Oinezko guneak arautzeko ordenantza aldatu du Bermeoko Udalak
Osoko bilkuran onartu zuten atzo (maiatzak 28) araudi aldaketa, EH Bilduren eta Guzanen aldeko botoekin eta EAJren aurkakoagaz. Aldakera hori "ez dela inprobisatutako neurri bat" diote udal gobernukoek, eta EAJk dio "ez dela parte hartzerik, plangintzarik eta koherentziarik" egon.
Bermeoko Udalak gaur egungo behar berrietara egokitzen den oinezko guneak —Alde Zaharra eta Portuzarra— arautzeko ordenantza aldatu du. Osoko bilkuran onartu zuten atzo (maiatzak 28) araudi aldaketa, EH Bilduren eta Guzanen aldeko botoekin; EAJk, aldiz, aurkako botoa eman zuen, “araudiaren edukiak eta tramitazioak espazioaren erabilera koherentea ez duelako bermatzen”. Erabakia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta 30 eguneko jendaurreko epea zabalduko dute alegazioetarako. Epe horretan alegaziorik aurkeztuko ez balitz, ordenantza behin betiko onartutzat joko da.
Udal gobernuak esandakoaren arabera, aldaketa proposamenaren helburua izan da 2016tik indarrean zegoen araudia eguneratzea, azken urteetan antzemandako behar berriei eta arautu barik zeuden egoerei erantzuteko asmoz. Hala, eragileen eta administrazioaren arteko harremanak “argiago eta eraginkorrago” araututa geratuko lirateke.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak esan zuen aldakera hori “ez dela inprobisatutako neurri bat”, duela hamar urtetik indarrean dagoen ordenantza baten eguneraketa dela azpimarratuta. Era berean, nabarmendu zuen espedienteak azken urteetan identifikatutako hutsuneak eta egoera berriak jasotzen dituela, izan ere, beraien helburua izan da horiei segurtasun juridikoz eta irizpide argiz erantzutea.
Hori horrela, ordenantzak hainbat berrikuntza dakartza: esaterako, Alde Zaharreko lokalen jabeek oinezko guneetara sartzeko baimena izateko aukera arautzen du; ze, gaur egun, 259 lokal daude Alde Zaharrean erregistratuta.
Gainera, araudi berriak etxebizitza turistikoen eta alojamendu turistikoen erabilera ere jasotzen du, orain arte ordenantzan zehaztu barik zegoen errealitate bati erantzunez. “Helburua da erabilera horiek arautzea eta bizikidetza zein espazio publikoaren erabilera egokia bermatzea”, azaldu dute udal ordezkariek. Bestalde, behin-behineko baimenetarako eta salbuespen egoeretarako irizpide “bateratuak” ezarri dituzte, “gardentasuna, berdintasuna eta interpretazio bateratua bermatzeko”.
Neurri horiez gain, berriztatze prozesuen antolaketa eguneratu dute, eta “interoperabilitateari eta administrazio efizientziari” lotutako neurriak txertatu dituzte, “administrazio modernoago eta koordinatuago baten alde egiteko”.
Portuzarra, oinezkoentzako lehentasunezko eremu.
Ordenantzaren aldaketak Portuzarra ere hartzen du bere baitan, eta bertan trafiko murrizketak ezartzen ditu ordutegi zehatz batean, “espazio publikoaren erabilera hobeto antolatzeko eta oinezkoentzako lehentasunezko eremu seguruago eta atseginagoa sortzeko”. Neurri hori Aste Santutik dago martxan, eta dagoeneko badira batzuk uda sasoirako baimena eskatu duten herritar zein erabiltzaileak; zehatz esateko, orain arte 400 eskaera inguru erregistratu dituzte Portuzarrerako.
“Bermeoko portua ez da autoentzako pasabide hutsa; herritarren identitatea, topagunea, jarduera ekonomikoaren eremua eta herritarren bizitzaren parte da”, dio alkateak. Beraz, azpimarratu zuen neurriaren helburua dela “mugikortasuna eta bizikidetza uztartzea” eta Bermeo “bizigarriago” bat eraikitzea, bereziki ume, adineko, familia eta mugikortasun urriko pertsonentzat espazio seguruak bermatu asmoz.
Horrez gain, uste dute kalitatezko espazio publikoek merkataritza eta ostalaritza indartzen dituztela, herritarren egonaldia eta erabilera sustatuz. “Jendea gustura dagoen lekuetan gehiago ibiltzen da, gelditzen da eta gehiago kontsumitzen du”, adierazi zuen alkateak.
Horrez gain, udal gobernuak azpimarratu du ordenantzaren asmoa “ez dela debekuak ezartzea”, espazio publikoa “modu orekatuago eta antolatuago batean” kudeatzea baino: “Hau espazio publikoa hobeto antolatzeko, mugikortasuna eta bizikidetza uztartzeko eta Bermeo bizigarriago bat eraikitzeko asmoz aurrera eroan dugu”.
EAJ, kontra.
Alderdi jeltzalea bat dator sarbidea arautzeko beharragaz, baina kritikatu du horren aplikazioan “ez dela parte hartzerik, plangintzarik eta koherentziarik” egon. “Portuzarreko ibilgailuen joan-etorria mugatzeko beharra ez dugu zalantzan jartzen, babestu beharreko gunea delako, oinezkoen segurtasuna eta erabileraren eta bizi kalitatearen arteko oreka bermatzeko. Baina, ordenantzaren edukiak eta tramitazioak ez du bermatzen espazioaren erabilera koherentea eta ez dio bizilagunen errealitateari behar bezala erantzuten”, azaldu dute jeltzaleek. Izan ere, uste dute ordenantza ez dela “trafiko kontua bakarrik”, udalerriko gune “sentikorrenetako batean sarbidea, erabilera eta bizikidetza antolatzeko modua” baizik.
Onartutako aldaketaren aplikazioan “ziurgabetasuna eta desberdinatasunak” sortzen dituela uste dute EAJkoek, horrek herritarrei zuzenean eragiten diela esanda. Ildo horretan, kontraesanak aipatu dituzte antzeko egoeren tratamenduari dagokionean, eremuaren arabera, bereziki bigarren egoitzei erreferentzia eginez: “Ez du zentzurik kasu batzuetan baimen iraunkorrak aurreikustea eta beste batzuetan baimen puntualetara mugatzea. Ordenantza honek koherentzia behar du”.
Gainera, kritikatu egin dute hasieran udal gobernuak “ordutegi jakin batzuen inguruko proba gisa” aurkeztu zuena “finkatu” egin dela, “behar besteko hausnarketarik barik eta datuetan oinarritutako azterketarik barik”.
EAJkoek parte hartze falta ere salatu dute: “Dokumentu itxi bat aurkitu dugu, elkarrekin egiteko aukerarik barik eta udalerriko errealitate ezberdinak kontuan hartu barik. Lehenik erabakiak hartu eta gero ordenantzan sartzen saiatu dira”. Gehitu dute udala baimenak ematen hasi dela, oraindik “behin betiko esparru juridikorik” izan barik: “Administrazio serio batek arauak argi eta garbi ezarri behar ditu, segurtasun juridikoa bermatu eta ondoren aplikatzeko. Bermeok ondo landutako arauak behar ditu, plangintzarekin, benetako parte hartzearekin eta guztiontzako espazioaren erabilera orekatua bermatuko dutenak”.