Lanbide Ekimenak erakundeak bost proiektu bultzatuko ditu, "Gernikaldeko enpresa-lehiakortasuna indartzeko"
Lanbide Ekimenak erakundeak bultzatuko dituen bost proiektuek tresna praktikoak eta laguntza teknikoa eskaintzea bilatzen dute, trantsizio ekologikoa, merkataritza aktibazioa edo enpresa txiki-ertainen baliabide teknologikoetarako sarbidea bermatzeko.
Gernika-Lumoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiak eta BEAZek bultzatutako Bizkaia Orekan Sakonduz proiektuan parte hartuko du beste urte batez, eta 110.000 euro baino gehiago bideratuko dituzte iraunkortasunarekin, berrikuntzarekin, digitalizazioarekin eta enpresa kudeaketarekin zerikusia duten bost proiektu bultzatzeko. Ekimen gehienak eskualdeko garapen agentziekin lankidetzan garatuko dituzte, eta enpresa txiki eta ertainei laguntzera bideratuta egongo dira.
“Proiektuek eskualdeko enpresetan hautemandako arazo zehatzei helduko diete”, adierazi dute arduradunek. Eta, gehitu dute adierazitako ekimen hauek tresna praktikoak eta laguntza teknikoa eskaintzea bilatzen dutela, trantsizio ekologikoa, merkataritza aktibazioa edo enpresa txiki-ertainen baliabide teknologikoetarako sarbidea bermatzeko: “Izan ere, askotan, enpresek zailtasunak dituzte prozesu horiei ekiteko, denbora, baliabide edo barne egitura faltagatik”.
Enpresa txikiei eraldaketa ekonomikoaren erronkei aurre egiteko helburua dute diruz lagunduko dituzten bost proiektuek. Esaterako, Enpresa Berdea delako programak enpresei lagunduko die iraunkortasunean aurrera egiten, “aholkularitza espezializatuaren bidez”. Hala nola, karbono aztarnaren murrizketan edo hondakinen kudeaketan lagunduko diete, baita trantsizio ekologikoarekin lotutako laguntza publikoei buruzko informazioa ematen ere.
Salbide proiektuak, bestalde, merkataritza prozesuen hobekuntza eta merkatu eta bezero berrien bilaketa du jomuga. Badago Gernikaldeko enpresa datu basearen eguneratze lanetan ekingo duen proiektua ere, garapen ekonomikoko politikak lurraldeko errealitatera egokitzeko tresna zehatzagoa eta koordinatuagoa bilatuko duena.
BeTEK proiektu pilotua ere nabarmendu dute: proiektu honek berrikuntza ekosistema euskalduna ohiko baliabide horietatik kanpo geratzen diren enpresa txiki eta ertainetara hurbiltzea du helburu. “Programak enpresa txiki-ertainen eta eragile zientifiko teknologikoen arteko lotura zuzenagoak sortzea bilatzen du, aplikatutako berrikuntza proiektuen garapena errazteko”, azaldu dute.
BideLagunek, aldiz, enpresentzako laguntza indibidualizatua jarriko du arreta, diagnostikoen eta ahokularitzaren bidez, “estrategia, talentua edo finantza kudeateka ekonomikoa bezalako arloetan”.
Jon Lejarraga udaleko Sustapen Ekonomikorako zinegotziak programa horiek eskualdeko enpresen “benetako beharretatik hurbil” lan egitea ahalbidetzen dutela: “Askotan berrikuntza edo enpresa eraldaketaz oso modu zabalean hitz egiten dugu, baina atzean enpresa txikiak daude, egunerokotasunaren parte diren aldaketei aurre egiteko laguntza zehatza behar dutenak”.
Lejarragak gaineratu du, hain zuzen ere, Lanbide Ekimenak erakundearen balioa tokiko ekonomikoarekin duen “konexio gaitasun” horretan datzala. Zinegotziaren berbetan, eskualdeko agentzia baten eginkizuna “ez da proiektuak martxan jartzea bakarrik”, lurraldeak zer behar duen ulertzea eta egitura txikientzat askotan konplexuak diren enpresa prozesuetan laguntzea baino.