Euskaraz bizitzeko "behar den dena" aldarrikatuko dute Iruñean
Iruñea euskararen aldeko mobilizazio handi baten epizentroa izango da zapatuan (ekainak 13), 'Euskaltzaleon Martxa' lelopean mobilizatuko baitira Euskal Herri osoko euskaltzaleak. Bertara joateko autobusa antolatu dute euskaltzaleek Gernikatik; tiketak eskuragarri daude.
Iruñea euskararen aldeko mobilizazio handi baten epizentroa izango da zapatuan (ekainak 13). Izan ere, Euskaltzaleon Martxa lelopean mobilizatuko dira Euskal Herri osoko euskaltzaleak, Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten eragileen deiari erantzunez. Bertan, euskaraz bizitzeko “behar den dena” exijituko dute: ofizialtasun osoa, hizkuntza politiketan jauzia eta euskaltzaletasuna. “Euskal Herri osoko euskaltzale guztiak deitzen ditugu Euskaltzaleon Martxan parte hartzera. Mundua euskararen eta euskaldunon aurka datorren honetan, guk euskara dugu munduaren alde”, esan dute.
Eta, asko dira, Iruñeara joateko mobilizatu diren eragile eta herritarrak. Esaterako, Gernika-Lumon euskaltzaleak batu dira, eta Iruñeara joateko autobusa antolatu dute elkarlanean Seber Altube Ikastolak, Seberbazek, Mobiduk, AEK-k, Busturialdeko Hitzak eta Berbalagunek. Jakinarazi dutenez, autobusa 12:ooetan irtengo da Gernika-Lumoko autobus geltokitik, eta 20:00etan egingo du bueltako bidea. Tiketak 10 eurotan eskura daitezke hurrengo estekan, barikuko (ekainak 12) 14:00ak aurretik.
Azken hamarkadetan euskararen “berreskurapen ziklo bat” gertatu den arren, “gero eta gehiago” dira euskararen etorkizunari buruzko kezka eta larritasuna adierazten duten datuak eta ikerketak. Gainera, martxaren antolatzaileek ziurtatu dute zailtasun horiei gehitu behar zaiela “euskararen biziberritzearen aurkako egungo oldarraldi antolatua”.
Egoera hori izanda ere, sinetsita daude posiblea dela euskararen biziberritzeari bultzada ematea, Pizkunde berri bat eragitea. Baina, horretarako, “ezinbestekoa” dela euskaltzaletasunaren giharra indartzea adierazi dute: “Horretara dator zapatuko mobilizazioa, euskaltzaleok antolatzera, euskaraz bizitzeko baldintzak sortzera, euskaraz bizitzeko behar den dena aldarrikatzera goaz”.
Martxa arratsaldez izango da: 17:00etan Iruñeko hiru puntu ezberdinetan bilduko dira herritarrak: Antoniuttin, Runako Parkean eta Askatasun Enparantzan. Puntu horietatik Iruñeko kaleak harrotasunez beteko dituzten hiru zutabe abiatuko dira Gazteluko Plazara, bertan egingo baitute ekitaldi politikoa.
Hiru zutabe, hiru oinarri.
Zutabeetako bakoitzak euskarak behar duen Pizkunderako “ezinbestekoak” diren hiru oinarrietako bana ordezkatuko du: ofizialtasuna, hizkuntza politiketarako jauzia eta euskaltzaletasuna.
Lehenengo zutabeak, ofizialtasuna irudikatuko duenak, euskarak Euskal Herriko lurralde guztietan ofizialtasun osoa izan dezala aldarrikatuko du: “Ipar Euskal Herrian koofizialtasuna, Nafarroan euskararen zonifikazioa gainditzea eta Euskal Autonomia Erkidegoan oldarraldiaren ondorioz eragiten ari den desofizializazioaren aurrean euskararen normalizazioa blindatuko duen arkitektura juridiko berri bat aldarrikatuko du”.
Hizkuntza politiketan jauzi bat eragiteko beharra nabarmenduko du bigarren zutabeak, eta erakunde, alderdi eta eragile sozialak interpelatuko ditu, “euskararen ezagutza orokortuko duten politiken eta erabilera normalerako baldintzak sortuko dituzten neurrien alde egin lan behar dela irudikatzeko”.
Hirugarren zutabeak, aldiz, euskaltzaletasunaren ekarpena aldarrikatuko du: “Azpimarratuko du egunerokoan euskaltzale gisa jokatzearen garrantzia eta euskaltzaleak elkarrekin antolatzearen premia”. Ondorioz, antolatzaileek zapatuan (ekainak 13) Iruñeara joateko deia luzatu dute, euskararen alde egiten jarraitzeko.
EGITARAUA
11:00. Porrotx eta Zapotxin Santa Ana plazan, haurren txokoan.
Ondoren. Dindaiaren eskutik, Dindaikale haurrentzako jolasak Santa Ana plazan, haurren txokoan.
12:00etatik aurrera. Bermut Pintxada Laban, Posidonia Ozeanikarekin.
13:00. Gazte Euskaltzaleen Martxari harrera, Karmen kalean.
17:00. Denok zutabeetara: Runako parkea, Askatasun Enparantza eta Antoniutti parkea.
Ondoren. Ekitaldia Gazteluko plazan.
Gero. Kalejira Alde Zaharretik, ErripaBizirekin (EHEren eskutik).