Guggenheim Urdaibai Stop plataformak Muruetako teileria izandakoa babesteko eskatu du
Muruetako Teileria dagoen eremua itsas-lehorreko jabari publikoaren mugaketa aldatzeko aukeraren aurrean, herri plataformak Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Muruetako Udalari eskatu die teila eta adreilu fabrika zaharraren aztarnek osatzen duten multzoa babesteko.
Muruetako Teileria zaharraren ondare-babesa “formalki eskatu” du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak, Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak eremu horretako itsas-lehorreko jabari publikoaren “mugaketa aldatzeko prozedura abiatu” duelako. Tximiniak, Hoffmann labeak eta gainerako egitura industrialak osatzen duten multzoa babestea exijitu dute.
Lursail horiek itsas-lehorreko jabari publikoan sartzeko aukerak eremuaren esparru juridikoa “nabarmen aldatzen” badu ere, Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak ez duela “kultura-ondarea babesten” esan dute: “Jabari publikoaren gaineko erabilerak eta esku-hartzeak arautu ditzakete, baina ondare-babesa kultura, ondare eta hirigintza arloetan eskumena duten erakundeei dagokie”.
Horrenbestez, hiru erakunderi egin dizkiete eskaerak. Batetik, Eusko Jaurlaritzari, multzoa Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatzeko espedientea abiaraztea edo, subsidiarioki, Babes Ertaineko Kultura Ondasun gisa izendatzea eskatu diote. Bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiari, multzoaren ondare-balioa aztertzeko eta babes- eta kontserbazio-neurriak bultzatzeko eskaera luzatu diote. Azkenik, Muruetako Udalari, tximinia, labea eta horiei lotutako aztarnak udaleko Ondasun Babestuen Katalogoan “babes-maila nahikoarekin” sartzeko eskatu diote.
Babestu beharreko esparrua Urdaibaiko estuarioari lotutako industria-paisaia oso bat dela nabarmendu dute: “Balio historiko, industrial, arkitektoniko, paisajistiko eta kulturala duen gune baten aurrean gaude”. 32 metro inguruko adreiluzko tximini industrialaz gain, Hoffmann motako labea, fabrika-eraikinen aztarnak, zeramika-ekoizpenari lotutako espazioak eta garraioarekin lotutako elementuak (trenbideko geraleku zaharra eta ontziralekua) daude bertan: “Maiatzaren 5ean, apeo ekitaldia egin zen; tramite horren bidez, Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak mugaketa berriaren behin-behineko lerroa erakutsi zuen. Berrikuspen horrek M-56 eta M-65 erpinen arteko tarteari eragiten dio gutxi gorabehera, eta 2024ko irailaren 19ko ekinozio-marea bizi gorenaren ondoren dator. Orduan, egiaztatu zuten urak ia lursail osoa hartu zuela, trenbideari eusten dion ezpondaraino iritsiz. Euskal Herriko Itsasertz Mugartearen dokumentazioak berak jasotzen du eremu horrek Teileria izena duela, bertan antzina teila fabrika bat egon zelako, eta gaur egun oraindik ere haren egosketa-labea eta tximinia kontserbatzen direlako”. Plataformaren ustez, datu hori “funtsezkoa” da, eta lurzoruaren sailkapen-aldaketa “ezin da izapide administratibo huts gisa hartu”.
Teileria babestea Urdaibairen “historia bizia babestea” dela aldarrikatu dute, eta plataformako kideen iritziz, “ezinbestekoa” da mugaketa-prozesua amaitu baino lehen edo prozesu horretan bertan jardutea: “Eta ez dezatela hondatu, eraitsi edo ez dadila gertatu esku-hartze desegoki bat, kaltea atzeraezina denean. Muruetako Teileria ez da baliorik gabeko hondakin bat. Industria-memoria da, kultura-paisaia da eta Busturialdearen ondarea da”.