Gerra kazetarien "egiarekiko konpromisoa" balioan jarri dute
George Steer kazetariak Gernikako bonbardaketa mundura zabaltzeko erakutsitako "ausardia" azpimarratu zuten atzo [apirilak 26], bere monolito aurrean egindako omenaldian. Kazetariaren semeak gerra kazetariak "eguneroko historialariak" direla nabarmendu zuen, "ohore guztia" merezi dutela iritzita.
George Steer kazetariaren monolitoaren aurrean lora eskaintza egin zuten atzo Urtero legez, apirilaren 26a bonbardaketaren urteurrena gogoratu eta herriak pairatutakoa mundura zabaltzen lagundu zutenak omentzeko baliatu zuten Gernika-Lumon. Omenaldietako geldialdi esanguratsuenetako bat George Lowther Steer kazetariaren monolito aurrean egin zuten, The Times egunkariko kazetari britainiarraren “ausardia eta egiarekiko konpromisoari esker” Gernikako bonbardaketa ez zelako isilean geratu; kazetariak gertakarien kronika zehatza egiteaz gain, “biktimen ahotsa munduratu” eta Gernika gerren aurkako sinbolo bihurtzen lagundu zuen.
George Barton Steer kazetariaren semeak ekitaldian parte hartu zuen, eta bertaratutako erakundeetako ordezkariei zein herritarrei bere aita omendu eta “apirilero haren oroimena gogoratzeagatik” eskerrak eman zituen. Pozarren agertu zen kazetariaren Gernikako arbola. Gerra modernoaren landa-azterketa lana — The tree of Guernica. A fiel study of modern war— euskaraz irakurtzeko eskuragarri dagoelako, “euskaltzaleek nire aitak Gernikako herriarekiko erakutsi zuen begirune eta miresmena irakur dezaten”.

Aurtengoa ez da Steerek bere aitaren omenaldian parte hartu duen lehen aldia izan; berak gogoratu zuen bezala, bakearen eta giza eskubideen alde egiten duten kazetarien lana nabarmentzea helburu duen I. George Steer Gernika Sariaren sari banaketan partu hartu zuen: “Dakizuenez, gaur egun ere kazetari askok zibilen aurkako bonbardaketen eta errefuxiatuen egoeraren berri ematen jarraitzen dute, nire aitak duela 89 urte Euskal Herrian egin zuen bezala. Tradizio noble bezain arriskutsu horrek bizirik dirau”. Bere aitaren hitzak gogora ekarrita, kazetari ausart horiek “eguneroko historialariak” direla azpimarratu eta “ohore guztia” merezi dutela nabarmendu zuen.
Jose Mari Gorroño Gernikako alkateak Steer kazetariak Gernikan bizitakoa zabaltzeko erakutsitako konpromisoa eta “justiziaren alde egindako lana” eskertu zituen: “Egiarekiko zuen konpromisoak ezabaezina izango den aztarna utzi zuen Gernikako historian, bidegabekeriaren aurrean ahots sendoa mantendu zuen, eta Gernikako bonbardaketari buruz egin zuen kronikak mundura zabaldu zuen hemen bizi izan zen lazgarrikeria, eta ezkutatu nahi zituzten egiak azaleratu zituen”.
¡ 
Steerrek bezala, Gorroñok ere gaur egun gerren berri ematen duten kazetariak gogora ekarri zituen, gerretan indarkeriak “isiltasuna inposatzeagaz mehatxatzen” duenean beraien jardunak “funtsezko balioa” hartzen duelako: “Ez dute soilik informazioa zabaltzen; testigantzak zabaltzen dituzte, suntsipenaren aurrean egia bilatzen dute, injustizia ezkutuan geratu ez dadin eta biktimak ahaztuak izan ez daitezen”. Gerra kazetarien ausardiak prentsa askatasuna gizarte demokratiko ororen “funtsezko oinarria” dela erakusten duela nabarmendu zuen alkateak, “egiazko informazio barik ez dagoelako kontzientziarik”: “Kazetariak babestea egia babestea da; egia giza duintasuna eta demokrazia defendatzea da, baita une zailenetan ere”.