EAJk eta PSEk aurkeztu berri duten lege-proposamenarekiko kezka agertu dute Zain Dezagun Urdaibaik eta Guggehmein Urdaibai Stopek
EAJ-PNVk eta PSE-EEk ekimen legegile bat aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean, "interes publikoko proiektu industrialetarako epeak %75era arte murrizteko". Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babestu eta Antolatzeko 5/1989 Legeari eragiten dioten atal guztiak "kentzea edo sakon aldatzea" eskatu du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak.
Jarduera ekonomiko iraunkorra sinplifikatzeko eta arintzeko premiazko neurriei buruzko lege proposamena aurkeztu zuten EAJren EBBko presidente Aitor Estebanek eta PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak eguenean, Eusko Legebiltzarrean. Ekimen legegile horrek interes publikoko proiektu industrialetarako epeak “%75era arte murrizteko” aukera jasotzen du.
Lege proposamen horrek Urdaibaiko Biosfera Erreserban izan dezakeen eragina aztertuta, kezkatuta agertu dira Guggenheim Urdaibai Stop plataforma eta Zain Dezagun Urdaibai elkartea.
Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babestu eta Antolatzeko 5/1989 Legeari eragiten dioten “atal guztiak kentzea edo sakon aldatzea” eskatu du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak. Bertako kideen ustez, “Urdaibairentzat ez da arau neutroa”, eta proposamenak “berariaz aldatzen du” Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babestu eta Antolatzeko 5/1989 Legea, espazio horren babes juridikoaren oinarrizko araua: “5/1989 Legeari eragiten dion edozein aldaketa gardentasun osoz, benetako parte-hartze sozialarekin, txosten tekniko eta ingurumen-txosten zorrotzekin eta prebentzio-printzipioa erabat errespetatuz izapidetzea eskatzen dugu. Biosfera Erreserba bat ezin da administrazioaren azkartasunaren logikaren edo unean uneko interes ekonomikoen menpe jarri”.
Bai plataformaren, bai elkartearen ordezkarien hitzetan, lege-proposamenak aisialdiagaz eta itsas jardueragaz lotutako erabilera berriak ahalbidetzen ditu “estuarioko eremu sentikorretan”.
Lege-proposamena burokrazia-epeak laburtzeko edo arintzeko eta interes ekonomikotzat jotzen diren proiektuak errazteko tresna modura aurkeztu dute, baina plataformatik eta elkartetik adierazi dute Urdaibairen kasuan, edukia administrazio-sinplifikazio hutsetik “askoz harago” doala: “Erreserbaren barruan baimendutako erabileren araubidea aldatzen du. Zehazki, proposamenak P1.2 izeneko eremu-kategoria berria sortzen du, mareaz gaindiko, marearteko edo marea azpiko eremuetan erabilera nautiko-aisialdikoak ahalbidetzeko. Eremu horietan aisialdiko ontziak amarratzeko, ainguratzeko eta atrakatatzeko itsas instalazioak baimenduko lirateke, baita bidaiariak ontziratzeko eta lehorreratzeko jarduerak ere. Halaber, zenbait eremutan motordun nabigazioa, bainu-eremuak egokitzea eta dragatze kontrolatua aurreikusten dira”.
Zain Dezagun Urdaibaiko kideen aburuz, izapide-epeak murrizteko lege-proposamenak “zenbait arrisku” dauzka; udalen autonomian edo erabaki-ahalmenean zein ingurumen eta lurralde bermeetan eduki lezakeen eraginagatik kezkatuta daude, horiek “murriztuko” liratekeelako: “Udalek beren plangintzari, lizentziei eta aurretiazko hirigintza-kontrolari buruz erabakitzeko duten gaitasuna murrizten du proposamenak. Udalerriek txosten eta alegazioen bidez parte hartzen jarraituko lukete, baina erabaki nagusia Eusko Jaurlaritzara bideratuko litzateke, proiektu bat interes publiko gorenekotzat jotzen denean. Horrek Konstituzioak aitortutako toki-autonomiaren benetako edukiari eragin diezaioke”. Bestalde, ingurumen-txostenetarako prozedurak azkartzeak izan ditzakeen ondorioengatik ere kezkatuta daude: “Proposamenak ez du ingurumen-ebaluazioa ezabatzen, baina prozedura azkarragoetan eta epe tasatuekin integratzen du. Eremu babestuetan, itsasadarretan, itsasertzean, landa-lurzoruan, mendietan edota biodibertsitatean eragina duten proiektuetan, azelerazio horrek azterketa teknikoaren eta sozialaren sakontasuna murriztu lezake”.
Guggenheim Urdaibai Stop plataformakoentzat lege-proposamen hori “dinamika kezkagarri baten” barruan kokatzen da. Jasangarri gisa aurkeztu izana kritikatu dute, “praktikan, ingurumen-bermeak ahuldu eta Urdaibain esku-hartze berriak erraztu ditzaketen proiektu edo erreformak” ahalbidetzen dituelako: “Izapideak arintzeak ezin du babesa ahultzea esan nahi. Sinplifikatzea ezin da desbabestearen sinonimo bihurtu. Eta Urdaibai ezin da orain arte bere hauskortasun ekologikoagatik mugatuta zeuden erabilerak sartzeko laborategi legegile bihurtu”. Urdaibairen etorkizuna babesaren, lehengoraratze ekologikoaren eta herritarren parte-hartzearen ikuspegitik erabaki dadila aldarrikatu dute.
Zain Dezagun Urdaibaiko kideek zehaztu dutenez, parte-hartze publikorako eskubideari ere eragiten dio EAJk eta PSEk aurkeztu berri duten lege-proposamenak. Izan ere, prozedura asko epe laburretan biltzen ditu, eta horrek “zaildu” egin dezake herritarrek, udalek eta gizarte-eragileek espediente konplexuak aztertzeko, alegazio informatuak aurkezteko eta modu eraginkorrean parte hartzeko izan dezaketen gaitasuna: “Ingurumen-arloan, 17. artikuluak Euskadiko Ingurumen Administrazioaren Legea aldatzen du, eta informazio publikoko leihoak eta txosten egokiagoak ezartzen ditu, bereziki 33., 36. eta 38. artikulu berrien bidez. Kontzentrazio horrek zaildu egin dezake horien parte hartzea”.