Mundakatzen prozesuaren proposamen hautatuenak argitara eman dituzte
76 botogaz, udalerrian erroldatutako egoiliarrentzako aparkaleku berriak eraikitzean jaso du mundakarren babesik handiena, 2026ko aurrekontu parte hartzaileen bozketa etaparen azken fasean.
Mundakatzen mundakarren aurrekontu parte hartzaileen bozketa fasea amaitu da, eta udalak argitara eman du botorik gehien jaso dituzten udal proiektuen zerrenda. Udal taldeak 50.000 euroko diru saila gorde du, herritarrek “beraientzako lehentasunezkoak diren hobekuntzak” aukeratu eta proposatu ditzaten.
Mundaka “hobetzen jarraitzeko” helburuz, udalak 62 proposamenen bideragarritasuna aztertu du, eta horietako 30 iritsi dira bozketaren azken fasea; azken tarte horretan, hain zuzen ere, herritarren atxikidurarik handiena eduki duten hamar egitasmoak hautatu dituzte. 76 botogaz, udalerrian erroldatutako egoiliarrentzako aparkaleku berriak eraikitzea lehenetsi dute mundakarrek. Bigarren eta hirugarren proiekturik bozkatuenak, hurrenez hurren, pilotalekuaren atzealdean skatepark estalia eraikitzea eta elizaren atzean surf-skate bizikleta kirol egokitu zirkuitua sortzea izan dira; 46 eta 35 boto jaso dituzte.
Ondoren, Talaiako jesarleku luzea konpontzearen (31 boto), negurako egokiak diren haur jolasak ipintzearen (29 boto) edota futbito zein saskibaloi kantxa sortzearen (27 boto) aldeko hautua egin dute herritarrek. Ez hori bakarrik: 22 boto eskuratu ditu gasolindegiaren aldamenean semaforoa ipintzeko proposamenak; beste horrrenbeste, udan bizikidetza arauak bermatzeko neurriak ezartzeak; 20 eta 17 boto eskuratu dituzte, azkenik, portutik Hondartzapeko bidera doan ibilbidea konpontzeak, alde batetik, eta Tribisarrospe parkearen estaldurak, bestetik.
Bozketa aldiaren ondoren, orain udal gobernu taldeari dagokio proposamen horien bideragarritasuna aztertzea; irizpide “teknikoak, ekonomikoak eta eskumenekoak” aintzatetsiko dituzte. Hori bai, herritarren babesik handiena jasotako proiektu iradokizunek “babesik handiena” jasoko dutela adierazi dute, beharrezkoa duen “inbertsio ekonomikoa” kontuan hartuta, alegia, betiere 50.000 euroko saila gainditzen ez badu.
Mundakatzen prozesuaren azkenengo urratsa proposamenetan oinarritutako behin betiko garapen plana aurkeztea izango da, eta hori “datozen asteetan” eroango dute aurrera. Bien bitartean, aurrekontu parte hartzaileen prozesuran parte hartu eta beraien botoa eman duten herritarrei “eskerrik beroenak” eman dizkiete udal ordezkariek.