Denboraldiaren balantzea egiteko unea
Urdaibai Eskubaloi Taldeak denboraldi amaierako jaialdia ospatu zuen iragan zapatuan [ekainak 13]. 500 lagundik gora bildu ziren talde bazkarian. Isla Kale leporaino bete zuten zaleek.
Argazkia: Urdaibai Eskubaloi Taldea. Urdaibai Eskubaloi Taldeak egun osoko jaialdiagaz biribildu ohi du denboraldia, ekaina iristen den bakoitzero. Eskualdeko eskubaloiaren erreferenteak aurtengo jaialdia iragan zapatuan [ekainak 13] egin zuen, egun osoko egitarauagaz eta kluba osatzen duten eragileek lagunduta. Goizean, Bermeotik Mundakara arteko mendi martxa egin zuten, eta ibilaldi hark Santa Katalina baseliza inguruan eduki zuen helmuga.
Ermitaren aldameneko eremuan hamaiketakoa egin zuten lehenik, eta ostean zunba saioan nahiz umeentzako jolasetan bildu ziren taldekideak. Jokalaririk nagusienek, gurasoek edota zaleek lagunduta, trikipoteoa egin zuten eguerdian, udalerriko kaleetan barrena. Ondoren, 14:00etan, Santa Katalinako zelaigunera bueltatu ziren, umeen bazkaria egiten; nagusien txanda ostean iritsi zen. 520 lagun inguru bildu dira aurten klub bazkarian, “kopuru polita”. Hori bai, klubaren arratsaldeko sari banaketa ekitaldiak “jende askoz gehiago” elkartu zuen: “Kiroldegia kolore berdez jantzita eta harmaila denak lepo beteta dituela ikustea oso berezia da; urte osoko lanaren saria da une hori”.

Argazkia: Urdaibai Eskubaloi Taldea.
16:00retan, diskofestaz gozatu zuten gaztetxoenek, sari banatzea orduko. Isla Kale kiroldegiak hartutako agerraldi hartan, hain zuzen ere, klubeko jokalariei urte osoan zehar erakutsitako ekina, lana eta esfortzua saritu zizkieten. Hala benjamin, nola kimu mailetan, jokalari denek ala denek jaso ahal izan zituzten bai oroigarria, bai toalla. Ume mailatik seniorretara artean, guztientzako toallak banatu zituzten, baina klubaren talde bakoitzeko kide banak “jokalari iraunkorrenaren saria” ere jaso zuen.
Sari hori, kirol alorraz zuzenean erlazionaturikoa izan daitekeen arren, berez “kirolaz haragokoa” dela argitu dute klubeko ordezkariek: “Talde bakoitzeko entrenatzaileak jokalari bat omentzen du, urte osoan zehar erakutsitako jarrera onagatik, taldekideei emandako laguntzagatik edota klubari egindako ekarpenagatik; ikuspuntu humanistadun sariketa da, eta ez du zertan emaitzekin lotua egon”.
Denboraldi “aparta”.
Ikasturteak bereak eman ditu Urdaibai ETrentzat, eta “gogoangarria” izan da denboraldia: “Hainbat mailatan igoera faseak lehiatu ditugu, eta Bizkaiko Kopan txapeldun zein txapeldunorde izatea lortu dugu; pozarren egoteko motibo pila bat dago. Aurten jokalari gehiago jaso ditugu, eta ondo lan egitea erronka izan da klubarentzat. Hobetzeko asko dugu, baina ederto heldu diogu desafioari, eta frogatu dugu Busturialdeko zein inguruko eskubaloiaren ardatza garela”.

Argazkia: Urdaibai Eskubaloi Taldea.
Kadeteak, gazteak eta nagsi mailakoak abuztuaren amaieran hasiko dira hurrengo denboraldirako estreinako prestakuntza saioak egiten. Gaztetxoenak, berriz, hezkuntza zentroetako ikasturtearen hasieragaz batera gehituko zaizkie.