500 lagun bildu ditu Elantxobeko Mendi Martxaren hamabigarren aldiak
Goi-goitik iritsi da Elantxobeko Mendi Martxa bere XII. urtemugara. Zapatuan [uztailak 4], eguraldia aldeko izanik, 500 lagun inguru elkartu ziren Elantxobeko portuan, mendia, kirola eta herrigintza uztartzen dituen egunaz gozatzeko. Atxurkulu Mendi Klubetik balorazio positiboa egin dute mendi martxaren hamabigarren aldiarekiko: “Oso pozik gaude, beste urte batez, ze, oso ondo joan zen zapatukoa. Uste genuena baino tenperatura hobeagoa egin zuen. Beldurra genuen bero handiegia egingo ez bazuen, baina ez zen horrela izan. Parte hartzaileak oso gustora egon ziren, eta antolatzaileok ere bai”.
Ohi bezala, parte hartzaileek bi ibilbide izan zituzten aukeran: luzea eta laburra. Luzearekiko apustua egin zutenek 22 kilometroko ibilbidea izan zuten aurretik, eta laburra aukeratu zutenek, berriz, 11 kilometro. Biak ala biak Elantxobeko portuan hasi eta amaitu ziren arren, irteera ordutegi desberdinak izan zituzten. Aukera luzekoak 08:30ean abiatu ziren, eta laburrekoak 10:00etan, hain zuzen.
Gainera, anoa postu ugari ere ahalbidetu zituzten ibilbideetan zehar, parte hartzaile guztiak jan edan nahikoa izan zezaten, eta inongo arazoak ekiditeko. “Dena behar bezala irten zen. Parte hartzaile guztiek ondo bukatu zuten martxa, arazo fisikorik barik. Horrek ere laguntzen du azken emaitza positiboa izaten”.
Atxurkulutik argi dute dagoeneko “egonkortuta” dagoela Elantxobeko Mendi Martxa, eta nabarmendu dute, urtez urte data horren zain egoten direnak daudela, hurrengoa noiz helduko zain. Orain arteko lerro berdina jarraitu nahi dute, eta hamahirugarren aldiak hamabigarren hau berdintzea edota gainditzea espero dutela aurreratu dute.