400 kilo hondakin baino gehiago batu dituzte erreka ingurutik
Let's Clean Up Euskadi Europako kanpainagaz bat egin zuten Gernika-Lumon, eta ingurunea kontserbatzeko beharra eta konpromisoa sustatu zituzten erreka garbiketan bildu ziren bizilagunen zein kolektiboen artean. Berreskuratutako materialen artean, pneumatikoak, hondakin metalikoak edota plastikozko ontziak bildu zituzten.
Gernika-Lumoko erreka garbiketan bildutako boluntarioetako batzuk. Gernika-Lumoko Udala 400 kilo hondakin baino gehiago bildu zituzten herritarrek atzo (ekainak 14), Gernika-Lumoko ibai ingurutik; meandroan eta kiroldegi aurreko aparkalekuko erreka inguruan batu zuten hondakina. Udalak Let’s Clean Up Euskadi Europako kanpainagaz bat egin zuen udalak, Gernika Subek eta Gurutze Gorriak, eta ingurunea kontserbatzeko beharra eta konpromisoa sustatu zituzten bertan bildu ziren bizilagunen zein kolektiboen artean.
Izan ere, egitasmoak hainbat eta hainbat boluntario bildu zituen Oka ibaiaren inguruko hainbat tokitan, erreka ertzetan pilatutako hondakinak biltzeko helburuz. Ordubete eta erdian berreskuratutako materialen artean, pneumatikoak, hondakin metalikoak, plastikozko ontziak, beirazko botilak, altzari piezak, bidoiak eta bertara jaurtitako denetariko hondakinak zeuden, “ingurumen kalitateari zein ibai paisaiari kalte egiten zietenak”. Gero, bildutako horiek sailkatu eta kudeatu zituzten bertan bildutakoek, behar bezala tratatzen zirela bermatzeko. “Kendutako objektuen kantitate eta aniztasunak agerian utzi du kontrolik bariko isurketek gaur egun oraindik ere eragina dutela balio ekologiko handiko naturguneetan”, adierazi zuten boluntarioek.
Udaleko Ingurumen sailak, Gernika Subek eta Gurutze Gorriak bultzatutako ekimenak bi helburu zituen: batetik, ingurune naturalaren egoera hobetzea, zuzeneko parte hartzearen bidez; eta, bestetik, herritarrak sentsibilizatzea hondakinek erreketan, hezeguneetan edota naturguneetan duten eraginari buruz.
Jon Lejarraga ingurumen zinegotziak parte hartzaile guztien “inplikazioa” eskertu du, eta nabarmendu du erretiratutako hondakinetatik harago, horrelako jarduerek balio dutela gogorarazteko ibaiak babestea erantzukizun partekatua dela.