Munduko kartel politikorik onenetakoak Elai Alai areto txikian daude
'Giza eskubideen aldeko sormena: kartel politikoak' izeneko erakusketa inauguratu dute gaur [apirilak 25], Elai Alai areto txikian. 2024ko International Socio-Political Poster Biennalen saritutako artelanek osatuta dago.
2024. urteko International Socio-Political Poster Biennalen saritutako artelanek Elai Alai areto txikia dute habitat, hilaren 30a bitartean. Izan ere, nazioarteko sariketa entzutetsu horretako piezarik adierazgarrienetakoak biltzen dituen Giza eskubideen aldeko sormena: kartel politikoak izeneko erakusketa gaur [apirilak 25] inauguratu dute, Gernikako bonbardaketaren 89. urtemugari dagokion programazioaren barruan.
Biennale International Youth Meeting Centre-en (IYMC) zuzendari Leszek Szusterrek eta Paween Warchoen artistak jarri zuten martxan, 2004an, eta IYMCren proiektu garrantzitsu eta ospetsuenetako bat da egun: kartel politikoaren erreferentea den kultur zentro garrantzitsua bilakatu da.
Jose Mari Gorroño: “Iaz Oświęcim eta Gernika-Lumok adiskidetza ituna sinatu zuten; anaikidetzarako bidea markatzen bidea zen hura”
Erakusketa, gainera, Oświęcim eta Gernika-Lumo lotzen dituen atalasea ere bada, herri bien arteko bakearen, memoria lanketa kolektiboaren eta errespetuaren erakusle. Udalerrion arteko erlazioa, hain zuzen, “pandemia sasoian Astrako babeslekuan” ipini asmo zuten erakusketatik dator, Jose Mari Gorroño alkateak inaugurazioan azaldu duenez: “Hura ez zen posible izan, baina iaz herri biek adiskidetza ituna sinatu genuen; anaikidetzarako bidea markatzen bidea zen hura”.

2024ko Biennaleren hamargarren ekitaldian, mundu osoko 24 herrialdetako 207 artista aurkeztu ziren. Guztira, 481 kartel aurkeztu zituzten, eta epaimahaiak 80 hautatu zituen. Erakusketak, batetik, lehen hiru sarituak barnebiltzen ditu; bestetik, “goi maila dutela sobera frogatutako” beste bederatzi kartel soziopolitiko.
XIX. mendearen amaieran sortu ziren kartel politikoak, eta gorakada betean egon ziren Lehen Mundu Gerran, propaganda bitarteko eraginkorra zelako. Gaur egun kartel politikoen ospea nabarmen murriztu den arren, aro digitalean, politikoki konprometituta dauden artistek komunikazio artistiko modu hori erabili dute etengabe bakearen alde egiteko premiari eta munduak dituen gatazka armatuak amaitzeko premiari buruzko gogoetak adierazteko, adierazpen askatasunik ez dagoela aldarrikatzeko eta emakumeen eskubide berdintasunaren aldeko borroka erreklamatzeko.