Eskualdeko palistarik onenak finalen atarian daude
Zapatuan [maiatzak 30] jokatuko dituzte Gautegiz Arteagako Pala Txapelketaren III. ekitaldiaren finalak, 09:30ean hasita. Pilotazaleek, "giro ederrean", bost kategoriatako finalez gozatzeko aukera edukiko dute.
Gautegiz Arteagako III. Pala Txapelketaren azken txanpara iritsiko da asteburuan: zapatu honetan [maiatzak 30], lehia osatzen duten bost kategorietako finalak jokatuko dituzte. 09:30ean hasiko dira azken neurketak, beterano mailako pala motzeko finalagaz.
Kategoria horretan, Bilbaok eta Uriartek Arostegi eta Cancelo edukiko dituzte aurrez aurre. 50 urtetik gorako Bizkai osoko zortzi bikotek hasi zuten txapelketa, eta finalera heldu direnak Gatikakoak dira. Biak ala biak finalerdietan “norgehiagoka oso gaitzak merezimendu osoz irabazita” iritsiko dira azken geltokira: “Uriartek eta Bilbaok, adibidez, Melero eta Garma hautagai nagusiak garaitu zituzten; final irekia aurreikusten dugu, eta Gatikako jende pila bat bertaratuko da, herriko pilotariei berotasuna ematera”.
Erezuma-Loizaga eta Urkiola-Madariaga izango dira 2. mailako gomazko paladun finalaren protagonistak. Maila horretako parte hartzea ere zortzi bikotekoa izan da. Lehen biak herriko pilotariak dira, eta bigarrenak, berriz, getxoztarrak. “Etxekoek lehiaketako partidu oro irabazi dute, maila handiko aurkarien kontra; ligaxkan, hain zuzen, finalean topatuko dituzten arerioak menpean hartu zituzten”. Arteagarrek, hortaz, herrikideen aurrean txapela janzteko “aukera argiak” dituzte.
2. mailako pala motzeko finalak hamar bikote elkartu ditu aurten, eta Txorierriko ordezkaritza iritsi dira azken agertokira: Gonzalez-Santisteban loiutarrak eta Martija-De La Torre larrabetzuarrak. Bikote biek orain arte “joko maila polita kantxaratuta” harrapatuko dute azken azterketa: “Atzelari biak oso seguruak dira; aurrelariak, berriz, esplosiboak. Aurrealdeko koadroetan gehien asmatzen duenaren eskuetan egongo da finala”.
1. mailako gomazko paladun kategoriak lau bikoteko parte hartzea eduki du. Finala Barruetabeña-Mendibe markina-xemeindarren eta Iturbe-Hormaetxe zornotzarren artean egongo da. Lehen bikotea finalaurrekoa jokatu barik ailegatu da azken neurketara: “Izan ere, lau bikoteko parte hartzea egon denez, guztien arteko ligaxka jokatu dute, eta lehen sailkatua zuzenean igaro da finalera; finalaurrekoa bigarren eta hirugarren sailkatuek lehiatu dute, eta Iturbe-Hormaetxe bikoteak eskuratu du finalerako txartela”. Barruetabeñaren defentsa eta Mendiberen jotzaile sena azpimarratu dituzte antolatzaileek. Zornotzarrek, ostera, alderantzizko estiloa dute: “Iturbek esku biekin gogor jotzen dio pilotari, partiduaren giltza hark edukiko du; Hormaetxe erabat segurua da atzean”.
Nazioarteko ordezkaritza.
Azken kategoriak, 1. mailako pala motzak, zortzi bikote eduki ditu. Dominguez eta Saez txiletarrak sailkatu ziren finalera, baina bigarrena ezin izango da Gautegiz Arteagan egon, eta Maldonado argentinarrak ordezkatuko du. Iazko txapeldunorde Solaguren arteagarraren eta Ceni gatikarraren aurka neurtuko dituzte indarrak. Hegoamerikarrek Argentinak urrian hartuko duen Munduko Pala Txapelketa jokatuko dute, hangoaren pareko neurridun pilotalekuan. Gainera, Solaguren eta Maldonado elkarrekin Espainiako Txapelketa jokatutakoak eta txapeldunorde izandakoak dira. Elkarren berri, hortaz, sobera dute. Ceniri dagokionez, hura ere Munduko Txapelketarako zerrendan sartzeko lehian dago.
Atzelari ezkerti eta dominatzaileen jokoak baldintzatuko du partidua, baita Dominguezen bizitasunak eta Solagurenen eskumakadek ere: “Hoberen eusten duen atzelariaren bikoteak poltsikoratuko du finala”.
“Ederra” izan da txapelketak orain arte emandakoa. Antolakuntzak “hainbat herritako parte hartzea” azpimarratu du: “Horrek toki askotako ikusleak hurreratzea ekarri du, eta frontoian giro polita sortzea”. Azken jardunaldiari begira, “aurreikuspen itzelak” dituzte: “Jai aldarte ederrean bilduko gara, eta pilotarien maila orain artekoa bezain puntakoa izatea espero dugu”