Tonpoiko berreskuratze lanen proiektua bisitatu dute Europako hainbat herrialdetako ordezkariek
Europako ordezkariek Tonpoiko berreskuratze lanen proiektua ezagutu dute.Bermeoko Udala Europako hainbat herrialdetako 100 teknikari eta politikari inguruk bisita egin dute gaur [apirilak 22] Bermeora, Tonpoiko berreskuratze proiektua ezagutzeko. IHOBEk antolatutako jardunaldien barruan, LIFE programaren eta Urban Klima 2050 ekimenaren esparruan egin dute bisita hori. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatearen eta Zigor Uriondo Arrue Ingurumen zinegotziaren gidaritzapean bisitatu dute eremua. Talan elkartuta, bertara abiatu dira, eta udal ordezkarien zein teknikarien azalpenak jaso dituzte, egindako esku-hartzearen nondik norakoak ezagutuz.
Alkatearen berbetan, proiektuak herritarren eta bisitarien bizi-kalitatea “hobetu” du, eta Bermeon garatutako eredua beste udalerri batzuentzat “erreferente” bihurtzen ari da: “Bisitak agerian utzi du Bermeon garatutako esku-hartzea nazioarteko intereseko adibidea dela, eta klima-aldaketara egokitzeko tokiko politiken erreferente gisa kokatzen ari dela”.
Jardunbide egoki. Tonpoiko eraldaketa LIFE Urban Klima 2050 proiektuaren barruan garatu da, klima-aldaketara egokitzeko jardunbide egokien adibidetzat. Arduradunek azpimarratu bezala, esku-hartzearen bidez, “biodibertsitatea indartu da, itsasbazterra lehengoratu da eta herritarrentzat berdegune erresiliente eta irisgarri bat sortu da”.
Izan ere, leheneratze lanak egin aurretik, eremua “degradatuta” zegoen, baratzeek, behin-behineko eraikinek eta bestelako egitura irregularrek okupatuta. Gainera, landaredi inbaditzailea eta kontrolik gabeko hondakinak zeuden: “Eremuaren ezaugarri geografikoek —itsasoarekiko hurbiltasuna eta malda handia— arrisku handia eragiten zuten lur-jausien aurrean, bereziki euri-jasa handien eta olatu bortitzen ondorioz”. Esku-hartzearen bidez, 1,4 hektareako gune berdea sortu da, itzalpeko espazioak eskaintzen dituena eta Aritzatxu hondartza herrigunearekin lotzen duena, oinezkoentzako ibilbide baten bidez: “Esku-hartzearen bitartez, ingurumen berreskuratzetik harago, oinezkoentzako ibilbidea sortu da, herritarrek ingurune natural batean ariketa egiteko aukera izan dezaten, klima-aldaketara egokituta eta zarata zein kutsaduratik urrun”.
Gogoratu dute orain arte, proiektuak ia 600.000 euroko inbertsioa izan duela. Horretarako, Bermeoko Udalak 425.000 euroko diru laguntza jaso du, LIFE Urban Klima 2050 programaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Kosta Mugapearen laguntzarekin.
Alkateak gaur azaldu du proiektua ez dagoela amaituta, hirugarren fasea gauzatzeke baitago, “finantzaketa faltagatik”.