"Langileen duintasunaren alde" borrokan jarraitzeko hautua berretsi dute Maiatzaren Lehenean
LABek deituta, Bermeoko kaleak aldarrikapenez bete dira Langileen Nazioarteko Egunez [maiatzak 1]. 'Langileok eragiten' lelopean "bizitza duinaren defentsan" lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.
LAB sindikatuak Langileen Nazioarteko Egunerako zabaldutako deialdiari erantzunda, Busturialdeko langileek Bermeoko kaleak bete dituzte gaur [maiatzak 1], “langileen duintasuna” aldarrikatzeko. Langileok eragin lelopean batu dira manifestazioan, eta udalerriko kaleetan zehar, ospatzeko ez ezik, “borrokan jarraitzeko eta sistema honek inposatutako bidegabekerien aurren tinko eusteko” prest daudela ozen adierazi dute, langile klasearen historia “borrokaz idatzita” baitago.
Gaur egun gazteek etorkizun “ezegonkorra” dutela, emakumeek “zapalkuntza hirukoitza” pairatzen dutela eta gero eta langile gehiagok beraien irabaziekin duintasunez bizi ezin dutela salatu dute: “Kapitalismo heteropatriarkal, kolonial eta arrazista basatiak, prekarietatea, pobrezia eta desberdintasunak areagotzen ditu”. Langile klasearen eskubideak “borrokaren bidez irabaziak” izan direla ere gogoratu dute, Maiatzaren Lehenean protagonistak borrokan diharduten langileak direla aldarrikatuta: “Borroka horien aldarriak gurekin dauzkagu: enpresetako eta sektoreetako borrokak, pentsio duinen alde astelehenero biltzen diren emakumeak, zaintza sostengatzen dutenak, etorkizun beltza duten gazte prekarioak eta etengabe duintasunaren alde borrokan dabiltzan langileak”.
Ver esta publicación en Instagram
“Duintasunaren ikur” gisa aurkeztu dituzte, 2025eko urtarrilaz geroztik lan hitzarmena berritzeko borrokan diharduten Bizkaiko kontserba eta arrain gazituen sektoreko langileak. Kontserbena “Bermeo ezaugarritzen” duen sektorea izateaz gain, eskualdeko “jarduera ekonomiko garrantzitsua” dela aldarrikatu dute, Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak (CEBEK) negoziazio mahaia “blokeatuta” duela salatzearekin batera. Auzia kalera zabaldu nahian, azken asteetan mobilizazioetara jo dute sektoreko langileek: hilaren 23an Bermeon egin zuten manifestazioa, eta atzo [apirilak 30], berriz, Ondarroan. Negoziazio mahaia hamabost aldiz elkartu da dagoeneko, baina intersindikala osatzen duten LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek aurrerapausorik antzeman ez dutenez, mobilizazioekin jarraituko dute: maiatzaren 16an [zapatua] Ondarroak Antxoa Egunean elkarretaratzean batuko dira, hilaren 21ean [eguena] greba eguna dute deituta eta maiatzaren 23an [zapatua], ostera, Bermeoko Arrain Azokan egingo dute elkarretaratzea. “Patronalak bere jarrera nabarmen aldatzen ez badu, gatazkak gora egingo du datozen astean”, adierazi dute eguerdiko ekitaldian.
Eskualdeko zaintza langileen ordezkaritza ere Bermeon izan da gaur, zaintza ereduaren “aldaketarako unea orain” dela aldarrikatzeko: “Orain da unea lan berdinari lan baldintza berdinak dagozkiola defendatzeko; orain da unea patronalari zein Bizkaiko Foru Aldundiari langile publikoen eta sektore pribatuaren arteko lan baldintzak parekatu ditzatela exijitzeko”.
Maiatzaren Lehena langileen borrokarako egun gisa ulertuta, gaur egun gazteen aldarrikapenek “inoiz baino garrantzia handiagoa” dutela uste dute Bermeoko Ernaikoek, eta horregatik, manifestazioagaz bat egin dute. Gazteen errealitatea “geroz eta ilunagoa” dela salatu dute, lanak “gero eta prekarioagoak” direlako, lanaldi partzialak “inposatzen” dizkietelako eta gazteriaren artean lan baldintza “eskasak” nagusitzen direlako. Lan merkatuaren ezegonkortasunak etorkizun duin bat eraikitzea ahalbidetzen ez diela salatu dute: “Gure bizi proiektua sortzeko ezintasunera kondenatuta gaude”.

Lan merkatuaren “ezegonkortasunaren ondorio argiena” etxebizitzaren auziari lotuta dagoela salatu dute Ernaikoek, etxebizitza “pribilegio” bihurtu dela uste baitute. Egungo sistemak etxebizitza eskuratzeko eskaintzen dituen aukera bakarrak alokatzea edo erostea direla eta “alokairuen prezioak gora” egiten ari direla salatu dute: “Gazteok gure soldataren %70 baino gehiago alokairura bideratu behar dugu. Gainera, espekulazioaren ondorioz, etxebizitza erostea ezinezkoa da”. Horregatik, Bermeon bizi gudu lelopean ekainaren 19rako [barikua] deitu duten manifestaziora batzeko deia egin die Bermeo zein eskualdeko herritarrei.
“Bizitza gogorra”.
Langileen bizitza “gogorra” dela aldarrikatuta, lanean hildako langileak gogoratu dituzte Bermeon, aurreskua dantzatu eta lora eskaintza eginda: “Lanera joan eta lanean bizitza utzi zuten langileak ez ziren, ez dira zenbakiak. Pertsonak dira; izenak, aurpegiak, bizitzak. Etxetik joan ziren, eta ez ziren inoiz itzuli. Atzean utzi zituzten familiak, lagunak, amets hautsiak. Isiltasun bat, hutsune bat, betirako geratzen dena”.
Laneko heriotzak “sistema baten ondorioa” direla salatu dute; izan ere, 2025ean 84 izan ziren Euskal Herrian lanean hildako langileak eta aurten, 24 langile zendu dira dagoeneko.”Lan kargek, instituzioen prebentzio eta jarraipen faltak eta patronalaren diru goseak sorturiko gaitza dugu. Patronala eta instituzioak dira gaixotu eta hiltzen gaituztenak, horiek dira benetako arduradun eta errudunak”, ozen salatu dute.
Langileok eragiten lelopean, LABetik “bizitza duinaren defentsan jo eta su” dabiltzala azpimarratu dute: “Eragiten ari gara: soldatak hobetu eta gutxieneko soldata propioa hemen erabakitzearen aldeko greba orokorra egin dugu; euskararen alde aktibatu gara eta gerra inperialisten aurka hor gaude”. Maiatzaren Lehenean begiak Kubako, Saharako eta Palestinako herri langileetan ipinita dituztela oihukatu dute. Era berean, elkartasun mezu berezia helarazi die Israelgo armadak erasotu duen Global Sumud Flotillako kideei. Euskal Herri langileak gerra inperialistarik nahi ez duela aldarrikatu eta faxismoaren eta inperialismoaren gorakadari “langile borrokaz aurre egiteko prest” dagoela azaldu dute.

Langileak gerraren faktura ordainduko ez dutela ere aldarrikatu dute: “Langileen aldeko politikak behar ditugu. Ez dugu gerraren aitzakiapean enplegu-galerarik onartuko, ez lan baldintzak okertzerik, ez lan baldintzak okertzerik ezta zerbitzu publikoak ahultzerik”. Hezkuntza, osasuna eta zaintza eskubidea bermatuta egon daitezen, “zerbitzu publikoen sendotzea” eskatu dute.
Busturialdeak azken urteetan hamaika borroka eta mobilizaziori erantzun diela nabarmendu dute sindikatukoek, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko urriaren 15ean egindako lanuzteak edota Guggenheim Urdaibai “proiektu txikitzaile eta absurdoa” geldiarazteko mobilizazioak gogoratuta. Makroproiektua bertan behera gelditu izana eskualdearentzat “garaipen itzela” izan dela berretsi dute: “Busturialdeak bere etorkizuna marraztu beharko badu, herri langileriaren parte hartzearekin izango da; ez diegu botere ekonomikoa kontrolatzen duten lau putreei eskuak gure eskualdean sartzen utziko”.
Borroka kolektiboa.
Erronka batzuk gaindituta, gaurko eta biharkoei begira daude LABetik, eta horiek aurrera eraman ahal izateko “langile borroka hauspotu eta langile mugimendua indartzea” gako izan daitezkeela uste dute: “Euskal langileok badakigu antolakuntza eta borroka kolektiboa direla gure eskubideen alde egiteko bide bakarra; antolakuntza eta borroka kolektiboaren bidez posible da beste eredu bat eraikitzea”.
Egungo erronken artean kokatu dute, esaterako, euskaren kontrako oldarraldia, “tamainako erantzuna” eman behar zaiola adierazita. Halaber, etxebizitzaren espekulazioagaz amaitu beharra dagoela eta enpleguaren defentsa egiten jarraitu behar dela azpimarratu dute, “langile guztiei bizitza duina ziurtatzeko aldarrikapenak” direlako: “Ez dugu inor bazterrean utziko. Lanean gara arrakala matxista, arrazista eta belaunaldi arrakalak borrokatzeko, eta ez egin zalantzarik, berandu baino lehen lortuko dugu”.

Begiak etorkizunera begira baina “bihotzak ziega ilunetan daudenekin” dituzte sindikatukoek Maiatzaren Lehenean; horregatik, Bermeoko ekitaldia preso, iheslari eta deportatuen askatasuna aldarrikatu eta 13/13 auzian ezarritako kartzela zigorretatik falta zaiona betetzeko Martutenen espetxeratuta dagoen Arantza Zulueta LABeko kideari “besarkada handi bat” helarazteko aprobetxatu dute.
Maiatzaren Lehena aldarrikapen eta borroka eguna bada ere, “zer ospatu badagoela” uste dute LABekoek. Horregatik, Langileen Nazioarteko Eguna disfrutatzera animatu dituzte langileak: “Bihartik aurrera berriro borrokan elkar topo egingo dugu”.