Bitor Uriarte, euskaltzale eta herrigintzaren aldeko langilea
Bermeoko herrigintzaren alde gogor lan egindako Bitor Uriarte bermeotarra zendu da. Tokiko eragile, norbanako, alderdi politiko eta hezkuntza zentroek Uriartek egindako beharra oroitu eta eskertu dute.
Argazkia: Bermeoko EH Bildu Isilean, eskuzabaltasunez eta umiltasunez lan egiten duten horietakoa izan da atzo (ekainak 18) zendu zen Bitor Uriarte bermeotarra. “Minez” jaso dute herritarrek haren heriotzaren berri, eta hark urte luzez herrian eta herrirako egindako lana aitortu eta eskertu diote.
Euskaldun konprometitua izan zen Uriarte, bere herria, hizkuntza eta kultura “bihotz-bihotzez” maite zituena, eta horren alde egiteko konpromisoa hartu zuena. Herrigintzaren ikur, herriaren alde lan egin zuen beti, isilean askotan, baina “irmotasunez eta eskuzabaltasunez”, udal ordezkarien berbetan. Izan ere, azken hiru urteetan zinegotzi legez ibili da, Udal Liburutegiaren eta Artxiboaren arduradun gisara, eta haren “hutsune handia” nabarituko dutela adierazi dute Bermeoko Udaletik.
Gertukoa, adeitsua eta edonorekin berba egiteko prest zegoena. Halakoa zen Uriarte, eta gertutasun horretatik egiten zuen lan beti. “Herrikideekiko zuen maitasunak arrasto sakona utzi du gure komunitatean”, onartu dute udal gobernu taldeko lagunek. Tristuraz, baina esker onez gogoratzen dute berarekin egindako bidea, eta adierazi dute hark utzitako oroitzapenek “bizirik” iraungo dutela Bermeoren memorian. Dolu eta elkartasun adierazgarri modura, udaletxeko banderak masta erdian jarri dituzte gaurkoan (ekainak 19).
Zinegotzi eta herritar gisara “zintzotasuna, jakinduria eta konpromisoa” zirela haren ondare nagusia azpimarratu dute Bermeoko EH Bilduko kideek: “Asko eman zigun eta asko ikasi genuen berarekin. Gaur triste gaude, baina baita eskertuta ere, harekin bidea partekatu ahal izan dugulako. Joan da pertsona, baina geratu dira bere balioak, bere lana eta herri honi egin zion ekarpena“. Izan ere, nabarmendu dute “memoria, justizia soziala eta askatasuna” defendatu zituela bizitza osoan, “ezagutza zabalduz eta herri hobe baten alde lan eginez”.
Eta, ezagutza zabaltzeko lan horretan, Bermeoko Institutuko irakasle izan zen urte luzez, baita zuzendari ere. Institutuko komunitateak “tristura handiz” hartu du haren heriotzaren berri, eta institututik dolumin zintzoenak helarazi dizkiete haren senide eta gertukoei. Halaber, esan dute Uriarteren lanak eta hark utzitako oroitzapenek beti izango dutela lekua institutuan: “Bere lanak eta utzitako oroitzapenek beti izango dute lekua gure komunitatean”.
Kultur zein ondare arloan Uriartek egindako ekarpenak ere nabariak izan dira Bermeon. Besteren artean, Fernando Hierrok Bermeo Uriaren historia irudietan izenpean kaleratu zuen argitalpenean parte hartu du berriki; izan ere, 2016an Hierrok Uriarte historian adituarengana eta Aingeru Astui Arrantzaleen Museoaren zuzendari ohiarengana jo zuen, udalerriaren historia irudikatzeko aholku eske, eta hauek eskaerari erantzun eta aholkulari lana osatu zuten. Bestalde, herriko toponimia ere aztertu zuen Uriartek Irune Allikagaz batera, eta Bermeoko toponimia liburua argitaratu zuten. Proiektuaren helburua izan zen herriko toponimia berreskuratzea eta normalizatzea, “erabiltzen ez dena galdu egiten delako”.
Bermeoko ondare materiala eta immateriala bildu eta zabaltzeko lan egiten duen Asier Romerok ere gogoratu du Uriarteren lana, eta eskerrak eman dizkio egin duen lanagatik: “Pasioa ezin da inoiz aldatu, eta zurea Bermeo zen. Entzun eta gozatu besterik ez zen egin behar”.
Euskaltzalea zen bermeotarra, baita euskaldun konprometitua ere. Konpromiso horren isla da Busturialdeko Hitzaren sorreran lan egin izana ere. Egunkariaren sortze prozesuan buru-belarri ibili zen Uriartek, beste herritar batzuk lagun zituela, herriz herriko zein tokian tokiko eragileekin batuz eta proiektua azalduz. Kultur, kirol, hezkuntza… alor askotako ordezkariekin elkartu ziren, baina Uriartek euskara taldeek eta euskaltegiek “garrantzi edo protagonismo handia” eduki zutela gogoratu zuen Busturialdeko Hitzaren 15. urteurrena ospatzeko prestatutako bideoan, Jose Ramon Muruaga eta Jose Luis Bilbaogaz batera. Hor ere, parte hartzeko eta Busturialdeko Hitzari laguntzeko prest agertu zen, eta lantalderekiko gertutasunez lan egin zuen beti.
Haren omenezko hileta elizkizuna astelehenean [ekainak 22], 19:00etan izango da, Bermeoko Eupeme deunaren parrokian.