Atuna balioan jartzeko pintxo lehiaketa antolatu dute
Bermeoko 15 tabernak I. Bermeo Tuna Pintxo Lehiaketan parte hartuko dute barikutik [maiatzak 1] domekara [maiatzak 3] bitartean. Bezero eta establezimenduentzat sariak egongo dira.
Bermeoko 15 establezimenduk parte hartuko dute Bermeo Tuna Pintxo Lehiaketan. Maiatzaren 2a [zapatua] Atunaren Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuta, atunaren balio kateko eragileak biltzen dituen Bermeo Tuna World Capital elkarteak I. Bermeo Tuna Pintxo Lehiaketa antolatu du. Hala, barikutik [maiatzak 1] domekara [maiatzak 3] bitartean herriko 15 establezimenduk atunarekin eta hegaluze jasangarriarekin egindako pintxoak eskainiko dituzte.
Lehiaketaren helburua atuna balioan jarri, Bermeoko arrantza tradizioagaz duen lotura azpimarratu eta udalarriko ostalariek beraien proposamenetan egiten duten berrikuntza eta jasangarritasunaren aldeko lana nabarmentzea da. Horregatik, pintxoak egiteko erabiliko duten produktua “bertako flotatik” datorrena izango da, baita inguruko kontserba-enpresetatik eta atunaren sektoreko enpresetatik ere.
Asteburuan Bermeora bertaratzen den edonork izango du 15 tabernak bisitatu eta pintxoak dastatzeko aukera, 14:00ak orduko. Pintxo janak gainera, saria izan dezake. Antolatzaileek bezero zein establezimenduentzat sariak prestatu dituzte: publikoaren artean “herriko establezimenduetan gozatzeko hainbat esperientzia” eta Bermeo Tunako atun jasangarriko kontserba-sortak zozkatuko dituzte; taberna irabazleak, berriz, txapela eta 300 euroko bonoa jasoko ditu, bere ohiko kontserba hornitzailean trukatzeko.
Zozketan parte hartu nahi duten herritarrek establezimenduetan eskuragarri egongo den libuxka eskuratu beharko dute eta, gutxienez, hiru taberna ezberdinetan pintxoak kontsumitu beharko dituzte. Tabernariari liburuxkan zigilua jartzea eskatu beharko diote, norbere datuekin bete eta tabernetan kokatuko dituzten kutxetako batera bota. Establezimendu parte hartzaileak ondorengoak dira: Alakrana Bermeo, Andeko, Batun Batun, Bokale, Artza Frontoiko Taberna, Kai Alde, Zubigane, Bermeoko Kafe Antzokia, Toki Alai, Etxepe, Leku, Galerna, Oker, Joshe Mari eta Eguzki.