Robotika eta programazioa udako oporretan ere landuko dira
Udaleku teknologikoetan bilduko dira Gernika-Lumon udan. Guztira 56 leku eskainiko dituzte bi astetan, aste bakoitzeko 28.
Teknologiak ez ditu bulegoak edo lan-espazioak soilik hartzen, aisialdi hezitzailearen eta denbora librearen parte ere bada. Hala, uda honetan, Gernika-Lumoko zein eskualdeko ume eta nerabeek aukera izango dute berriz ere programazioa, elektronika eta robotika lantzeko, Gernika-Lumon antolatutako kanpamentu teknologikoen edizio berri baten bidez.
Hori horrela, udalekuak ekainaren 22tik (astelehena) 26ra (barikua) eta ekainaren 29tik (astelehena) uztailaren 3ra (barikua) egingo dira Gernika-Lumoko Kultur Etxean, Foruen plazan.
Programa 8 eta 14 urte bitarteko umeei zuzenduta dago, batez ere Gernika-Lumon erroldatuta daudenei, baina eskualdeko familiek ere parte hartu ahal izango dute.
Guztira 56 leku eskainiko dituzte, aste bakoitzeko 28, eta horiek bi adin-taldetan banatuta egongo dira, bakoitzean 14 parte-hartzailerekin. “Horrela, formatu murritza, ikaskuntza pertsonalizatua eta dinamikoagoa eskaintzen ditugu”, azaldu dute arduradunek. Ikastaroen ordutegiak sarrera eta irteera malgua izango du, 08:30etik 09:00etara artekoa eta 14:00etatik 14:30era artekoa, izan ere, tailer teknologikoak 09:00etatik 14:00etara eskainiko dituzte.
Jadunaldietan parte hartzen dutenek, beraz, programazioagaz, elektronikagaz eta robotikagaz zerikusia duten tailerretan egingo dute lan, hezkuntza jarduerak eta esperimentazio praktikoa uztartuz.
Gernika-Lumoko Udalaren ustez, horrelako ekimenek aukera ematen dute “gaitasun digitalak gazteenen eskuetan jartzeko”, teknologia umeen eta nerabeen egunerokotasunaren parte den testuinguruan. Azaldu dutenez, asmoa da tresna digitalen sormen eta hezkuntza erabilera sustatzea.
Jon Lejarraga Ekonomia Sustapeneko zinegotziak nabarmendu du Aste Santuan ikastaro hauek izandako erantzunak berretsi egin duela familia askok “gero eta interes handiagoa” dutela proposamen mota hauekiko: “Ikusi genuen benetako eskaria zegoela ikaskuntza praktikora bideratutako jarduera teknologikoen inguruan. Familia askok aisialdia eta prestakuntza oporretan uztartzen dituzten alternatibak bilatzen dituzte, eta hori eskaini nahi izan diegu”.