Historiadun biolin zaharren doinuak, bakearen alde
Hiroshimako eraso nuklearretik eta nazien holokaustotik onik ateratako biolinen bakearen aldeko doinuak transmititu dituzte gaur (apirilak 24) Gernika-Lumoko Batzarretxetik.
Badira memoria gordetzen duten musika instrumentuak, eta horietako biren doinuak entzun dituzte gaur (apirilak 24) Gernika-Lumoko Batzarretxean. Ai Toshuda japoniar musikari gazteak eta Gontzal Rodriguez Agudo euskal biolin-jotzaileak hainbat bake kanta interpretatu dituzte Hiroshimako bonba nuklearretik eta nazien Holokaustotik osorik atera ziren bi biolinekin. Horien egur zaharrean dar-dar egin du historiak, eta hari bakoitzaren iraganeko oihartzunak bakearen aldeko mezua transmititu du.
Haritzaren itzalpean interpretatu dituzte Song of the Birds kantu ezaguna, J.S. Bachen Fuga sonata, Txoria txori eta Agur Jaunak. Itxaropenerako biolinak kontzertu ibiltariaren baitan interpretatu dituzte kantuok, Gernikako bonbardaketaren 89. urteurren ekitaldien baitan, munduari bakearen aldeko deia eginez.
Izan ere, musika instrumentu horiek iraganeko ankerkeriaren sinbolo dira, baina “itxaropenaren, berpizkundearen, parkamenaren eta bizitzaren duintasunaren lekukotza” ere ematen dutela gehitu dute antolatzaileek. Izan ere, bi biolinetako bat 1945ean Hiroshimako bonba atomikoaren eraso bortitzetik bizirik atera zen maisu errusiar baten jabetzakoa izan zen, 25 urte lehenago Ukrainako luthier batek egindakoa. Hibakusha izeneko biolin hori, beste tresna batzuekin batera, ankerkeriaren eta gizakiaren erresilientziaren lekuko isil bihurtu dira.
