Lehenengo sektorea ehuntzen jarraitzeko irudi berria dauka Busturialdeak
EHUN - Bizitzaz josita aurkeztu dute gaur [apirilak 29], eskualdeko nekazaritza-elikagaien sektoreari "ikusgarritasuna, kohesioa eta proiekzioa" ematen laguntzeko marka berria.
Busturialdea-Urdaibaik lehenengo sektorea sektorea ehuntzen jarraitzeko marka berria dauka: EHUN – Bizitzaz josita. Gaur goizean [apirilak 29] BBK Klimak Busturian duen egoitzan aurkeztu dute eskualdeko ekoizleen, eragileen eta eta erakundeen lana batu, ordezkatu eta proiektatzea bilatzen duen proiektu kolektibo berria. Lehenengo sektorea bildu eta koherentzia emango dion aterki izateko sortu dute EHUN, eta marka horretan integratuta daude Busturialdeko nekazaritza-elikagaien ekosistema osatzen duten jarduerak, ekimenak, produktuak eta eragileak.
Sare kolektiboa da EHUN; izan ere, ekoizleen, eragileen eta erakundeen arteko parte hartzearen emaitza da. Azaroan, lehenengo sektoreari buruzko kezkak eta ideiak trukatzeko topaketan bildu ziren, eta azaldu dutenez, bertan jasotako ikuspegietatik eta balioetatik abiatuta eman diote forma Busturialdeko nekazaritzaren eta elikagaien sektoreko irudi berriari. EHUN eskualdean lehenengo sektoreari eusten dioten pertsonen lanari egindako aitortza gisa definitu dute, inkestek, lan-mahaiek eta elkarrizketa-guneek sektore anitz baten ekarpenak jasotzea ahalbidetu baitu: “Ez da kanpotik etorritako proposamen gisa sortu, barrutik eraikitako nortasun baten adierazpena da, entzutean, hausnarketa partekatuan eta elkarlanean oinarritua. Ekoizleen lanaren kalitatea aitortu eta modu koherentean eta bateratuan aurkezteko irudia izan nahi du EHUNek”, azaldu du aurkezle lanetan aritu den Ander Egiluz kazetariak.
Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapen Elkarteko gerenteak azaroko topaketaren garrantzia nabarmendu du gaurko egunari, EHUN irudiaren aurkezpenari “zentzua” ematen diolako: “Ez da atzoko gauza; Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Zerbitzuak eta Urremendik denbora luzea daramagu eskualde mailan lehenengo sektorean eta horren inguruan mugitzen diren edota mugitu nahi diren ideiei eta proiektuei babesa ematen, beti ere Bizkaiko Foru Aldundiaren eta eskualdeko udalen laguntzagaz”.

Joseba Santorum eta Aitziber Ansotegi, EHUN markaren aurkezpenean
EHUN “ez dela marka komertziala” azpimarratu du Ansotegik, hobeto antolatzeko, ikusgarritasuna irabazteko eta etorkizuneko erronkei modu bateratuan aurre egiteko aukera emango duen tresna baizik: “Emaitza nortasuna da, ez bakarrik ikusgarritasuna ematen duena, baizik eta lurraldean lanean ari direnen ahalegina, kalitatea eta konprimisoa aitortu eta balioan jartzen dituena”. Sektore “estrategikoa” da lehenengo sektorea, eta marka berria posizionamendua indartzeko, aukera berriak sortzeko eta eskualdeko ekonomiaren barruan daukan rola sendotzeko lagungarri izan daitekeela uste du Urremendiko gerenteak.
Lehen sektoreak Urdaibai Biosfera Erreserbarentzat daukan garrantzia nabarmendu du Joseba Santorum Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Zerbitzuaren zuzendariak: “Ondare naturala zaintzeko unean, zein garapen sozioekonomiko jasangarri eta orekatua lortzeko unean, oso garrantzitsua da”. EHUN sektore errotu eta indartuaren “nortasun irudi gisa” aurkeztu du, bizitzeko eta egiteko modu baten oinarriak ezartzeko balioko duelako: “Etorkizuneko erronkei elkartuta aurre egiteko tresna izango da”.
Irudi zurruna baino gehiago, EHUN “etengabe eraikitzen ari den sare bizia” dela zehaztu dute, errealitate ezberdinak “nortasun partekatu beraren pean” lotuko dituena: “Egitura malgua baina indartsua dauka, sektorearekin batera egokitu eta hazteko gai dena”.
Sare bizia lehenenego sektorean dihardutenek osatzen dutenez, pertsona horiei ahotsa emateko asmoz mahainguruagaz biribildu dute aurkezpen ekitaldia. Andoni Agirrebeitia Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendariak, Garazi Llona Baserritik Gernikara elkarteko kideak eta Ager Lejarreta Urremendi Landa Garapen Elkarteko presidenteak hartu dute hitza, EHUNek Busturialdeari ze onura ekarriko dizkion azaltzeko. Lejarretak uste du “sektorea indartuko” duela, eta Llonak, ostera, “inflexio puntua” izango dela: “Izena daukana bada, eta gauzei, proiektuei, izena jartzea garrantzitsua da. Bultzada emango dio sektoreari”. Agirrebeitiak azaldu legez, gehiegizko informazioak gizartea “nahasten” du, eta bide horretan, EHUNk proiektu eta produktuen atzetik “zer eta nor dagoen identifikatzeko” balioko du: “Askotan gizarteak ez du sektorea ulertzeko sentsibilitate nahikoa; ez dugu ikusten atzean dagoen esfortzu guztia. Marka berriak horretan lagunduko digu”.

Baserritik Gernikara eta Jakigune nekazaritza-elikaduraren arloko ekintzailetzarako partekatutako gune fisikoko kide da Llona, eta irudi berriak ekoizle eta proiektuei egin ahal dien ekarpenaz hausnartu du: “Bakoitzak bere historia dauka, baina sarean, historiak batu eta elkarrekin goazenean, indartsuagoak gara, babestuago sentitzen gara. Proiektu bakoitzak bere identitatea dauka eta garrantzitsua da horri eustea, baina puntu amankomunak ere baditugu, eta batera joatea garrantzitsua da. EHUN babesgunea izango da, erakunde eta ekoizleen babesa daukan aterkia, eta denok batera gauza politak egitea ahalbidetuko diguna”. Bezeroek konfiantza sentitzea ere ekarriko duela uste du, produktua bertakoa eta bertako ekoizle batek ekoiztua dela ezagutuko duelako. Lehenengo sektorearentzat “benetako lehenengo inflexioa” pandemia izan zela nabarmendu du Lejarretak ere, gizartea orduan hasi zelako “hurbileko gauzak zein beharrezkoak diren baloratzen”.
Nekazaritza zuzendariak lehenengo sektoreko belaunaldi erreleboan jarri du fokua, “erronka orokorra” delako. Errentagarritasuna eta bizi kalitatea bermatuta ez dauden bitartean, erronka horri aurre egitea “zaila” izango dela aitortu du, horretarako, iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako nekazaritza sektorean belaunaldien arteko erreleboa egiteko plan integrala onartu zutela gogorazteagaz batera. Lehenengo pausoak ematen badabiltza ere, EHUNek sektoreari “errentagarritasun handiagoa” izateko indarra eta gizartera zabaltzeko aukera eskainiko diola uste du.

Hainbat ordezkari instituzionalek eta sektoreko ordezkarik parte hartu dute aurkezpenean
Sektorea “kate handia” da, ekoizpenetik produktua bezeroaren eskuetara iritsi bitartean, “agente ezberdin asko” barnebiltzen dituena. Gazteen gabezia “kate guztian zehar” antzeman du Llonak: “Garrantzitsua da gazteak atal guztietara erakartzea, beraiek eta beraien atzetik datozen umeak direlako etorkizuna. Ekoizle barik, ez dago kontsumitzailerik, eta kontsumitzaile barik, ez dago ekoizlerik”. Ekoizleek Busturialdean lehenengo sektoreak etorkizuna daukala eta hortik “duintasunez” bizi daitekela ikustearen garrantzia azpimarratu du, kontsumitzaileen aldetik “kontzientzia falta” dagoela zehazteagaz batera: “Kontzientzia falta da, batez ere, gazte eta umeengan. Bertako produktuen atzean dagoen proiektua, ideologia eta egiteko modua ulertzea garrantzitsua da. Lan pedagokiko asko dago egiteko”.
Marka berria eratuta, kontzientzia pizte horretan laguntzeko EHUN zabaltzeko momentua dela deritzo Lejarretak: “Aterkia dugu eta ekoizleak horretan sartuta daude; orain komunikatzeko momentua da, bai etxe zein inguruetan, bai instituzionalki. Kontziantzia pizte horretan, gurasook errua izan dezakegu gazteek zer jan eta zer kontsumitzen duten horretan; gertukoa apur bat garestiagoa bada ere, kalitatezkoa dela barneratu eta hori erakutsi behar diegu gazteei”.