Hamaseigarren Oiz Erronka, betikoa baina berritua
Ekainaren 13an egingo duten Oiz Erronka Martxa Zikloturistikoa aurkeztu dute, Gernika-Lumoko Neguetxean. Roberto Laiseka izango da probaren hamaseigarren aldeko omendua, baina aurkezpenean Pello Bilbaok ere omenalditxoa jaso du, denboraldi amaieran erretiroa hartuko duelako.
Aixerrotape Txirrindulari Elkarteko orainarteko zuzendaritza taldea, erreleboa eman dion talde berriagaz. Aixerrotape Txirrindulari Elkarteak euskal egutegi zikloturistean ezinbesteko data bihurtu den Oiz Erronka Martxa Zikloturistaren hamaseigarren aldia aurkeztu zuen atzo [maiatzak 8]. Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista legez ere ezaguna den proba ekainaren 13an [zapatua] egingo dute, eta gaur gaurkoz, 800 txirrindularitik gora aterako dira irteera lerrotik. Izan ere, oraindik zalantzati daudenek bihar [maiatzak 10] dute izena emateko azken eguna.
Aurreko urteetan bezala, Aixerrotapekoek hiru ibilbide prestatu dituzte Urdaibaiko Biosfera Erreserba zeharkatzen duen proba “maila guztietara egokitu” asmoz: Gozatu Urdaibai iraupen martxa, Bizkaiko Kostaldea iraupen erdiko martxa eta Oiz Erronka iraupen luzeko martxa. Iraupen martxa 72 kilometroko eta 1250 metro positibo inguruko desnibel metatudun ibilbidea izango da eta iraupen erdikoa, ostera, 128 kilometro eta 2.220 metro desnibelduna izango da. Oiz Erronka ibilbidea izango da luze zein gogorrena, 164 kilometrok eta 3.120 metroko desnibel metatuak osatuko baitute. Proba laburrena egingo dutena 10:00etan aterako dira eta beste bietakoak, ostera, 08:00etan. Gernika-Lumon hasi eta bukatuko dira denak.
Beste urte batez jendearen erantzunagaz “pozik”, emakumezkoen izen ematea nabarmendu zuten Aixerrotapekoak aurkezpenean: “100 emakume inguruk daude izena emanda, eta gure helburu eta nahia zenbaki hori handitzen joatea da, parte hartzera animatu daitezela”.
Omenaldiak.
Gorka Gerrikagoitia, Bingen Fernandez, David Seco, Beñat Intxausti, Igor Astarloa, Eneritz Iturriaga, Fede Etxabe eta Jesus Ruiz eta Pedro Rio dira Aixerrotape Txirrindulari Elkarteak Oiz Erronkaren edizio ezberdinetan omendutako txirrindularietako batzuk. Aurten ohituragaz jarraituko dute, eta Roberto Laiseka txirrindularia izango da omendua.

Laisekak ezin izan zuen aurkezpen ekitaldian parte hartu, Emakumezkoen Espainiako Itzulian lanean zegoelako, baina Neguetxean elkartu zirenek txalo artean gogoratu zuten txirrindulariaren ibilbide profesionala: 12 urteko ibilbide profesionalean Espainiako Itzuliko hiru etapa eta Euskal Bizikletan eta Frantziako Tourrean etapa bana irabazi zituen gernika-lumotarrak
Aixerrotapekoek baina, “omenaldi xumea” egin nahi izan zioten Pello Bilbao gernika-lumotarrari ere, Euskal Herriko Itzuliko azken etapan aurtengoa profesional mailan lehiatuko duen azken denboraldia iragarri baitzuen.
Antzuola – Bergara etapari ekin aurretik jakinarazi zuen Bilbaok bere erabakia, eta apirilaren 11koa “egun berezia” izan zela aitortu zuen atzo: “Nire lasterketa gogokoenean parte hartuko nuen azken aldia zenaz kontzientea nintzen, eta gainera, bukaeraraino garaipenaren lehian sartuta ibili nintzen. Itzulia berezia izan zen, beti esaten da lehenengo berezia dela, baina azkena ere bai. Asko disfrutatu nuen”. Itzulia amaitzean hainbat euskal txirrindulari goi postuetan ikustea “pozgarria” izan zela adierazi zuen.
Hamabost urte daramatza gernika-lumotarrak txirrindularitzaren goreneko mailan lehiatzen eta profesional gisa hamazazpi garaipen eskuratu ditu, Bere ibilbidean hainbat taldetatik igaro da: Orbea-Oreka, Euskaltel Euskadi, Caja Rural, Astana Team eta Team Bahrain Victorious: “Etapa denak izan dute zerbait berezia. Euskaltel Euskadiko lehen etapan agian ardura handiegirik gabe disfrutatzen nuen, ia-ia jolasean banengo bezala. Caja Ruraleko aroa ere asko gustatu zitzaidan, ardura eta lidergoa hartuz joan nintzen, garaipenak lortu ahal nituela sentitzen hasita. Astana taldea ere berezia izan zen, lehenengoz proba handi batean garaipena lortu ahal izan nuen, Italiako Giroko bi garaipenekin. Baina bai, agian etapa bereziena azkena izan da, Bahrain Victorius taldeagaz nire emaitza onenak lortu ahal izan ditudalako. Sekula pentsatuko ez nukeen tokira iritzi naiz”. Bere ibilbide profesionalak gaur arte utzitakoagaz “zorioneko” sentitzen da gernika-lumotarra, baina orain “beste talde batera” jausi egin eta “kirol osasuntsuagoa praktikatzeko” garaia iritsi zaiola uste du.

Jabi Amorrorturen senideek Peio Bilbao omendu zuten
Oiz Erronkan hainbat aldiz parte hartu du Bilbaok, baina erretiroa hartuta dagoela, Aixerrotapekoen martxa zikloturista agendan apuntatuta geratuko zaion hitzordua izango dela nabarmendu zuen: “Agendan markatuta geratuko da Oiz Erronka. Orain arte ere hainbat aldiz parte hartu ahal izan dut, eta polita da horretaz ere disfrutatu ahal izatea, Tourraz eta Giroaz harago, etxekoekin ere disfrutatu ahal izatea. Azkenean etxekoak dira beti gertuen daudenak, beti animatzen zaituztenak. eta egun bat elkarrekin igaro ahal izatea luxua da”.
Azken denboraldia bukatzear badu ere, etorkizun hurbilerako dituen planak ere aurreratu zituen txirrindulariak: “Ez dut uste goi mailako txirrindularitzan jarraituko dudanik. Urte hauetan guztietan gehien faltan bota dudana etxekoekin eta lagunekin denbora gehiago pasatzea da, eta ez dut errutina horrekin jarraitu nahi”. Halere, ez du guztiz baztertzen txirrindularitzari lotuta jarraitzea: “Baliteke txirrindularitzan, gazteekin edo, lan egitea ze, azkenean, beti disfrutatu dudan zerbait da txirrindularitza”.
Bilbaok ez du erabakirik prisaz hartu hartu nahi, eta aurtengo denboraldia amaitzeke duelarik, oraindik hamaika errepidetan pedalkadak ematea tokatuko zaio. Horiek eginda, datorren urtea “hutsik” ustea erabaki du: “Datorren urterako ez dut planik, urte bat hutsik pasatuko dut, lasai, disfrutatzen”.
Kirolari moduan “zorte handia” izan duela uste du, eman duena baino gehiago jaso duela trukean; orain balantza hori orekatu nahi du. Lan hori baina, aspaldi egin duela uste dute Aixerrotapekoek, eta horregatik, egindako ibilbideagatik zoriondu eta egindako ekarpena eskertu asmoz, Jabi Amorrorturen senideek lore sorta oparitu zioten.
Gazteen erreleboa.
Oiz Erronkaren 16. aldiaren aurkezpena Aixerrotape Txirrindulari Elkartearen zuzendaritza talde berria aurkezteko ere baliatu zuten atzo. Ziklo aldaketa “naturala” izan dela nabarmendu zuen Carlos Rementeria presidente berriak.
“Duela hamasei urte hasi ginen elkarte txiki bat bezala, Jabi Amorrotu buru zela. Bere indarragaz lortu genuen horrelako proiektu bati hasiera eman eta aurrera eramatea”, gogoratu zuen presidente berriak. Gerora, 2013an, beste “talde indartsu bat” sortu zen elkartean, Agustin Mateosen gidaritzapean Oiz Erronka “sendotzea” lortu zuena. Rementeriaren ustetan, besteak beste Mateosek, Rafa Mateosek, Gorka Markosek, Joseba Zelaiak, Iban Arevalok eta Jose Luis Madariagak egindako lanak ahalbidetu dute gaur egun martxa Bizkaia mailan zein Euskal Herria mailan “kirol ekitaldi oso esanguratsua” izatea. Ziklo aldaketagaz, datozen urteetan Erlantz Diez, Vicky Aretxederra, Alberto Martin eta Aritz Bilbao izango ditu bidelagun presidenteak.

Oiz Erronkaren antolakuntzan aurrerapausoa eman duen gazte taldea, Carlos Rementeria presidente berriagaz.
Martxa zikloturista aurrera eramateak urte guztian zeharreko “lan handia” suposatzen duela azpimarratu zuen Rementeriak aurkezpenean, aurten hori egin ahal izateko sei bazkide gazteren laguntza eta konpromisoa izan ditutela zehaztuta: Unai Amorrortu, Alex Lamikiz, Asier Urionabarrenetxea, Asier Rementeria, Iñaki Argatxa eta Antxon Idarraga izan dira, hain zuzen, antolakuntzaren lekukoa hartu dutenak. Hainbat urtez martxaren antolakuntzan buru-belarri lanean ibili eta gero, Mateos “pozik eta harro” agertu zen belaunaldi berriak aurten egindako lanagaz.
Orain arte egindako lana goraipatu beharra azpimarratu zuen beste behin Rementeriak. Gainera, gazte taldearen lehen aldia izanik aurten martxan “akatsen bat edo beste” ikustea posible dela uste badu ere, “etorkizuna oparoa” dela zehaztu zuen.