Bermeotik, Global Sumud Flotillaren aurkako erasoa salatu eta "nahikoa dela" aldarrikatu dute
"Nahikoa da. Nahikoa da inpunitatez, nahikoa da isiltasunaz eta nahikoa da beste aldera begiratzeaz. Gaur hemen gaude gertatzen ari den guztiaren aurrean haserrea adierazteko". Argi eta garbi salatu zuten atzo, Bermeon, Israelgo armadak Global Sumud Flotilla erasotu izana, eta flotillako kideak etxera itzultzea, eta egia zein neurri irmoak ezartzea exijitu zuten.
Israelgo armadak Global Sumud Flotillaren aurka egindako erasoa salatzeko elkarretaratzea Bermeon.Bermeoko Udala Israelgo armadak Global Sumud Flotillaren aurka egindako erasoa salatzeko bildu ziren herritarrak, atzo (apirilak 30), Bermeoko Goiko plazan, eta, bertatik, atxilotuta zein desagertuta dauden pertsonak babesteko aldarria zabaldu zuten. Izan ere, Flotillan hamahiru euskal herritar zihoazen —haien artean bermeotar bat—, eta haietako zazpi daude soldaduek atzeman dituztenen artean. Hala ere, nahasmena handia da. Gazara laguntza humanitarioa eramatea eta Israel han egiten ari den genozidioa salatzea ditu helburu flotillak, eta, horretako kideek salatu dutenez, Israelgo armadak segizioko 22 itsasontzi inguratu zituen atzo —58 doaz guztira—, eta ontzietako motorrak eta nabigazio sistemak hondatu zituzten; horren ondorioz, zenbait itsasontzi norabidea ezarri ezinik daude, itsasoaren eta ekaitzen menpe.
Hain zuzen ere, sei euskal herritarren berririk ez dutela oraindik salatu zuten. “Ezin dugu isilik gelditu. Gaur gertatu dena oso larria da: pertsona zibilak, laguntza humanitarioa eramateko itsasoratu direnak, Israelgo armadak erasotu eta atxilotu ditu, nazioarteko uretan. Hori onartezina da. Hau bidegabekeria da. Eta hori ezin dugu normalizatu. Are larriagoa da egoera, jakinda sei pertsonaren kokapenari buruz ezer ez dakigula. Ez dakigu non dauden, zein egoeratan dauden. Eta horrek are gehiago estutu digu bihotza eta pizten digu amorrua“, adierazi zuen Nadia Nemeh Bermeoko alkateak.
“Inpunitatea, isiltasuna eta bidegabekeria ezin dira normalizatu”
Hala, flotillako kideak etxera itzultzea eta egia zein neurri irmoak ezartzea exijitu zuten. Alkateak esan zuen “etengabeko harremanetan” daudela Espainiako ministerioarekin, informazioa eta gertatu denari buruzko argitasuna eskatzen: “Neurri irmoak eskatzen ari gara. Ez ditugu hitzak bakarrik nahi. Ekintzak nahi ditugu. Gure herrikidearen segurtasuna bermatu dadila nahi dugu. Desagertuta dauden sei pertsonen berri berehala jakin nahi dugu. Eta guztiak etxera bueltatu daitezela nahi dugu, lehenbailehen”.

Israelgo armadak Global Sumud Flotillaren aurka egindako erasoa salatzeko elkarretaratzea Bermeon.Bermeoko Udala
Ondorioz, Bermeotik argi eta garbi adierazi zuten: “Nahikoa da. Nahikoa da inpunitatez, nahikoa da isiltasunaz eta nahikoa da beste aldera begiratzeaz. Gaur ez gaude hemen gure herrikide baten segurtasunagatik kezkatuta bakarrik. Gaur hemen gaude gertatzen ari den guztiaren aurrean haserrea adierazteko. Gaur hemen gaude Palestinako herriak bizi duen egoera salatzeko”. Blokeoa, indarkeria eta “etengabe urratzen” diren oinarrizko eskubideak izan zituzten gogoan, “inpunitatea, isiltasuna eta bidegabekeria ezin direla normalizatu” azpimarratzerakoan.
“Gure herrikideagatik, flotillako pertsona guztiengatik, eta zapalkuntza pairatzen duen herri oso batengatik. Ezin dugu hau gehiago normalizatu, ezin dugu gehiago isildu”
Israelen erasoaldiei erantzuteko herri aldarria izan zen atzoko elkarretaratzea Bermeon. Kostako herriak badakite zer den itsasora ateratzea, zer den zain egotea, zer den beldurra: “Horregatik, gaur, familiei esaten diegu: ez zaudete bakarrik. Herria zuekin dago. Herria justiziaren alde dago, herria duintasunaren alde dago, eta herri hau ez da isilduko”.
Hala ere, atzo elkartzea ez dela nahikoa adierazi zuen Nemehk, eta Palestina babesten jarraitzeko deia kaleratu zuen, Palestinarekiko elkartasuna berresten segitzekoa eta justiziaren alde lanean jarraitzekoa: “Israel isolatu egin behar dugu, ahalik eta harreman ekonomiko eta komertzial gehienak apurtuz. Bermeok aspaldi hartu zuen konpromiso hori: eta horri eutsiko diogu. Gure ahotsa altxatuko dugu: kalean, instituzioetan, eta behar den leku guztietan. Gure herrikideagatik, flotillako pertsona guztiengatik, eta zapalkuntza pairatzen duen herri oso batengatik. Ezin dugu hau gehiago normalizatu, ezin dugu gehiago isildu. Bermeok erantzun egingo du”.
.