Memoria historikoa eta egungo errealitatea lotzen dituen 'Ezer ez delako amaitzen' obra taularatuko dute
'Ezer ez delako amaitzen' antzezlan multidiziplinarra taularatuko dute bost ikastetxetako ikasleek, barikuan (maitzak 22), Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian.
Ezer ez delako amaitzen diziplina anitzeko antzezlana taularatuko dute barikuan (maiatzak 22), 19:00etan, Lizeo Antzokian. Ezer ez delako amaitzen antzezlana multidiziplinarra da, Loraldia Eskola lerroaren baitan sortua, eta Euskal Herriko leku ezberdinetako bost ikastetxetako DBH eta Batxilergoko ikasleekin elkarlanean eraikia.
1936ko kolpe faxistaren ondoren, milaka haur euskaldun erbesteratu ziren. Haien istorioak, ordea, ez dira iraganeko orri itxiak: gaurko gazteen galdera, beldur eta ametsekin gurutzatzen dira. Eta horiek irudikatuko dituzte barikuan, antzerkia, musika eta mugimendua uztartzen dituen ikuskizun batean. Izan ere, collage moduko pieza garaikide bat osatu dute ikasleek, haur erbesteratuen testigantzak eta gaur egungo gazteen begirada eszenatokian elkartuz.
Ikuskizunak memoria historikoa eta egungo errealitatea lotzen ditu, faxismoa, arrazakeria eta indarkeria berriro ager ez daitezen. “Ikuskizun honek memoria historikoa gaurkotu nahi du, eta, aldi berean, erreparazio ariketa bat proposatzen du: isilarazitako bizipenei lekua eman, gazteen ahotsa erdigunean jarri, eta iraganari begiratuz oraina hobeto ulertzeko aukera eskaintzea”, diote sortzaileek. Beraz, euskaraz sortutako lan kolektiboa da, publiko gazte eta helduarentzat egina, emozioa eta hausnarketa uztartzen dituena.
Hezkuntza prozesua.
Ikuskizun hau ez da soilik eszenaratze bat. Urte osoko transmisio, ikerketa eta sorkuntza prozesu baten emaitza da. Izan ere, Loraldia Eskola lerroaren baitan, eta Intxorta 1937 Kultur Elkartearekin elkarlanean, ikasleek memoria historikoa landu dute artxibo, testigantza eta dokumentazioaren bidez. Aldi berean, euren begiradatik abiatuta testu, eszena eta proposamen artistiko berriak sortu dituzte. “Ikasgelatik eszenatokira egindako bide horretan, gazteak ez dira parte hartzaile hutsak: proiektuaren bihotza dira. Haien ahotsak dira memoria hau gaurko hizkuntzan berridazten dutenak”, diote arduradunek.
Hala, proposamenak galdera bat uzten du airean: benetan amaitu al dira iraganeko zauriak? Edo gaur ere beste itxura batzuetan ageri al dira? “Ikuskizunak emozioa eta hausnarketa uztartzen ditu, eta ikuslea memoria, justizia eta erreparazioaren inguruko gogoetara gonbidatzen du. Zehatz esateko, proposamenak ez du memoria leku estatiko batera eramaten. Kontrakoa egiten du: bizirik dagoen galdera bihurtzen du, gaurko gizarteari zuzendua. Izan ere, historia ez da beti lineala; batzuetan errepikatu egiten da. Horregatik, iragana ezagutzea ezinbestekoa da gaurko bidegabekeriak identifikatzeko eta haiei aurre egiteko”.
FITXA TEKNIKOA:
Antolaketa: Intxorta 1937 Kultur Elkartea
Ideia: Joseba Sarrionandia: Espainiako Gerrako umeak (1936-1939) Hamaika eszena testuan oinarritua.
Ekoizpena: Loraldia
Gidoia eta zuzendaritza: Igor Martín de Vidales
Ikastetxe parte-hartzaileak:
– Juan Orobiogoitia BHI: Laia Areitio, Amaiur Aresti, Enea Arza, Aya Boutaib, Iraia Briñas, Helene del Río, Anartz Esturo, Selene Francisco, Izei Irastorza, Iker Alessandro Magalhaes, Erika Marqués, Aner Oguiza, Miguel Romero de Dios, Haizea Uribarri, Ihintza VillanuevaIrakaslea: Lierni Varela.
– JM Iparragirre BHI: June Peña, Miren Lopez, Vika Lesmes, Maddi Ramirez, Doua Lahrach, Kattin Oiartzabal, Naiara Mora, Josep Obando, Maialen Segurola, Maialen Arrizabalaga, Irati Mendiola, Soad Castro, Uxue Marcos, Nerea Callejo, Mariam Hadadi, Sara Haddadi, Nekane Maraña, Irati Tobar, eta Maier Iturri.Irakaslea: Haizea Moreno.
– Ikasbidea IPI: Jone Larrañaga, Maialen Martínez de Murguia. Zalantzan: Nahia Musitu eta Iraia GavilánIrakaslea: Ander Elizondo.
– Fray Juan de Zumarraga BHI: Noa Apraiz, Libe Arana, Samba Djau, Uxue Gascon, Saadia Lamkhanter, June Larrañaga, Eva Martínez, Onintze Merin, Naia Mondina, Uzuri Pagai, Endika Soriano, Jacklin Dede Tetteh, Markel Unanue, Argiñe Uribarri, June Uribelarrea, Marina Urrejola.Irakaslea: Amaia Gorostiza.
– Ibarrekolanda BHI: Markel Iragorri, Leire Omeñaca, Iratxe Larrea, Nahia Ruiz, Oier Linaza, Enara Garcia, Iker Uriarte, Agueda Roman, Eider Berrueco, Mara Espin, Aizeti Rotaetxe, Lur Kortabitarte, Maixa Bilbao, Aimar Perello, Amets Perea, Irati Escuredo, Maialen Martin, Noa Bellido, Alison Palomino, Maren Ibabe, Araitz Espinosa, Aran Irastorza, Paula Barrios, Emma Nicholson, June Cabello, Ariane Abajas, Itsaso Cano, Udane Villamor, Nahia Madariaga.