Finalen txanda iritsi da
XII. Ajangizko Esku Pilota Txapelketaren finalak jokatuko dituzte domekan [maiatzak 10], 10:45ean hasita. Haurrak izango dira kantxaratzen lehenak, emakumezko eta gizonezko nagusien partiduak orduko.
Argazkia: Gantzabale Elkartea. Ajangizko XII. Esku Pilota Txapelketa bere gailurrera iristeko zorian dago: domekan [maiatzak 10] finalak jokatuko dituzte. Azken bi asteburuetan, harrobia eta goi mailako esku pilota uztartu dituen txapelketa herrikoiaz gozatzeko aukera paregabea eduki dute udal pilotalekura bertaratu diren pilotazaleek; finalen atarian, lehiaren balorazioa “oso positiboa” izaten ari dela diote Gantzabale Elkarteko antolatzaileek, eta azken jardunaldiari begira “gogotsu eta itxaropentsu” itxaroten diote.
10:45ean ekingo diete partiduei, eta, orain arte modura, gaztetxoenak izango dira kantxaratzen lehendabizikoak: benjaminak, kimu eta haur mailetakoak. Ondoren, nagusi mailako emakumezkoen txanda izango da; Goikoetxeak-Benito bikoteak Arrizabalaga-Arrizabalaga edukiko du aurrez aurre. “Finalen jardunaldian emakume pilotariei merezi duten besteko plaza eskaintzen saiatzen gara; geure asmoa da aurrerantzean emakumeak are gehiago integratzea txapelketan, posible dugun heinean”. Nagusi mailako gizonezkoekin biribilduko dute frontoiko egitaraua: Etxebarriak eta Goikoetxeak Nazabalen eta Apeztegiaren kontra neurtu beharko dituzte indarrak.

Argazkia: Gantzabale Elkartea.
Azken orduko aldaketak izan dira aurtengo aldiaren protagonistetako batzuk: bigarren jardunaldian, Sotilek eta Elorzek ezin izan zuten jokatu, denboraldiaren sasoi honetako “txapelketen gainkarga” dela eta. Sotilen tokia Goikoetxeak bete zuen, eta finalean errepikatu egingo du; Elorzen ordez, ostera, Santestebanek jokatu zuen. Txanponari ifrentzu atsegina bilatu asmoz, antolatzaileek argitu dute aldaketek “proiekzio handiko pilotari gazte bi ezagutzeko” balio izan dutela.
Finalaurreko hartan, “punta-puntako pilotari trazak” kantxaratuagatik ere, Santestebanen akatsak izan ziren protagonista: “Ez zuen partidurik distiratsuena jokatu, eta bere hutsegiteek zeresan handia eduki zuten, neurketaren noranzkoari zegokionez. Azkenean, Etxebarriak eta Goikoetxeak 22 eta 17 irabazi zuten finalerdia”. Lehen finalaurrekoan, berriz, ez zen “inongo ezustekorik” egon: borroka estu eta ederraren ondoren, Nazabal eta Apeztegia 22 eta 20 gailendu zitzaizkien Muruari eta Segurolari.
“Pareko profildun” finalistak.
Finalean ariko diren atzelari biak “gogorrak eta fisikoak” direnez, aurrealdeko koadroetan egon daiteke txapelketaren gakoa. Alde horretatik, “ikusteko dago” Nazabal eta Etxebarriaren artean zein izango den aurrelaririk “finena edo oldarkorrena”: “Bikote biek pareko profila dute, eta horrek partiduaren dominantzia erabat zailduko du. Akats gutxiko finala aurreikusten dugu, aurrean abiadura handikoa eta oso estua”.
Herriko jaiak ate joka, domekan frontoitik plazara mugituko dira herritarrak. Izan ere, hirugarren urtez artisautza azoka egingo dute: “Giro ederra egongo da herrian. Finalek bildu ohi dute hiru jardunaldietatik ikusle gehien, eta aurtengoan ere halaxe izatea espero dugu”.