Mundakako aurrekontu parte-hartzaileetan 30 proposamenen artean aukeratu dezakete herritarrek
2026ko Mundakako aurrekontu parte-hartzaileen prozesuarekin aurrera jarraitzen du Mundakako Udalak, eta hainbat hilabetez jasotako 62 proposamenen bideragarritasuna aztertu ostean, 30 proposamen heldu dira bozketaren azkenengo fasera: “Orain da garaia Mundakako bizilagunek udalerria hobetzeko lehentasunezko proposamenak zeintzuk diren erabakitzeko”.
Mundakatzen bozketa-fasea eguenean hasi zuen udalak, eta botoa eman gura duten herrirarrek domeka (ekainak 7), 23:59ak arte daukate horretarako tartea. Udalaren webgunean argitaratu dituzte 30 proposamenak, eta bertan dagoen loturaren bidez, pertsona bakoitzak hiru proposamenen aldeko botoa eman dezake: “Erroldatutako herritar guztiak erabaki kolektibo honetan parte hartzera animatzen ditugu”.
Bozketa fasea amaitutakoan, udalak proposamen bozkatuenen garapena aztertuko du, eta gero, gauzatuko dituzten proposamenen berri emango dute. Gogoratu dute proposamenen hautaketa boto kopuruaren eta behar den inbertsio ekonomikoaren arabera egiten dutela: “Hau da, boto gehien lortzen duen proposamenak lehentasuna izango du gauzatzeko, betiere 50.000 euroko partida gainditzen ez baldin badu”.
Jakinarazi dutenez, aurrekontu parte-hartzaileetan 55 pertsonak parte hartu dute eta 62 proposamen horien artean, 24 proposamen “konpondu edo hobetu beharreko” gaiei buruzkoak izan dira, eta 38, berriz, “ideia berriei” buruzkoak. Baztertu dituzten proposamenei buruzko argibideak ere eman ditu udalak; horiek baztertuta geratu dira gaur egun gauzatuta, planifikatuta edota gauzatze fasean daudelako, ez direlako ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak eta jasangarriak, udalaren eskumenak gainditzen dituztelako edota interes partikularra interes orokorraren gainetik lehenesten duelako.