri, Busturialdeko bizilagunek ere eskualde osoko jai giroaz gozatzeko aukera izaten dute.
Izan ere, jai batzuk amaitu orduko beste batzuk hasten dira, eta askotan, aurrekoak bukatu baino lehen pizten da hurrengo ospakizunen giroa. Leku batzuetan San Kristobal jaiak ospatzen ari diren bitartean, beste hainbat tokitan Karmen jaiak izango dira protagonista. Euskal Herriko hainbat herritan bezala, Busturialdeko zenbait gunetan ere egun berezi hauek ospatzeko egitarau zabala prestatu dute. Hurrengo egunetan musika, kultura eta aisialdiko ekintzak izango dira nagusi, eta Karmengo Amaren egunean omenaldi eta aitortzek ere izango dute euren lekua, jai giroari eutsiz.
Busturialdean, Bermeoko Mañu auzoa, Gautegiz Arteagako Zendokiz auzoa eta Elantxobe izango dira Karmen jaien ardatz nagusiak. Aurten, Karmengo Amaren eguna eguenan izango da, eta hiru herri horiek egun horretan bertan emango diete hasiera ospakizunei. Bermeoko Mañun, esaterako, eguenetik zapatura arte luzatuko den egitaraua prestatu dute, gastronomia, musika eta ohiturak uztartuz. Gainera, Mañuko Jai Batzordeak, Bermeoko Udalaren laguntzarekin, adin guztietako herritarrentzako jarduera ugari antolatu ditu.
Karmengo Amaren egunean emango diete hasiera jaiei bermeotarrek, urtero legez, meza nagusiagaz. Ondoren, umeentzako jolasak izango dira, eta herri kirol erakustaldiek ere euren lekua izango dute egitarauean. Egun osoan zehar, gainera, trikitilariek alaituko dituzte auzoko bazterrak.
Ospakizunen bigarren jardunaldian, Karmen Bigarren egunean hain zuzen ere, gastronomiak hartuko du protagonismoa. Bakailao dastaketa antolatu dute, alegia, eta eguna zaldi-proben erakustaldiagaz amaituko dute. Zapatuan ere izango da jateko unerik auzoan, ze, tortilla txapelketan murgilduko dira, eta, amaitzeko, DJ Bogda Rumaren musikak jarriko dio azken ukitua aurtengo Karmen jaiei.
Tradizioari eutsiz
Zendokizen tradizioari tiraka ospatuko dituzte karmenak. Historikoki, arteagarrak itsasoan lanean aritutakoak izan diren heinean, Karmen Egunean familiakoen babesa eskatzera joan ohi ziren Karmengo baselizara, arrantzaleen babesle den horrengana.
Eta zelan ez, ohitura horren bueltan elkartuko dira, beste urte batez, herritarrak. Alde batetik eguenean bertan, Karmengo Amaren egunean, mezan bilduko dira herritarrak; eta bestetik, domekan Artie Dantza Taldearen emanaldiekin girotuko dute auzoa.
Elantxobetarrek, azkenik, omenaldi eta aitortzarako tartea hartuko dute. Elantxobetarrentzat ere egun berezia izaten da Karmen eguna, arrantzari estuki lotutako herria baita. Aurten, Karmen egunean bertan egingo dituzte ospakizun denak, eta ohiturei segika, meza ostean aurreskua dantzatu, eta Karmengo Amaren omenezko prozesioa egingo dute kurtzeko kaiaren puntara arte. Han loreak uretara botako dituzte, horrela itsasoan hildakoak gogoan izateko. Sardina erreak jateko tartea ere hartuko dute, urtez urte egin bezala, eguerdi aldean; lehenengo mezan bilduko dira herritarrak, 12:00etan. Ondoren egingo dute ohiko sardinada.
Era berean, aurten ere haurrentzako ekintzak aurreikusi ditu Elantxobeko Udalak. Duela pare bat urte estropadak antolatu zituzte; iaz, ostera, uretako puzgarrien aldeko apustua egin zuten, eta aurten, iazko ideia jarraituko dute, gazteen gozamena bermatze aldera.
Edozein jaitan bezala, ez da musika eta jai girorik faltako. Izan ere, Ardoa Barrura fanfarriako kideak izango dira Elantxoben, herria girotzen, musikatzen eta koloreztatzen.