Ia 300 lagun edukiko ditu berriro Serrats Aldapa Xtremek
Zapatuan [uztailak 4] lehiatuko dute Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon mendi bizikletako probaren laugarren aldia, bi ibilbidegaz. 290 lagunek izena eman dute.
Azken hiru urteetan jasotako erantzun apartaren ondoren, zapatu honetan [uztailak 4] lehiatuko duten Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon lasterketaren laugarren aldiak ere ahaztezina izateko osagai guztiak dauzka: iazko ekitaldiak 295 txirrindulari erakarri baldin bazituen, aurtengoak 290 hartuko ditu. Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldeak ontzat jo du ziklistek emandako erantzuna, eta, lasterketaren atarian, egun “ederra” izango dela berretsi dute: “Prestatu beharreko dena prest dago; eguraldia ere lagun izango dugu. Izen emateari dagokionez, iazko kopuruaren bueltan ibiltzea albiste polita da, batez ere, iaz XCM mailako Euskadiko Txapelketa hartu genuela kontuan izanik. Txapelketak txirrindulari gehiago erakarri zituen, baina, edozelan ere, aurten ere bikain erantzun dute“.
290 parte hartzaileen %60k ibilbide laburra hautatu du, eta %40, berriz, luzean ariko da
Ohiko modura, mendi bizikletaren zaleek ibilbide bi edukiko dituzte aukeran: Bike Luzea eta Bike Laburra. Lehendabizikoak 61 kilometro eta 2.000 metroko desnibel metatua edukiko ditu; bigarrena, ostera, 41 kilometro eta 1.325 metroko desnibelduna izango da. Ibilbide biak ala biak “oso egonkortuta” daudela adierazi dute: “Profil guztietako txirrindularientzako proba antolatzen saiatzen gara, alegia, bai maila fiisiko eta tekniko handia dutenei, bai modu lasaiagoan gozatu gura dutenei zuzendutako ibilbideak prestatzen; alde horretatik, aurtengo parte hartzaileen %60k ibilbide laburra hautatu du, eta %40, berriz, luzean ariko da”.
Ibilbideen gaineko nondik norakoei oraindik “gordeta” eusten diete antolatzaileek, baina bada ahoz aho dabilen beste erpin bat: tarte kronometratu ezkutua. “Kilometro bateko erlojupeko sektorea izango da, Kresala tabernaren ekimenez sortua, eta parte hartzaileek unean bertan, hasierara ailegatzen direnean, jakin ahalko dute zehazki non dagoen; lehen gizonezko eta emakumezkoek saria jasoko dute, baina baita azken biek ere”. Anoa postuetarako ere “sorpresaren bat edo beste” prest dute.
Azken hiru aldietako garaile Julen Zubero Aldekoaz gogoratu dira antolatzaileak; duela aste batzuk istripu larria eduki zuen, entrenatzen zebilela
Apurka-apurka, mendi bizikletaren egutegian “bere lekua topatzen” ari da Serrats Aldapa Xtrem. Geroz eta gehiago dira hura beren lasterketa programazioan letro gorriz gordetzen dutenak. Ildo horretatik, aurtengoan azken hiru urteetan hutsik egin ez duen eta hiru aldiak poltsikoratu dituen Julen Zubero Aldekoa lemoaztarraz oroitu dira antolatzaileak. Hain zuzen ere, iaz maratoi distantziako Euskadiko Txapelketa Bermeon irabazi zuen Zuberoak trafiko istripu oso larria pairatu zuen ekainaren 17an, entrenamendu saio batean ari zela. “Hartaz gogoratu gura dugu, probarekiko begirune itzela erakutsi izan baitu beti; oraindik oso larri egonagatik ere, bere egoerak hoberantz egitea espero dugu, eta hurrengo urtean berriro gugaz egon dadila”, adierazi dute.