Steerren liburuaren euskarazko bertsioa aurkeztu dute
George Steer gerra kazetariak idatzitako 'The tree of Guernica. A fiel study of modern war' liburuaren euskarazko edizioa aurkeztu dute gaur Batzarretxean. Memoria historikoa berreskuratzeko beste pauso bat izan da.
Memoria historikoa berreskuratzeko beste pauso bat eman dute gaur Gernika-Lumoko Batzarretxean. Gernikako bonbardaketaren 82. urteurrenaren atarian, George Steer gerra kazetariak 36ko gerran idatzitako The tree of Guernica. A fiel study of modern war liburuaren euskarazko edizioa aurkeztu dute.
Gernikako arbola. Gerra modernoaren landa-azterketa bat izenburu duen euskarazko bertsioan, Mikel Aiestaran gerra kazetariak eta Nicholas Rankin Steerren biografoa denak parte hartu dute; izan ere, hitzaurre bana idatzi dute. Koro Navarro itzultzaile donostiarrak euskaratu du lana; Euskadi Literatura Saria irabazi zuen 2003. urtean. Liburuak 36ko gerran Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban gertatutakoak jasotzen ditu xehetasunez.
Gernika-Lumoko Batzarretxean egin dute aurkezpena, eta Steer kazetariaren monolitoa bisitatu dute gero. Ekitaldian Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, eta hitzaurrea idatzi duten Rankin eta Ayestaranek parte hartu dute. Egia azaleratzeaz arduratu zen kazetariaren oroimena gogoratu dute, eta memoria historikoa berreskuratzeko beste pauso bat eman dutela esan dute denek ala denek.
Mikel Aiestaranek Gernikako bonbardaketatik zortzi hamarkada pasatu direla gogoratu du gaur, baita liburuaren hitzaurrean ere. Liburua, gainera, “kazetaritza lan historikoa” dela deritzo: ” Steerrek gerra garaian idatzi zituen kroniken kronika zabala da liburua. Gertaerak dira protagonista, baina kazetariek zuten lan egiteko modua ezagutzeko bide zuzena ere bada”. Gainera, 36ko gerraren nondik norakoak ezagutarazten laguntzen duela ere esan du.
Bere lanak zertarako balio duen bere buruari hainbat aldiz galdetzen diola aitortu du Aiestaranek, eta liburuak galderari erantzuna ematen diola adierazi du: “Egia kontatuta, hainbat gauza lortu zituen. Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan argitaratutako kronikei esker, egia ezagutarazi zuen”.
Nicholas Rankinek, bere partetik, beretzako Steerren biografoa izatea ohorea dela esan du euskaraz. “Gernikako bonbardaketaren 60. urteurrenean ezagutu nuen Steerren lana, irrati saio bat prestatzen nengoela. Paul Prestonekin elkarrizketa egin nuen, eta orduan, Steerren biografia idazteko lanean hasi nintzen”, kontatu du britainiarrak. Hala, berarentzat hitzaurrea idaztea “ohore handia” dela dio.
Memoria historikoa lantzeko beharrezkoa. Gerren azterketa bat da Gernikako Arbola liburua Ana Otaduirentzako: “Euskarazko edizioagaz beste pauso bat ematen dugu gure memoria historikoa berreskuratzen joateko. Steer kazetari libre eta zintzoa izan zen, objektiboa. Benetan gertatutakoa erakustea lortu zuen, eta Gernika munduan ikur bihurtzen lagundu zuen”.
Gaur aurkeztu dutena, tresna eraginkorra dela adierazi du Otaduik: “Euskarazko edizio honekin, aurrerapauso bat eman dugu gure memoria historikoa berreskuratzen. Gazte euskaldunek jada, liburu entretenigarri eta zehatzaren bitartez gure historia ezagutzeko aukera paregabea edukiko dute, eta gainera, euskaraz”.
Manu Leginetxe kazetaria arratzuarra gogoratu du Otaduik: “Ni neu naiz proba nahiko, gerra guztiak galdu egiten direla erakusteko”. Leginetxeren berbak kontatuta, Euskal Herriak gerra galdu egin zuela, baina denboraren ondorioz memorian garaitu egin zuela esan du.
Bingen Zupiria sailburuak lan hau berreskuratzeak eta euskaraz eskaintzeak duen garrantzia nabarmendu du gaurko aurkezpenean. “Erreferentziazko lan bat da euskal bibliografian, gure gizarearentzat garrantzia handia izan zuen. Steerrek ekarpen oso garrantzitsua egin zuen Gerra Zibilean zehar gerran gertatutakoa transmitituz, eta egiarekiko konpromiso irmoa agertu zuen: garai hartako fafe newsen aurka egin zuen-eta”.
Liburu hau euskaratzea Eusko Jaurlaritzak Gernika-Lumorekin, idazlearekin eta gizartearekin zeukan zorra zela aitortu du Zupiriak: “Jatorrizko ediziotik egindako itzulpena da liburua. Irudiak berreskuratu dira. Edizio berri honek euskal gizartearen memoria demokratikoa berreskuratzen lagunduko du”.
Laster, salgai. Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusiak argitaratu du lana, eta datozen egunotan jarriko da salgai. Bere bertsio digitala eLiburutegia euskal liburutegi digitalean ere eskura daiteke.