Sendo dago bertsolaritzaren harrobia
37. Garriko Egunean bildu ziren bertsozaleak domekan (apirilak 26), Muxikako Ariatzan. 103 gaztek parte hartu zuten, bertsolaritzaren harrobia sendo dagoela erakutsiz.
37. Garriko Egunak jendetza bildu zuen Muxikako Ariatzako Eskolan. Garriko Bertso Eskola Bertsolaritzaren transmisioak duen balioa aintzat hartzea eta hori sustatzea bilatzen dute Garriko Bertso Eskolakoek, eta horren adibide garbia da Garriko Eguna. Aurten, 37. aldiz egin dute eskualdeko ume eta gaztetxoei zuzendutako bertso idatzien sariketa Muxikako Ariatzako Eskola berrituan, domekan (apirilak 26), eta 103 gaztek parte hartu zuten. Bertan izan ziren, “euskaldun giroan”, irakasleak, bultzatzaileak eta gurasoak, plaza gertuko lagunez betez.
Parte hartzea “oso altua” izan da beste urte batez. Izan ere, ohi legez, Busturialdeko ehunka ikaslek parte hartu dute bertso idatzien lehiaketan, ikastetxeetan lehenengo, eta finalean gero. Muxikara, hain zuzen, ikastetxeetako ikasleak, ikastoletakoak edota bertso eskoletakoak bertaratu ziren, hamabi entitatetatik.
Bertsolariek ordu beteko tarteaz gozatu zuten euren bertsoak sortzeko, eta adinaren arabera idatzi zituzten gaiak: A mailakoak —5. eta 6. mailakoak—, B mailakoak —DBH 1. eta 2. mailakoak— eta D mailakoak —DBH 3., 4. mailakoak eta batxilergokoak—.
Parte hartzaile gehien A mailan bildu zen, 80 bertsozalerekin, eta 16 izan ziren B mailakoak. Horiek hiru ariketa egin behar izan zituzten: zortziko txikian bertso bat osatu behar izan zuten, oinak emanda; bigarren ariketan puntua emanda zortxiko txikia osatu behar izan zuten; eta, hirugarrenean bertso bat egin behar izan zuten, nahi zuten neurrian, ‘amuma’ edo ‘aitite’ gaietako bat aukeratuta.

37. Garriko Egunak jendetza bildu zuen Muxikako Ariatzako Eskolan.Garriko Bertso Eskola
D mailan, aldiz, zazpi izan ziren bertsolariak, eta, horiek ere, hiruna ariketa egin behar izan zituzten: zortziko txikian bertsoa osatu behar izan zuten, oinak emanda; emandako azken ountuagaz bertsoa osatu zuten zortziko handian; eta neurri librean Guernica koadroari buruzko bertsoa osatu behar izan zuten.
Lanak eginda, 300 bertsotik gora irakurri, baloratu eta erabakiak hartu behar izan zituzten bost epailek. Eta hori egiten zuten bitartean, bertaratutakoek bertso saioa izan zuten aukeran.
Behin erabakiak hartuta, azken bizpahiru urteetan eman izan ez duten garrikoa berreskuratu dute, berdea, gorria eta beltza, mailaren arabera. Horietako garriko bat Aizpea Lekerikak jaso zuen, bera izan baitzen irabazlea A mailan. Beraz gain, Malen Oarrek eta Lander Moyak jaso zituzten bigarren eta hirugarren sariak, hurrenez hurren. Bestalde, B mailan Irati Labajos nagusitu zen, Lur Kotoren eta Imanol Markaidaren aurretik. Eta, D mailako onena izan zen Aretx Iruskieta; bere atzetik geratu ziren Beñat Enbeita eta Eneko Ugarteburu.
Horiez gain, lanak txukun egin zituzten parte hartzaileek, eta beste hainbatek ere aipamen bereziak jaso zituzten: Peru Miñaurrek, Euken Esnaolak, Malen Eskibelek, Aretx Burgoak, Martin Barrenak eta Daren Crespok.

37. Garriko Egunak jendetza bildu zuen Muxikako Ariatzako Eskolan.Garriko Bertso Eskola