Uda aurretik, Ean, Elantxoben eta Foruan kutxazain berriak jartzea aurreikusi dute
Busturialdeko hainbat udalerri txikitan jarriko dituzte kutxazainak, baina batzuetara beste batzuetara baino lehenago ailegatuko dira: Eara, Elantxober eta Foruara uda aurretik ailegatuko da.
Landa eremuetako oinarrizko zerbitzuak indartzeko eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko helburuz, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailak eta Kutxabankek Berosi programa abiatu dute, kutxazain automatikoak udalerri txikietara eroateko. Busturialdeko hainbat udalerri txikitan jarriko dituzte horiek, baina batzuetara beste batzuetara baino lehenago ailegatuko dira. Esaterako, Ean, Elantxoben eta Foruan uda aurretik jartzea aurreikusi dute.
Zerbitzu berri honi esker, udalerri horietako bizilagunek berriro izango dute eskudirua eta oinarrizko banku-eragiketak gertutik egiteko aukera, beste udalerri batzuetara joan beharra saihestuz eta bereziki adinekoen, mugikortasun txikiagoa duten kolektiboen eta landa-inguruneetan bizi diren pertsonen egunerokoa erraztuz. Izan ere, helburua finantza-bazterkeriari aurre egitea eta herritarrak bizi diren tokia edozein dela ere funtsezko zerbitzuetara sarbidea izatea bermatu gura dute.
Amaia Barredo sailburuak azpimarratu du ekintza honek “herriak bizirik mantentzearen” eta hiri ingurunearen eta landa ingurunearen arteko aukera berdintasuna indartzearen alde egiten duen herri-ikuspegi bati erantzuten diola.
“Gure landa-eremuetan oinarrizko zerbitzuak bermatzea gizarte-kohesioa, lurralde-oreka eta sustraiak bermatzea ere bada. Herrixka batean bizitzeak ezin du esan eskubide gutxiago, zerbitzu gutxiago edo egunerokoan zailtasun gehiago izatea”, adierazi du Barredok.
Berosi programa Euskadiko Landa Garapen Estrategiaren barruan kokatzen da, eta landa-udalerrietako eguneroko bizitza hobetuko duten jarduera zehatzak sustatzea du helburu, “zerbitzuak, konektibitatea, jarduera ekonomikoa eta herritarren arreta indartuz”. Zentzu horretan, sailburuak nabarmendu du eskudirurako sarbidea oraindik ere “funtsezko zerbitzua” dela pertsona askorentzat, eta “beharrezko tresna” dela udalerri txikietan jarduera eta bizitza mantentzeko: “Landa-garapenaz hitz egiten dugunean, zerbitzuez, duintasunaz eta aukerez ere ari gara. Jarduera duten, etorkizuna duten eta pertsonek beren bizi-proiektua normaltasunez eta kalitatez garatzeko aukera emango duten zerbitzuak dituzten herriak nahi ditugu”.