Adimen artifiziala enpresa txikietara helduko da
Lanbide Ekimenak Zentroak adimen artifizialean eta tresna digitaletan oinarritutako lau tailer praktiko eskainiko dizkie udalerriko autonomo eta enpresa txikiei. Lehenengo saioa ekainaren 9an (martitzena) izango da.
Adimen artifiziala ez dago enpresa teknologiko handientzako erreserbatuta, txikiek ere hori erabil dezakete. Eta, hori bultzatzeko asmoz, Lanbide Ekimenak Zentroak, SPRIrekin lankidetzan eta Inplantalariak erakundearen laguntza teknikoaren bidez, adimen artifizialean eta tresna digitaletan oinarritutako lau tailer praktiko eskainiko dizkie udalerriko autonomo eta enpresa txikiei, Internetek, automatizazioak eta komunikazio digitalak “gero eta gehiago baldintzatzen duten merkatura” egokitzeko.
Enpresa-digitalizaziorako ibilbide berria jarriko dute martxan aurten, eta lehenengo saioa ekainaren 9an (martitzena) izango da; hurrengoak irailaren 22an, urriaren 20an eta azaroaren 24an egingo dituzte, denak 10:00etatik 13:00etara arteko ordutegian, zentroko prestakuntza gelan —Alhondiga kalea, 6—.
Lehenengo saio horretan, adimen artifizialaren bidez atazak zelan automatizatu eta erroreak zelan murriztu landuko dute. Ondorengoak negozioen presentzia digitala hobetzeko, hedapen kanpainak dinamizatzeko eta enpresa baten eguneroko kudeaketari aplikatutako laguntzaile birtualak eta soluzio mugikorrak erabiltzen ikasteko saioak izango dira.
Prestakuntza bost eta zortzi pertsonen arteko talde txikietan egingo da, “ikaskuntza praktikoagoa eta pertsonalizatuagoa izan dadin”. Eskariaren arabera, erakundeak ez du baztertzen talde berriak gaitzea, ezta banakako saioak eskaintzea ere. Interesdunek zuzenean eman dezakete izena Lanbide Ekimenak zentroan. Hala ere, antolatzaileek aurretiaz izena ematea gomendatu dute, talde bakoitzerako aurreikusitako plaza-kopurua mugatua baita.
Ekimena ez da berria udalerrian, izan ere, Lanbide Ekimenak Zentroak ekintzailetzari, enpresen modernizazioari eta tokiko negozioen digitalizazioari lotutako hainbat ikastari antolatu ditu azken urteetan; besteak beste, enpleguari aplikatutako adimen artifizialarekin eta gaitasun digitalen garapenarekin lotutako ekintzei buruzkoak.
Jon Lejarraga udaleko Ekonomia Sustapeneko zinegotziak aldaketa teknologikoko prozesuetan tokiko ekonomia-sareari laguntzeko udal-estrategiaren barruan kokatzen du ekimena: “Orain dela gutxi arte konpainia handientzat erreserbatuta egon diren tresnak enpresa txikiek eta tokiko merkatariek ere edukitzea gura dugu. Digitalizazioa ez da jada etorkizunerako aukera, orainaren premia baino”.