Emakumea eta amalurra biltzen dituen bidaia artistikoa
Marimar Agirre artista eta ilustratzaileak ‘Emakumaliak’ erakusketa estreinatu du Mundakako Kasinoan. Emakumearen eta animalia zein natur elementuen arteko hibridazioa du ardatz, denetariko teknikak zein inspirazio artistikoak baliatuta. Hurrengo astera arte egongo da ikusgai, doan.
Hibridazioa Marimar Agirre artista eta ilustratzailearen ibilbide profesionalaren oinarrizko kontzeptuetako bat izan da. Orain, urrats bat gehiago egin du, eta emakumea animaliekin edota natur elementuekin mimetizatzen duen Emakumaliak arte erakusketa inauguratu du, Mundakako Kasinoan. Hurrengo astera arte ikusgai dago, doako sarreragaz. “Barru nahiz kanporanzko” erakusketa da Agirrek proposatzen duena: “Batetik, badu kutsu terapeutikorik; bestetik, urte luzez landutako gaiak batzen ditu, besteak beste, emakumeak animaliekin edo natur fenomenoekin uztartzea”. Teknika aldetik ere, uztartzea da Agirreren ikur bereizgarria. “Denetariko influentzia, teknika eta materialak erabiltzea gustatzen zait, haien arteko bateragarritasunagaz lan egiteko”, azaldu du.

Ikuspuntu feminista “agerikoa” da: “Emakumea da ardatza, eta hari ezarri ohi zaizkion kate sozialak ere bai. Adibidez, koadroetako bat da Sandro Boticelliren Venus-a, baina bere kortsea apurtzen du, eta hegaz ihes egin, dama izateaz nekatuta”. Kitsune azeriak esangura handia dauka obran: “Hainbeste entzun eta erabilitako zorra terminoari heldu diot, baina bestelako interpretazioak lortzeko; horretarako, bertoko arte adierazpidea Japoniakoagaz uztartu dut”. Kitsune, Japonian, “esangura ugaridun” pertsonaia da, baina hemen irakurketa “negatiboak” ditu beregain. “Hala, ohiko estereotipoen sinbologia errotik aldatuz gero, irakurketa oso desberdinak lortu daitezkeela bistaratzea bilatu dut”, gaineratu du artistak.
Serie muralistiko bat da erakusketaren hari gidarietako bat: Madama Butterfly izenekoa. Tximelet diren emakumeak ageri dira bertan. Bada “intimistagoa” den beste bat ere: Serie Beltza. “Harakiri edo suizidioa daude bertan, baita Caronte eta Kitsune ere”. Proiektu osoko gizonezko figura bakarra samurai bat da: “Nire aitona gudari ibili zen, eta hari keinutxoa egin gura nion; samurai hori burdin jantzia apurtua duela ageri da, baina besoan emakume bat ezkutatuta du”.

Tokirik egokienean.
Kasinoa herritarrei artea hurbilarazteko “gunerik aproposena” da: “Asko gustatzen zaidan espazioa izateaz gain, bertan lan egiten duten lagunak ere baditut. Herritarrengandik hurre dago, eta hurbiltasun hori baliatu gura dut, ze, esposizio honetan askok eta askok seguru sentituko zituzten sentimenak islatu ditut, besteak beste, ernalezintasuna, barne kaosa edota barruko deabruak”.

Erakusketaren inaugurazio ekitaldia, gainera, Arrate Egaña idazleak eta Leixuri Urrutia koreografoak biribildu zuten. Agirrek bien “sentsibilitate artistikoagaz guztiz bat egiten” du, eta erakusketari “eska zitekeen kaleratzerik onena” eman zioten. Bertaratutako herritarren aldetik ere, “uste baino erantzun positiboagoa” jaso zuen egileak: “Horrek martxan ditudan gainontzeko proiektuei gogor heltzeko grina ematen dit”. Egitasmo horien artean Emakumaliak “beste herri batzuetara” eroatea dago. Ez hori bakarrik: “Aline Soberonegaz beste proiektu bat jorratzen ari naiz”.