Ia 400 lagun, aurretiaz izena emanda
XII. Mendi Jaia egingo dute domekan [maiatzak 31], Arrolape Mendi Klubak antolatuta. Mendi martxa zein lasterketa luze eta laburrak egingo dituzte. Euro solidarioa Fenomekoak saskibaloi taldearentzat izango da. Egunean ere izena eman ahalko da.
Kirola, aisia, herrigintza eta solidaritatea uztartzen dituen Mendi Jaia heltzear da. Domeka honetan [maiatzak 31], Gernika-Lumoko Pasealekua eskualdeko zein inguruko mendizaleen topagune bihurtuko da beste urte batez. Arrolape Mendi Klubeko antolatzaileentzat, urte osoan zehar antolatu ohi dituzten jarduera edota egitasmoen artean, berezienetakoa da Mendi Jaia, eta, alde horretatik, aurreikuspen baikorrak dituzte XII. ekitaldiari begira: ia 400 lagun inguruk aurretiaz izena eman dute, eta egunean bertan ere egin ahalko da. Hala, iazko 600 lagunetatik hurre ibiliko dira aurten ere.
Mendi lasterketek eta martxek osatuko dute domekako menua. Bizkor ibili gura dutenek beren plaza edukiko duten arren, arrolapetarren helburu nagusiak mendizaletasuna bultzatzea eta, bereziki, belaunaldirik gazteenen aldeko “apustuagaz aurrera egitea” izango dira. Horrenbestez, lasterketa laburra bereziki haiei zuzenduta egongo da. 8,5 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, eta Aixerrota mendian topatuko dute gailurrik esanguratsuena. Gehiago gura dutenek, berriz, 17 kilometroko azterketa egiteko aukera edukiko dute. Lasterketa luzea, hain zuzen ere, Gernika-Lumo inguruko tontorrik esanguratsuenetatik igaroko da: Epersolo, Maiaga, Ganaga eta Aixerrota. Ez dute egiteko errazik izango, 900 metro inguruko desnibel metatua edukiko baitu proba horrek.
Martxalarien topagunea ere izango da Mendi Jaia; mendiaz lasaixeago gozatu gura dutenek ere, aukera laburra zein luzea edukiko dute aukeran. Antolakuntzatik azaldu dutenaren arabera, martxa laburra “bereziki familia giroan” egiteko aproposa izango da, ez baitu desnibel azpimarragarriegirik edota gune teknikorik edukiko. Ibilbide luzeko martxalariak izango dira irteera hartzen lehendabizikoak, 09:00retan. Ondoren, lasterketa luzeko parte hartzaileen txanda izango da; 10:30ean hasiko dira korrika. 11:00etan, lasterketa laburreko partaideen txanda izango da, eta, azkenik, aukera laburra hautatu duten martxalariak abiatuko dira, 11:10ean.
Jakin beharrekoak.
Arrolapeko kideak “hala ibilbide osoan, nola irteera zein helmuga eremuan” egongo dira, parte hartzaileei laguntzeko prest. Egunean bertan izena eman gura dutenek, ostera, Pasealekuan bertan egin ahalko dute, 07:00retatik aurrera. Aurretiaz izena emandakoak elastikoa jasoko dute opari; domekan bertan animatzen direnek, aldiz, kaltzerdiak. Halaber, gaztetxoenentzako espazioa ere hartuko du irteera guneak: Ehunzangoren jolas puzgarriakedukiko dituzte. Mangerak ere egongo dira helmuga eremuan, poltsentzako kontsignagaz batera.
Ibilbidean zehar anoa guneak topatuko dituzten arren, antolatzaileek mendizaleei gogoratu diete beraien “edalontzi edo parekoak” soinean eroan beharko dituztela. Izan ere, aurtengoan ere Etiketa Berdearen alde egingo dute, “mendia, harekiko errespetua eta jasangarritasuna” erdigunera ekarriz. 13:00etan, anoa postuak zarratuko dituzte, eta lasterkari zein martxalariek “antolakuntzako kideen jarraipenak” errespetatu beharko dituzte. Ordu horretan, gainera, Pasealekuan urteroko pasta janaldia hasiko da. Dutxatzeko aukera ere egongo da; azken urteetan zerbitzu hori Santanape kiroldegiak hartu baldin badu, aurten Urbietako dutxak baliatuko dituzte. Aparkatzeko, bestalde, Zearretako, Astrako nahiz Santanako eremuak izango dira “egokienak”.
Fenomekoak saskibaloi taldeak jasoko du aurten euro solidarioa
Kirol egitasmoa izateaz gain, izen emate bakoitzaren euro bat kausa solidarioren bat babestera bideratzen dute. Aurten, Gernika KESBen barruko Fenomenoak saskibaloi taldea lagunduko du Mendi Jaiak. Iaz, 600 euro lortu zituzten, Enarak Behar Zaitu elkarteari laguntzeko; duela urte bi, berriz, 532 euro jaso zituzten, Guggenheim Urdaibai Stop plataformari zuzenduta.
EGITARAUA
07:00retatik aurrera. Egunean bertan izena emateko aukera.
09:00. Mendi martxa luzearen irteera.
10:30. Mendi lasterketa luzearen irteera.
11:00. Mendi lasterketa laburraren irteera.
11:00. Mendi martxa laburraren irteera.
13:00. Pasta jana eta sari banaketa ekitaldia.