269 izen-abizen, isiltasunari; 269 krabelin, oroimenari
Pipergorri Elkarteak 269 In Memoriam oroimen ekitaldia egin du gaur [maiatzak 30], Zalloko hilerrian. Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrean hildako preso errepublikarrei dagokien tokia gorde diete, beste urte batez. Aurten, zendutako presoen senide berriak bertaratu dira, eta beren bizipen zein testigantzak kontatu dituzte estreinakoz.
Pipergorri Elkarteak urte osoan zehar atondu ohi dituen kultur, ondare eta memoria egitasmoetatik, beharbada, esanguratsuena eta azpimarragarrienetakoa izango da 269 In Memorian izeneko ekitaldia. Gaur [maiatzak 30] herritarrek Zalloko hilerria bilgune izan dute, Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrean zendutako 269 presoak eta haiei dagokien memoria historikoa omendu asmoz. Duela 86 urte itxitako ospitalean hildako preso errepublikarren senideak herriko memoria publiko eta kolektiboaren “erreferentziazko gunean” elkartu dira; hunkituta eta elkartekideekiko erabateko esker onez, beraien bizipenak eta euren hildako senideenak taularatu dituzte.
Hitza hartzen lehendabizikoa Lluis Xiberta i Puigen familia izan da. Xibertaren senideak, hain zuzen ere, iaz ere data seinalatu horren bueltan Gernika-Lumon izan ziren, baina ez zuten In Memoriam oroimenezkoan egoterik izan. Gaurkoan, Xibertaren biloba eta besoetakoa, emazteaz lagundurik, Kataluniatik Zallora bertaratu ahal izan da. Osabaren hil orduko azken eskaria eta harengandik jasotako azken objektua zein izan zen argituta abiatu du bilobak bere esku hartzea: sakelako erloju bat. Caneteko herrikide bat, izan ere, ospitalean egon zen haregaz batera, eta lagun hark helarazi zion erloju hura familiari, Xibertaren amak eduki zezan.
Erregimen frankistaren errepresioak, sufrimenduaz eta heriotzaz harago, beste ondorio latz bat leporatu zien gerraren galtzaileei zein beren familiei: omertá edota isiltasunaren legea. Hala, Xibertaren senideek azaldu dute zendutakoaren hutsunea “isilean” pairatu behar izan zuela bere familiak: “Caneten gai horiez ez zen berbarik egiten; are gehiago, erregimenaren jarraitzaile ziren zenbait bizi ziren bertan, guztiaren nahiz guztien jakitun zirenak”.

Zalloraino eroan dituen bidezidorra, horrenbestez, are gaitzagoa izan da: “2003an, telebistan zapping egiten ginela, Lluis Xiberta i Puig izen-abizenak entzun genituen, eta kargutu ginen Gernikan hildako kataluniarrei buruz hizketan zebiltzala. Halaxe iritsi ginen Sabadellgo Quadern aldizkarira, eta David Serranogaz jo genuen. 2008an estreinako omenaldia egin zutenez geroztik, bizpahirutan etorri gara Gernikara. Iaz, gure azken bisita izango zela uste genuen, eta horrexegatik utzi genituen hemen argazki eta oroimenezko bana; baina Pipergorrik eta Amagoia Lopez de Larruzeak gogor lan egin dute gurekin kontaktatzeko, eta erabat eskertuta gaude gaur hemen egoteaz”.
Francisco Molina Carrizosaren istorioa ere ezin ahaz daiteke. Preso extremadurar-kordobarraren Victor iloba txikiak Internet bidez jo zuen Pipergorrigaz, 2025eko abenduan. Victor lehendabiziko aldiz egon da 269 In Memoriam omenaldian. Azaldu duenez, bere aitaren familiaren zuhaitz genealogikoa osatu guran igarri zuen bazuela memoriaren berreskurapenagaz lotutako lanik egin beharrik: “Nire izeba Rosa izan zen izen-abizenak nahiz datuak ematen zizkidan bakarra, aita eta bere anaia isil-isilik sumatzen nituen bitartean; izebaren pasadizoak entzutean, goibel ikusten nituen, triste“.

Ez zen gutxiagorako: bando nazionalak Aldea de Cuenca jaioterria kontrolpean hartzean, “denetariko umiliazioak” eginarazi zizkion bere amona Amaliari. Izebarengandik jaso zuen amonaren nebetako bat, Francisco, “Euskal Herriko espetxe batean” hil zela; beste bat, Victoriano, amaren aurrean fusilatu zutela, eta ostean ama bera ere erail. Ondoren, lehen testigantza kontatu dutenen errelato bera: omertá. Isiltasunaren legea.
Izebaren azalpenak zelanbait gorpuztu eta bideratu guran, Victorrek Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarraren erreferentziekin jo zuen, eta orduantxe sartu zen ekuazioan Pipergorri Elkartea: “Elkartekideei esker jakin ahal izan nuen Francisco 36 urtegaz eta tuberkulosiak jota hil zela, baita UGTn afiliatuta egon zela eta Madril aldean borroka egin zuela ere”. Bere ama Leonor eta Victoriano anaiaren ingurukoak ere deskubritu ditu: “1936 amaieran, Kordobako La Coronada hilerrian fusilatu eta ehortzi zituzten”. Familiaren omenezko lanketa abiatu zuenetik, “zirraragarria” izan da iloba txikiak urratu duen bidea: “Euren izen-abizenak dituzten aktak, dokumentuak zein erroldak deskubritzen joan naiz, eta baieztatu ahal izan dut izebak ahoz transmititutako guztia egia zela”.

73 asturiarren omenez.
73 preso asturiar hil ziren Gernikan. Haietako batzuen senideak aurretiaz 269 In Memoriam ekitaldian egon izan dira, baina ez, ostera, Galo Alvaro Sariego Artidiellorenak. Estreinaldia egin du gaur hainbat belaunalditako senideek osatutako ordezkaritzak. Azaldu dutenez, iaz ekin zioten Galo osabaren heriotza ikertzeari: “AEBn bizi den Rosa Maria lehengusinari esker izan genuen Galoren heriotzaren berri. Kartak eta dokumentuak bilduta, Gernikako Ospitale Militarrean kokatu zuen: han hildako 269 gatibuetatik 249. zenbakiaren izen-abizenak Galo Sariego Artidiello ziren. 25 urte zituen tuberkulosiagatik hil zenean, eta azken urte bi eta erdiak gerra preso egin zituen”.
Osabaren ehorzlekua jakiteak familiaren “hainbat galderari erantzuna” ematen die: orain badakite Amaiur eta Euzko Indarra batailoiekin aritu zela Bizkargiko frontean (Muxika, Morga eta Errigoiti artean), eta Unqueran harrapatu zutela. Gero kontzentrazio esparruz esparru mugiarazi zutela ere ezagutu dute: Valladolideko Santa Espinara, lehenik; Avilako Navas del Marquesera, jarraian; Madrilgo Robledo de Chavelara, ondoren; Getafeko Ospitale Militarrera, gerra amaitu ostean; eta Gernikakora, 1940an.

Ohiko modura, Segundo Olaeta Musika Eskolako kideek biribildu dute ekitaldia, irakurketa eta krabelin banaketa kolektiboa orduko. “Izan zenari izena eta jatorria ipintzea” ezinbestekotzat jo dute Pipergorriko kideek: “269 presoen izen-abizenak eta beren jatorriak banan-banan irakurtzea egin dezakegun gutxieneko memoria keinua da”. Halaxe, isiltasunaren aurrean bat eginik eta urteroko memoria historiko eta kolektibo eskerga eginda, biribildu dute 269 In Memoriam ekitaldia. Hori bai, oraindik aztertzeko eta argitzeko “asko dagoela” aurreratuta.