Marco Martin, Natxituan garaile
Marco Martin Cuevas nagusitu da 30. Natxituko Txirrindulari Lasterketan. Angelutxuko igoeraren azken kilometroan egindako erasoaldi bortitzak eman dio garaipena BBK-Euskadi Fundaziokoari.
Argazkia: BBK-Euskadi Fundazioa. BBK-Euskadi Fundazioko Marco Martin Cuevas sendoena izan zen, iragan domekan [apirilak 26], 30. Natxituko Txirrindulari Lasterketan. Aurtengo Euskaldun Torneoko hamargarren proba puntuagarria azterketa gogorra izan zen tropela osatu zuten 139 parte hartzaileentzat; ziklistek koskaz eta bihurgunez jositako 119 kilometroko ibilbide itogarriari aurre egin behar izan zioten. 100 lagunek baino ez zuten Natxituko helmuga lerroa harrapatu, eta garailearen batez besteko abiadura orduko 42 kilometrotik gorakoa izan zen, gogortasunaren isla.
Lehen kilometroetatik, erasoaldiak eta ihesaldi saiakerak izan ziren nagusi. Natxitutik egin zuten estreinako pasaeratik Kapelmuur-Hermitageko Lucas Muzas Esteban igaro zen lasterketa buruan, baina bere errenta txikia zen oso. Bigarren pasaeran, ostera, tropela luze-luze eginda igaro zen, ihesaldirik gabe. Ispasterretik Ereñora arteko errepide gorabeheratsuak, mendaterik eduki ez arren, eragin argia eduki zuen lasterketaren bilakaeran, geroz eta gehiago xehetu baitzuen tropela.

Argazkia: Natxitukue.
Hala, helmugarako 12 kilometroren faltan egin zuten Natxituko azken pasaera, probaren zati erabakigarria orduko. 10 kilometro ingurutan, Bedaronara igo ziren lehenengo, eta Angelutxutik barrena Natxitura, azkenik. Mendateotan piztu ziren suziriak, eta Eako herrigunera, Angelutxuko malden magalera, bederatzi laguneko taldea aurrea hartuta iritsi zen. Azken aldapa hark egin zituen epaile lanak. Azken kilometroan, Caja Rural-Alea taldeko Adria Regada Hierro metro batzuk hartzen saiatu zen, baina bere erasoaldia atoan blokeatu zuen Martinek, eta beste horrenbesterekin erantzun zion jarraian.
Inor ez zen gai izan BBK-Euskadi Fundaziokoaren erasoari aurpegia erakusteko: Martinek nagusitasunez eta 02.49.15eko denborarekin irabazi zuen lasterketa. Bigarren eta hirugarren postuak, hurrenez hurren, Eulen Amenabarreko Marc Torres Colomar eta Finisher Kern Pharmako Markel Gonzalez Somarribarentzat izan ziren, garailearengandik segundo batera helmugaratuta. Lehen metroetan oso aktibo azaldutako Muzas izan zen tarteko helmugen sariaren jabe; mendiko sailkapena, ostera, lasterketaren garaileak eroan zuen.

Argazkia: Natxitukue.
“Azken karta”, amaieran.
Podiumera igo orduko, Martin “ezin pozago” azaldu zen. Izan ere, bezperan [apirilak 25], Lazkaon ere garaipena lortu zuen, bere sasoi fisiko izugarriaren erakusle. Taldeak ihesaldietan “presentzia handia” izatea “giltzarritzat” jo zuen irabazleak, azken zatiari lasterketaren “kontrolpean” heltzeko: “Natxiturako azken aldapan lasterketa buruan gindoazen txirrindularien mugimenduak kontrolatzen eta amaieran nire distantzia bilatzen saiatu naiz; arinago ere saiatu naiz ihesera jotzen, baina azkenean azken kilometroan baliatu behar izan dut nire azken karta. Maiatzean lasterketa oso garrantzitsuak lehiatuko ditut, eta badirudi momentu fisiko oso onean iritsiko naizela”.