Bitor Uriarten ibilbidea eta hark herriari egindako ekarpena kontutan izanda hartu du Bermeoko udal gobernuak Uriarte Bermeoko Seme Kuttun izendatzeko espedientea abiarazteko erabakia.
Bitor Uriarte Anasagasti zinegotzia oroitu eta Bermeoko udal gobernuak Uriarte Bermeoko Seme Kuttun izendatzeko espedientea abiarazteko erabakia hartu duela jakinarazi du gaur (ekainak 15), Bermeoko osoko bilkuran. Nadia Nemeh Shomalyk zinegotzi, historialari, irakasle eta herrikidearen omenez hitz batzuk esan ditu, hari aitortza eta esker ona adieraziz: “Bermeok bere historiaren zaindari handienetako bat galtzen du; bere memoria maite eta zaindu zuen gizona”.
Nemehk gogoratu du Uriartek bere bizitzaren “zati handi bat” Bermeoko historia ikertzen, ezagutarazten eta zabaltzen eman zuela, belaunaldi askori herriaren memoria eta ondarea ezagutzen laguntzeko asmoz: “Guk lankide bat galdu dugu. Udal honetan urte luzez herriaren alde lan egin duen pertsona bat. Baina Bermeoko ere galera handia izan du”.
Alkateak azpimarratu du Uriarteren ekarpena ez zela bere jardun profesionalera bakarrik mugatu, bere jakintza eta esperientzia “herriaren zerbitzura” jarri zituela nabarmenduta. “Ezagutza ez zuen beretzat gordetzen; bermeotarrekin partekatzen zuen, herri honi zion maitasunagatik eta bere lanari zion begiruneagatik”, gogoratu du.
Era berean, herrigintzan eta jardun politikoan izan zuen konpromisoa azpimarratu du, baita bere balio eta sinesmenei azken momentura arte eutsi izana ere: “Bere ideiei leial bizi izan zen, eta bere balioei leial joan zaigu”. Izan ere, Nemehk esan du Uriartek azken momentura arte eutsi ziela bere printzipioei, alegia, justizia sozialari, euskarari, kulturari eta Bermeoren etorkizunari.
Horien guztiak kontutan izanda —hau da, Uriarten ibilbidea eta hark herriari egindako ekarpena— hartu du udal gobernuak Uriarte Bermeoko Semen Kuttun izendatzeko erabakia. Gainera, udalak bere doluminik zintzoenak helarazi dizkie Uriarteren senide, lagun eta gertuko guztiei: “Bitorren izena, lana eta ondarea Bermeoko historiaren eta bihotzaren parte izango dira beti”.