LED teknologiaren ezarpena "ia udalerri osora" zabaldu du Foruko Udalak
Herriguneko argiteria publikoa berritzen jarraitzen du EAJren udal gobernuak. Atxeta, Dantzarien Plaza, Askatasuna Bidea eta J.M. Torrealdai Kultur Etxearen inguruan egingo dituzte hurrengo esku hartzeak.
Udalerriko argiteria publikoa berritzen jarraitzen du udalakForuko EAJ Herriguneko argiteria publikoa berritu eta LED teknologiaren ezarpena “ia udalerri osora” zabaldu du Foruko Udalak. Izan ere, Atxeta, Dantzarien Plaza, Askatasuna Bidea eta J.M. Torrealdai Kultur Etxearen inguruan egingo dituzte hurrengo esku hartzeak, hiru hilabetetan bukatuta egotea aurreikusten dituztenak. EAJren udal gobernu taldeak balioan jarri du udalerriak eredu energetiko eraginkorrago eta jasangarriago baterantz aurrera egin dezan hartutako konpromisoaren betetze-maila.
Proiektua aurrera eramateko inbertsioa 102.736,02 eurokoa izango da, Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzaketarekin. Esku hartze berriak “udal estrategia energetikoaren barruan urrats erabakigarria” suposatzen duela azpimarratu dute jeltzaleek, LED teknologiaren ezarpen progresiboagaz eraginkortasun energetikoa hobetu eta kontsumoa murriztea lortuta, herritarrekin hartutako konpromisoan aurrera egiten jarraitzea ahalbidetuko dielako.
Udal gobernu taldeak gogorarazi du azken urteetan udalerriko argiteria publikoa berritzeko “prozesu garrantzitsua” gauzatu dutela, Atxondoa, Baldatika, Armotxerri, Gaitoka eta Urberoagan esku-hartzeak egin baitituzte: “Agintaldi honetan aurrerapausoak eman dira herrigunean, Eleizalde, Zelei, bidegorrian eta Ibarra inguruan egindako esku-hartzeekin, hobekuntza-prozesu honi jarraipena emanez”.
Energia kontsumoaren analisia eta murrizketa helburu dituen energia politika integrala EAJk bultzatutako proiektua dela nabarmendu dute. Halaber, balioan jarri dituzte energia berdearen kontratazioa, udal eraikinetan autokontsumorako sistema fotovoltaikoaren instalazioa edo ibilgailu elektrikoentzako karga-puntuen ezarpena bezalako esku hartzeak, “Forua jasangarritasunean erreferente bihurtzen” dutelako.
“Pauso sendoak ematen jarraitzen dugu eredu energetiko eraginkorrago eta jasangarriago baten alde hartutako konpromisoa betetzeko bidean. Jarduketa honek argiteria publikoa hobetzen jarraitzea ahalbidetzen du, energia kontsumoa murriztuz eta foruarren bizi-kalitatea hobetzen lagunduz”, adierazi dute alderdi jeltzaletik.