Kalea zein Lizeo Antzokia beteko ditu 36. Eskolarteko Antzerki Asteak
Kalean abiatuko dute aurtengo 36. Eskolarteko Antzerki Astea, domekan, antzerki astea gizarteratzeko helburuz. Maiatzaren 31ra bitartean, herriko ikastetxe desberdinetako ikaslen lanak ikusteko aukera zabala egongo da.
XXXVI. Eskolarteko Antzerki Astean sartzeko prest daude gernika-lumotarrak, izan ere, domekatik (maiatzak 17) maiatzaren 31ra bitartean, antzerkiez gozatzeko hamaika aukera egongo dira udalerrian. 36.a izango da aurtengoa, eta horrelako lorpen bati ikusgarritasuna emate aldera, izena jarri diote Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzuak Udal Eskola Kontseiluarekin elkarlean: Esanas bat!. “Esanaz bat” esamoldeak esan eta jarrian datorrena adierazten du, ekintza, alegia. Eta ekintza da antzerkiaren oinarria: bat-batekotasuna. “Noski, z beharrean s batekin idazteak ere badu zentzua; gure antzezle gazteak ez dira perfektuak, ausartak dira”, arrazoitu dute antolatzaileek. Eta izen horri lotuta, irudi berria ere prestatu dute, Biklik Komunikazio enpresagaz elkarlanean.
Izen eta irudi berriaren helburua argia da: antzerki astea gizarteratzea eta horri lekua ematea. Izan ere, asko dira ekimen honen bitartez udalerriko ikastetxeetako ikasleek lantzen dituzten kontzeptuak, hizkuntzaren erabilerarekin lotutakoak: adierazkortasuna, euskararen erabilera ez-formala, eta abar. “Normalean, esaten dena egin behar da; kasu honetan egiten dena esatea da helburua”, diote.
Beraz, inaugurazioa kalean egingo dute aurten, modu horretan herriko helduek eta gazteek ere parte hartu ahalko dutelako haur eta gaztetxoen lanari lekua aitortuz. “Inaugurazio hau, aurkezpen antzeztu baten bidez egingo dugu eta, herriko ikastetxe desberdinetako ikaslez osatutako taldetxo bat aurkezpen hori prestatzen ibili da azken asteetan, Oihane Enbeitaren gidaritzapean eta Segundo Olaeta Musika Eskolaren laguntzarekin”, jakinarazi dute. Ondorioz, domekan 13:00etan Eriako lorategi inguruan elkartzeko deia egin dute arduradunek.
Ondorengo emanaldiak, ohiko bideari jarraituz Lizeo Antzokian izango dira, goizez ikasleei zuzenduta, eta arratsaldez ikastetxeetako familientzat. Bertatik igaroko dira Urretxindorra herri eskolako, Barrutia herri eskolako, Gernika BHIko, Seber Altube Ikastolako, Mertzede Ikastetxeko, Barrutialde BHIko, Allende Salazarreko eta San Fidel Ikastolako ikasleak, antzezle zein antzerkizale modura. Hain zuzen ere, Urretxindorrakoak izango dira antzerki asteari hasiera emateaz arduratuko direnak, Txoria banintz lanagaz.
Martxoaren 31n agurtuko dute aurtengo antzerki astea, eta hori ere kalean egingo dute, publiko orokorrari zuzendutako kale antzerki baten bidez: Panoli Kabareta ikusteko aukera egongo da, Merkurio inguruan, 13:00etan.
EGITARAUA.
Maiatzak 17, domeka.
13:00. Aurkezpena Eriako Lorategi inguruan.
Maiatzak 18, astelehena.
11:00/17:00. Txoria banintz, Urretxindorra herri eskolakoen eskutik, Lizeo Antzokian.
Maiatzak 19, martitzena.
11:00/16:30. Denboraren makina, Barrutia Herri Eskolakoen eskutik, Lizeo Antzokian.
Maiatzak 20, eguaztena.
11:00. Ihes betea, Gernika BHIkoen eskutik, Lizeo Antzokian.
Maiatzak 21, eguena.
11:00/17:30. Humanus antzerkia, Seber Altubekoen eskutik, Lizeo Antzokian.
Maiatzak 25, astelehena.
11:00/17:30. Gabonetako Likeak, Mertzedekoen eskutik, Lizeo Antzokian.
Maiatzak 26, martitzena.
11:00. Sinapsis Barrutialde BHIkoen obra, Lizeo Antzokian.
Maiatzak 27, eguaztena.
11:00/16:30. Be water my friend, Alldende Salazar Herri Eskolakoen eskutik, Lizeo Antzokian.
Maiatzak 28, eguena.
11:00/17:30. Hil Lazarus Hill, San Fidelekoen eskutik, Lizeo Antzokian.
Maiatzak 31, domeka.
13:00. Panoli Kabareta, publiko orokorrari zuzenduta, Merkurio inguruan.