Artisautza azokan bilduko dira ajangiztarrak domekan
Denetara, zazpi postu jarriko dituzte bertan, eta denetariko produktuak ikusteko eta erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Besteren artean, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzak eta Adouna elkarteak jarriko dituzte postuak.
Ajangizko jaiak heldu bitartean, badute zertaz gozatu herrian. Izan ere, aurten hirugarren urtez jarraian, artisautza azokan bilduko dira ajangiztarrak domekan (maiatzak 10), 11:30etik 15:00ak bitartean, Mendietako plazan.
Aurten, denetara, zazpi postu jarriko dituzte bertan, eta denetariko produktuak ikusteko eta erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Postu horietako bat Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzak jarriko du, izan ere, eskualdeko komunitatearen babesari esker hazi da egunkaria, eta horrek hurbileko informazioa eskuz esku zabaltzeko aukera eman dio. Eta, herrietan egoteak duen garrantziaren jakitun, Hitzakoek beraien materiala eskuragarri jarriko dute —aterkiak, nezeserrak, motxilak…— azokan, eta beraien lana gehiago ezagutzeko aukera eskainiko diete postura bertaratzen direnei, egiten dituzten gehigarriak erakutsiz.
Beraien postuaz gain, Adouna elkartekoak ere egongo direla nabarmendu dute antolatzaileek. Gambiako biztanleei euren bizi baldintzak hobetzen laguntzea da Adouna elkartearen asmoa, eta horretarako emakumeen ahalduntzean, jasangarritasunean eta hezkuntzan eragin gura dute. Putzu komunitarioak egiteko proiektua abian dute, eta horiek bultzatzeko beraien materaiala jarriko dute eskuragarri domekan.
Postu horiez gain, egongo da taloa jateko aukera ere, eta trikitilariak arduratuko dira giroa berotzeaz. Gainera, bertaratzen direnek pilota partiduez gozatzeko aukera ere izango dute, herriko pilota txapelketako finalak jokatuko baitira egun horretan.
Arduradunek esan dute egun horretan beste artisau azoka batzuk ere badaudela, baina artisauei lekua eskaintzeko “ekarpen xumea” egin gura izan dutela beste behin. Hala, herritarrei zein inguruko bizilagunei domekan bertaratzeko deia egin diete.
Herri kirolak. Gainera, Sustabiz Fundazioko kideek Urdaibai Gure Kirolak Sustatzen jardunaldia egingo dute. 12:00etan hasita, umeei eta familiei zuzendutako jardunaldi parte hartzailea egingo dute, herri kirolak eta arrauna uztartuz. 13:00etan, berriz, erakustaldia eskainiko dute Jon Onaindia mendatarrak, Leire Astoreka gernika-lumotarrak, Patxi Bilbao amorotarrak eta Zihara Zabala foruarrak.