Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleak gailendu dira Kaixomundua.eus lehiaketan
Kalitate handiko proiektu digitalak gailendu dira aurtengo Kaixomundua.eus webgune lehiaketaren VII. edizioan. Euskal Herriko 1.400 ikaslek parte hartu dute, eta besteren artean, Bermeoko eta Mutrikuko ikasleek jaso dituzte sari nagusiak.
Kaixomundua.eus lehiaketa irabazi dute Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleek, beraien kategorian. Puntueus Ikasleen gaitasun digitalak garatzea eta euskarazko eduki digitala sortzea helburu duen Kaixomundua.eus webgune lehiaketaren VII. edizioak Bermeoko Sagrado Corazon ikastetxeko DBH 2. mailako ikasle talde baten sormena eta lana saritu ditu, herriko proiektu batek garaipena lortu baitu bere kategorian.
Aiert Atienza, Goretti Galindez, Jare Uriarte, Danna Rivero eta Eratsune Suarez ikasleek garatutako kaixomunduabermeo.eus webguneak lortu du ikasle gazteenen kategoriako lehen saria. Epaimahaiak webgunearen itxura sinplea eta txukuna nabarmendu ditu eta, hobetzeko atalak dituen arren, “emaitza egokia” izan dela iritzi dio kategoria honetako aitortza nagusia eskuratzeko.
Bestalde, DBHko 3. eta 4. mailakoen kategorian, mutrikuarrek jaso dute epaimahaiaren aipamen berezia. IES Mutriku BHI ikastetxeko DBH 4.mailako ikasleek etxeko konponketen gida praktikoa ondu dute, adimenduna eta erraza dena. etxekoarazoakonpondu.eus webgunearen “erabilgarritasuna eta baliogarritasuna” nabarmendu ditu epaimahaiak, inoiz galdara izorratuz gero, aholku eske webgune horretara joko dutela gehituz.
Izan ere, Kaixomundua.eus lehiaketa ez da webguneen lehiaketa “soil” bat: Euskal Herriko ikasleen alfabetatze digitala sustatzeko tresna estrategikoa da. Puntueusek antolatutako egitasmo honen helburu nagusia gazteak eduki digitalen kontsumitzaile pasibo izatetik, sortzaile aktibo izatera pasatzea da. Horretarako, gaitasun teknikoak (webguneen arkitektura, diseinua eta programazioa) eta komunikazio-gaitasunak uztartzen ditu, betiere euskararen erabilera ingurune digitalean bermatuz.
Aurten, Euskal Herri osoko 68 ikastetxek, 1.413 ikaslek eta 527 taldek parte hartu dute, eta ikasgelatik tokiko ekonomiara doazen “proiektu errealak” aurkeztu dituztela diote arduradunek: “VII. edizio honen apusturik sendoena proiektu errealen sustapena izan da. Berrikuntza honen bidez, ikasleek ingurune hurbileko behar bati erantzun diote: tokiko denda txikiei, elkarteei edo herri-ekimenei ikusgarritasun digitala emanez”.
Hala, sortutako webguneek balio praktikoa dutela azpimarratu dute, ikasleek denda edo elkarteetako jabeekin elkarlanean jardun baitute, profesional baten modura. Arrakasta hori aitortzeko, kategoria arruntetakoak baino garrantzitsuagoa den proiektu erreal onenari saria sortu da. Baztango altxukodenda.eus proiektuak jaso du sari nagusi hori, tokiko denda txiki baten beharretara guztiz moldatutako emaitza profesionalagatik. Baztango Lekaroz BHIko ikasleek (Leire Uribe-Etxebarria, Saioa Perotxena eta Izaro Lakosta) herriko denda txiki batekin elkarlanean garatutako webgunea da. Epaimahaiak proiektuaren izaera “osoa” eta “oso txukuna” nabarmendu du, komertzio batek behar dituen atal guztiak modu profesionalean integratzeagatik.

Kaixomundua.eus lehiaketako irabazleak.Puntueus