Unai Argaratek irabazi du ikasturteko azken Ezetz Jakin lehiaketa
Nagore Andrinuak jaso du parte hartzaile guztien artean zozkatzen den saria. Ikasturteko azken saria izan delarik, orain artekoaren "balorazio positiboa" egin dute Gernikako Berbalagunek.
Ikasturteko azken saria banatu dute Gernika-Lumoko Berbalagunek: Unai Argaratek irabazi du ekaineko Ezetz Jakin lehiaketa. Azaldu dutenez, orain arteko sariak tabernen eskuetatik jaso dituzten arren, azken hau Gernika Garbiketak enpresaren eskutik jaso dute, eta irabazleak etxeko bi alfonbraren garbiketa zerbitzu profesionala jaso du. Ekainean 91 lagunek bete dute galdetegia, “oso kopuru polita” Berbelaguneko kideen berbetan, eta parte hartzaile guztien artean zozketatzen den saria Nagore Andrinuak jaso du; 20 euroko bonoa izango du, datozen irailera arteko epea du herriko establezimenduetan gastatzeko.
“Oso pozik” agertu dira beste behin Gernika-Lumoko Berbalaguneko kideak, eta ikasturteko azkena izanik, orain artekoaren balorazio positiboa egin dute: “Oso balorazio ona egiten dugu, lehiaketako parte hartzea orain arteko bataz bestekotik gora ibili baita hilabete gehienetan, eta gainera taberna, jatetxe eta enpresa berriek parte hartu dute aurten. Oso eskertuta gaude guztien ekarpenagaz”.
Aurreratu dute, gainera, nahiz eta Ezetz Jakin lehiaketa bukatu duten, hurrengo ikasturtean ere lehiaketari eusteko asmoa dutela, eta hori azaroan ailegatuko dela. Hala ere, Berbalagunak urritik aurrera martxan ibiliko dira, eta emango dute ordurako antolatzen dituzten ekimenen eta taldeen berri ikasturte hasieran.