Eneritz Odriozola, Ezetz Jakin lehiaketaren apirileko garaile
Eneritz Odriozola da Gernika-Lumoko Berbalagunek atonduriko Ezetz Jakin lehiaketaren apirileko ekitaldiko garailea. Irabazleak gaur [maiatzak 6] jaso du, Ibai Urrutia arduradunaren eskutik, hileongo garaileari dagokion saria: lagun birentzako asteburuko otordua, udalerriko Hiru Saku tabernan. Odriozolaz gain, Izaro Agirre ere saritu dute, hark irabazi baitu hile honetako 75 parte hartzaileen artean egin duten zozketa; Gernika-Lumoko komertzioetan baliatzeko 20 euroko bonua poltsikoratu du Agirrek.
Urrutiak, bestalde, iragarri du euskara sustatzea jomuga duen lehiaketa herrikoiaren maiatzeko aldia martxan dagoela. Hain zuzen, parte hartzaileek hilaren 28a izango dute galdetegia betetzeko eta kultur etxean dagoen postontzian uzteko epemuga. Irabazleak lagun birentzako asteburuko otordua jasoko du sari, udalerriko Sasoie jatetxearen eskutik.