"Arrakastatsua" izan da Bizkaiko kontserba sektorearen bigarren greba eguna
LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek deituta kontserba sektoreko langileak manifestazioan batu dira gaur [ekainak 8], Bermeon. Sindikatuen arabera, enpresa askotan ekoizpena "ia osorik" gelditu da.
Argazkia: LAB Apirilean lanuzte partzialak egin ostean, Bizkaiko kontserba eta arrain gazituen sektoreak bigarren greba eguna izan du gaur [ekainak 8], “hitzarmen duina” aldarrikateko. Langileek manifestazioan batu dira Bermeon, Bizkaiko Enpresen Konfederazioari mezu argia helarazi asmoz: “Negoziatzen hasi eta eta sektoreko langileen lan-baldintzak nabarmen hobetuko dituen edukirik mahaigaineratzen ez badu, gatazkak bere bidean jarraituko du helburuak lortu arte”. Bide horretan, etzirako [ekainak 10] ere greba eguna deitu dute, eta kalera aterako dira berriro, oraingoan, Ondarroan.
LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek adierazi dutenez, orain arteko “borroka egun guztiak oso arrakastatsuak” izan dira, Salica, Serrats, Zallo, Ortiz, Olasagasti, Aguirreoa, Marino eta Heisa bezalako enpresetan ekoizpena “ia osorik” gelditu baita.
Soldata “oso baxuak”.
Kontserba eta arrain gazituen sektorea “erabat feminizatua” den sektorea da, eta Bizkaiko elikadura-industrian tradizio handia badu ere, historikoki soldatak “oso baxuak” izan dira: “Lan hau etxeko soldata nagusiaren osagarri huts bat zelaren ideiari lotuta egon da”. Gaur egun baina, pertsona migratuen kolektiboa gehitu da sektorera: “Patronal honen arabera, badirudi horiei ere ez dietela soldata eta lan-baldintza duinik bermatu behar”, salatu dute sindikatu deitzaileek.

Argazkia: LAB sindikatua
Egoera horren aurrean, langileek “nahikoa dela” ozen oihukatu eta beraien enplegua eta lan-baldintzak duintzeko unea dela aldarrkatu dute. Izan ere, beraiena lan-karga “izugarriak” dituen sektorea da, “sarritan aitortu gabeko lanbide-gaixotasunak” eragiten dituena. Langileek bizi duten “ezegonkortasun” egoera ere mahaigaineratu dute Bermeon: “Aldi Baterako Lan Enpresen (ABLE) bidezko finko-etenkako kontratuek ez dute inolako egonkortasunik ematen eta sektoreko langileen prekarietatea betikotu besterik ez dute egiten”.
Hala, deituta dituzten greba egunek helburu argiak dituztela zehaztu dute: KPIa bermatuko duten soldata “duinak” lortzea, genero soldata arrakalari amaiera ematea eta lanbide-sailkapena “behar bezala baloratuko duten egiazko politikak” abiaraztea, ABLEei “mugak” jartzea eta kontziliazioan irabazteko, lanaldia murriztea. “Azken batean, sektorean lan egiten dugunoi duintasunez bizitzea ahalbidetuko diguten lan-baldintzak nahi ditugu eta patronalak lan-baldintzok nabarmen hobetuko dituen eskaintza egin arte eta gure helburua lortu arte, borrokan jarraituko dugu”.