826 txirrindulariko tropela elkartuko du Oiz Erronkak
XVI. Oiz Erronka-Jabi Amorrortu Martxa Zikloturistak ia 1.000 ziklistako parte hartzea edukiko du. Etzi [ekainak 13], Busturialdeko zein Lea-Artibaiko errepideak zeharkatuko dituzte 08:00retan hasita. 826 txirrindulari ariko dira aurten, iaz baino “apur bat” gutxiago, Aixerrotape Zikloturista Elkarteko kideen arabera. Hori bai, elkarteak aurten zuzendaritza taldez aldatu duela eta talde berriaren lehen Oiz Erronka izango dela aintzat izanda, “oso pozarren” daude antolakuntza prozesuagaz eta “txirrindularien erantzunagaz”.
Ibilbide ertainak hartuko du parte hartzerik esanguratsuena: 360 lagunekoa. 128 kilometrotan 2.190 metroko desnibela metatuko zaie hanketan martxalariei. 164 kilometro eta 3.120 metroko desnibeldun ibilbide luzeak 261 izen emate eduki ditu. 72 kilometro eta 1.260 metroko desnibeldun ibilbide laburrak 205 laguneko parte hartzea edukiko du.
Gidarientzako oharrak.
Aukera luze eta ertainekoak izango dira irteera hartzen lehenak; martxa laburrekoen txanda 10:00etan izango da. Hala, bi ordu horien bueltan martxak eragina eduki dezake Gernika-Lumo inguruko errepideetan. Ibilbideek San Juan kalean izango dituzte irteera zein helmuga. Beraz, kale hori motordun ibilgailuentzako zarratuta egongo da, 07:30etik 18:00retara.