4 minutuz, mundu oso bat
4 minutuko sirena hotsak hartu ditu, apirilaren 26ro modura, Pasealekua, Astrako babeslekua, Errenteriako zubia edota Merkurio ingurua.
Gernika Batzordearen eta Euskal Herriko Giza Eskubidearen Behatokiaren kideak, atzo arratsaldean, Pasealekuan. Ver esta publicación en Instagram
Gernikako Bonbardaketaren 89. urteurrenean, 4 minutuz aktibatu dute oroimenaren sirena Astrako babeslekutik eta Pasealekutik, hurrenez hurren, Euskal Prospekzio Taldeak eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak.
Gernika Batzordeak gonbidatuta, Agus Hernan, Iratxe Urizar, Ainara Esteran eta Argiloa Pinzolas Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiaren kideek piztu zuten Pasealekukoa. “Egia, aitortza, memoria eta justiziaren aldeko euskal erakundeak aktibatu du sirena, eta guretzat ohorea da Gernika eta euskal jardueragaz harremana eduki duen memoria, egia, aitortza eta justiziaren inguruan elkarlana sustatzeko ekinbidean batera gaudelako”, adierazi zuten Gernika Batzordearen ordezkariek.
Oso hunkituta amaitu zuten ekitaldia behatokikoek. “Gorputz osotik zirrara izugarria sentitu dut”, aitortu zuen Esteranek. Sirena pizteko aukera eta ardura “harrotasunez” hartu zuten. Momentu ·”oso hunkigarria eta oso berezia” dela eta “betirako gordeko” zutela nabarmendu zuten laurek. “Bazirudien lau minututan mundu oso bat, iraganetik etorkizunera doan mundu bat, pasatu dela. Gogoan, azalean eta gorputz osoan izan ditut era batera edo bestera frankismoa pairatu zuten guztiak, baita ere izan ditut nire azalean eta bihotzean frankismoaren kontra borrokatu zuten guztiak eta Franco hil ondorengoak ere”, adierazi zuen Esteranek. Era berean, gaur egun Palestinam, Libanon, Sudanen eta munduko hainbat tokitan faxismoaren atzaparretan dauden guztiak ere gogoan izan zituzten.
Lau minutuko memoria ariketa hori gaur egun borrokan jarraitzeko “oihu bat” ere badela eta euren lanarekin jarraitzeko bultzada eman ziela zehaztu zuten: “Behatokiaren lanarekin jarraitzeko indarra hartzeko, aurrera jarraitzeko indar gehiago eman digun momentu oso berezia eta solemnea izan da, herri honen parte izateari lotua”. Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiaren izenean mezu ozena helarazi nahi izan zuten Gernika-Lumotik: “Nahiko genuke sirena hots hau etorkizuneko kantu bihurtzea, askatasunari kantua, bizitzari kantua, ez hemen, ez inon, ez orain eta ez gero gerrarik ez esateko”.
Gernika Batzordearen gonbidapena errekonozimendu moduan hartu zuten, eta oso eskertuta agertu ziren: ” Ez dugu uste merezi dugunik; biktimek merezi dute, guk beraien alde lan egingo dugu, eta Espainiako Estatuaren biktimek sufritu duten diskriminazioa gainditzeko, eta batez ere, justiziaren bila joateko konpromisoa hartzen dugu”. Ekitaldi amaieran gogoratu zuten bezala, biktima guztientzako egia, justizia eta erreparazioa eskatzeko eta lortzeko eta gertatutakoak ez errepikatzeko bermeak sortzeko jaio zen behatokia. Funtzio “zaila bezaien konplexua” dauka, baina bertako kideek konpromisoz dihardute: “Besteren artean, tortura babesteko inpunitate osoa izan duen sistema bat dago atzean. Batez ere, Estatuaren biktimak izan dira gehien diskriminatutako biktimak, eta guk biktima guztien duintasuna errekuperatzeko lan egiten dugu. Gure funtzioa konplexua da, zaila da, baina konbentzituta gaude. Egia soziala daukagu eta Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren bitartez egia administratiboa lortzen ari gara, eta justizia lortuko dugu”.
Gogoetarako eta hunkidurarako unea 15:45ean hasiagatik ere, are goizago ere herritar taldeak ilaran zebiltzan, Astrako babeslekuaren atarira bidean; arma faktoria izandakoa kultur faktoria da egun, eta apirilaren 26an, ostera, memoria historikoaren eta demokratikoaren faktoria bihurtzen da. Euskal Prospekzio Taldeko kideak “hunkituta” agertu ziren, bertako sirena aktibatzeko ohorea edukitzearren, Gernikako bonbardaketaren efemeridea eta egun horrek islatzen duen dena beraien oroimen eta auzolan beharraren “erakusle” ere badelako zelanbait: “Polita besteko hunkigarria da aukera hau edukitzea; eskerrik beroenak eman behar dizkiegu Gernikako Lobei”.
“Herritarren” babeslekua.
Gauza asko kabitzen dira, lau minuturen trantze laburrean. Ia-ia mundu oso bat. 15:45etik 15:49ra, isiltasunak eta edeozer izoztu dezakeen sirena hotsak hartu zuen Astra. Gora begira, duela 89 udaberri zerua bahitu zuten hegazkinak irudikatu guran legez, agertu ziren herritarrak; lurrera begira, ostera, egun oraindik han-hemen hainbat Gernika garretan direla jakitun direnak. 4 minutuko omenaldiaren ondoren, asko eta asko izan ziren sirenaren aktibatzea egin zuten babeslekuaren barrualdea bisitatu zutenak. Hain zuzen, bisita gidatua egin zuten Gernikako Loben ordezkariek, babesleku hori “herritarrena” dela adierazi asmoz.