Gorazarre egin, eta esker ona adierazteko eguna
180 pertsona elkartu ziren Euskal Australiar Alkarteak antolatutako senidetze bazkarian zapatuan [ekainak 13], Ereñoko Arita Berri jatetxean.
Busturialdetik eta Lea-Artibaitik Australiara joandako 46 herritar omendu zituzten. Hain zuzen ere, aurten urtez urte omenaldiak egitea erabaki dute, eta zapatuan 1929 eta 1945 urte bitartean jaiotakoen txanda izan zen.

Argazkia: Euskal Australiar Alkartea
Elkartearen presidente Esther Kortak esan modura, jendearen harrera “harrigarria” izan da, eta zapatuan elkartutako denei eskerrak eman dizkie: “Asko galdu ditugu bidean, baina bizirik daudenei omenaldiak egitea erabaki dugu, eta ikaragarrizko zabalkundea eman diogu, deialdi zabala egin dugu, baina ez genekien zenbat lagun batuko ginen. Parte hartze itzela izan da, eta eskertzeko da. Pozik geratu dira bai eurak, bai geu elkartekook”. Bazkalorduan zein bazkalostean aspaldi ikusi gabeko ezagunak eta lagunak batu, eta harremanak estutzeko aprobetxatu zuten.
Bazkalostean egin zuten omenaldi ekitaldia. Bertan, Euskal Australiar Alkarteko presidenteak Australiara joandako guztiei eta, oro har, emigrazioari buruzko hitzatzea eskaini zien. Ondoren, eguneko omenduak banan-banan atera ziren, eta Kortak eurei buruzko azalpen eta anekdotak kontatu zituen, “denek euren momentua edukitzeko”. Gainera, Australiako diasporagaz lotura estua daukan Iñaki Olanok ohorezko aurreskua eskaini zien: “Eurak izan ziren protagonistak. Denek egin zuten antzerako beharra, eta hori aipatu barik, euren biografiak eta anekdotak kontatu nahi izan genituen. Eurak harro sentitzea nahi genuen, eta pentsatzen dugu lortu genuela. Bazekiten oroigarri bana emango geniela, baina ekitaldia zelakoa izango zen ez zekiten, eta ez zuten espero”.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Ziortza Olano Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendariak, Ager Lejarraga Ereñoko alkateak, Asier Arrizabalaga Amorotoko alkateak, Joseba Goienola Berriatuko alkateak, Jon Lejarraga Gernika-Lumoko zinegotziak, Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapen Elkarteko kudeatzaileak, NaBo-ko (North American Basque Organisation) presidente izandako eta diasporaren alde lan asko egindako Steve Mendivek eta Manuel Lekuona Saria jaso berri duen Gloria Totorikaguenak eman zizkieten oroigarriak. “Diaspora globalaren katearen zati bat da Australiako diaspora, eta beste guztiekin lotzeko, eta beste diaspora batzuetako zenbait berton egon zirela aprobetxatuta, Mendiveri eta Totorikaguenari etortzeko esan genien. Euren presentzia garrantzitsua dela deritzogu. Diaspora global honetan denok gara dena, denok gara denaren parte. Denok gaude diaspora oso baten barruan, eta bakoitzak bere zatia ipinita, bat egiten dugu”, azpimarratu du Kortak. Egun hunkigarria pasatu zuten elkarrekin, eta elkarteko kideak “oso pozik” daudela adierazi du.
Agintariak ez ezik, Nafarroako Boomerang Australia Elkartearen ordezkaritza ere hurbildu zen Ereñora. Euskal Australiar Alkartekoekin hurbileko harremana daukate, helburu berari eutsita lanean ari dira, eta horien presentzia ere eskertu dute: “Bestalde, Australiako Perth hiritik hiru lekeitiar etorri ziren, migranteen seme-alabak. Egun bi arinago etorrita zeuden, eta horiei ere aipamena egin nien solasaldian. Sarritan etortzen dira, eta bazkaltzera etorri nahi zutela esan ziguten”.
