Gautegiz Arteagako Pala Txapelketak baditu garaileak
Arostegi-Cancelo, Erezuma-Loizaga, Gonzalez-Santisteban, Iturbe-Hormaetxe eta Dominguez-Maldonado bikoteek irabazi dituzte III. Gautegiz Arteagako Pala Txapelketa osatu duten bost kategorietako finalak.
Beste urte batez, Gautegiz Arteagako Pala Txapelketak, lehia herrikoia eta hurrekoa izateaz harago, maila handiko palisten topagune ere badela frogatu du. Iragan zapatuan [maiatzak 30], lehiaketaren III. ekitaldiaren bost kategorietako final handiak lehiatu zituzten, 09:30ean hasita.

Pala motzeko beteranoen finala.
Pala motzagaz jokatu zuten beteranoak izan ziren kantxaratzen lehendabizikoak. Gatikarren arteko finala izan zen: Bilbao eta Arrizabalaga Arostegiren eta Canceloren kontra. Partidu “orekatua eta estua” izan zela azaldu dute antolatzaileek, bikote bietako batek ere ezin izan baitzuen markagailuan arrakala esanguratsuegirik urratu. Sake falta bat izan zen Arostegi eta Canceloren alde egin zuen faktorea: “Jokaldi hartara arte, Bilbao eta Arrizabalaga 39 eta 34 aurretik zeuden; sake faltaren ondoren, baina, Arostegik eta Cancelok bost tantu erreskadan biribildu ahal izan zituzten, eta garaipena eroan zuten:39 eta 40“.

2. mailako gomazko paladun finala.
2. mailako gomazko paladun finalean, herriko pilotariak, Erezuma eta Loizaga, 25 eta 14 nagusitu zitzaizkien Urkiola eta Madariaga getxoztarrei. 11na berdinduta iritsi ziren partidu erdira, besteren artean, Urkiolak eta Madariagaz “egundoko defentsa beharra” plazaratu baitzuten. Norgehiagokaren azken zatian, baina, arteagarrek urrats bat aurrera egin zuten, eta Loizagak bere jotzaile sena bistaratu zuen; Madariaga presiopean ipinita, Erezumak azaldu zitzaizkion aukerak ondo zukutu zituen aurrealdeko koadroetan. “Garaipen polita”, beraz, etxeko bikotearentzat.

2. mailako pala motzeko finala.
2. mailako pala motzeko azken neurketak Gonzalez eta Santisteban Martijaren eta De La Torreren aurka elkartu zituen. Martijaren eskumakadek estreinako aldeak arrakalatu zituzten markagailuan, baina aurkariek pala motzagaz duten eskarmentua probestu zuten, Martijaren maila horretako lehendabiziko txapelketa baita. Apurka-apurka, Gonzalez eta Santisteban beteranoek buelta eman zioten lehiari; eutsi eta eutsi egin zuten, erakustaldirik baina hutsik egin gabe. 2. mailako iazko txapeldun De La Torrek partiduari eusteko azken saiakera egin zuen, baina ez zen posible izan: 40 eta 37, Gonzalezen eta Santistebanen alde.
Lehen mailako finalak.
1. mailako gomazko paladun finalak azken orduko aldaketa izan zuen. Barruetabeña eta Mendibe markina-xemeindarrek jokatu behar zuten azken partidua, baina atzelaria ezin izan zen Gautegiz Arteagan egon, eta bere tokia Ormazabalek bete zuen. Iturbe eta Hormaetxe zornotzarren kontra neurtu behar izan zituzten indarrak. Erritmoa izan zen finalaren gidalerroa: “Atzelari biek gogor astindu zuten pilota, baina norgehiagokaren gakoa Iturberen ezker pilotakadak izan ziren; Barruetabeña defentsa lanetara mugituarazi zuen, eta hark jarri zion musika finalari”. Azkenean, lanak fruitua eman zien: 16 eta 25ekoa, zornotzarren aldera.

1. mailako gomazko paladun finala.
1. mailako pala motzeko finala, zerbait izatekotan, nazioartekoa izan zen: Espainiako Txapelketan aritutako pilotariak kantxaratu ziren, Munduko Txapelketa lehiatzekotan daudenak. Estua besteko borrokatua izan zen Dominguez-Maldonado eta Solaguren-Ceni bikoteen arteko azterketa. Final “oso fisikoa” izan zen, bai abiadurari zegokionez, bai pilotakada kopuruari helduta. Bikote batek ere ez zuen gainditu bizpahiru tantoko atalasea. Atzelariak, biak ezkertiak, partidu osoan “protagonista” izan ziren. Aurrean, Dominguezek defentsa lan ederra egin zuen eksu biekin; etxeko pilotari Solagurenek ondo eutsi zion eskumaz, ezkerragaz baino hobeto.

1. mailako pala motzeko finala.
Solagurenek eta Cenik finala esku-eskura izan zuten: azken bost tantoetara 35 eta 34 aurretik ailegatu ziren. Azken zati hura gogoangarria izan zen, ikusleek gogotik gozatu baitzuetan gorrien “tanto bereziekin”. Final gogorra jokatuta, 40 eta 36koagaz irabazi zuten txapelketa Dominguez eta Maldonadok.