"Pasealekua bizirik nahi eta behar dugu; bizirik eta gaztetxearekin"
Gernikan gazteek kudeatutako gaztetxea "beharrezkoa" dela aldarrikatu du Egurre Gazte Asanbladak, berreskuratu zutenetik urtebete igaro denean.
Argazkia: Egurre Gazte Asanblada Urtebete pasa da Egurre Gazte Asanbladako kideek Gernikako gaztetxe zaharra berreskuratu zutenetik, eta lehen urteak utzitakoaren balorazioa “oso ona” egin dute, hamar urtetik gora itxita egon den espazio bera gazteen topagune izateko berriro martxan jartzea “beharrezkoa” baitzen. Lehen urtemuga beteta, aurrerantzean Gernikako gazteei gaztetxearen beharrizana azaldu eta proiektuaren izaera azaltzea bilatuko dute, “Pasealekua hiltzea arazo larria” izan daitekeela uste baitute: “Pasealekua bizirik nahi eta behar dugu; bizirik eta gaztetxearekin”.
Gaztetxea berreskuratu zutenean lehen urtea “horren erraz” beteko zutela aurreikustea “pentsaezina” zela aitortu du Enaitz Arronategi Urionabarretxea Egurreko kideak. Denboraren joan-etorriagaz eta jendearen erantzunagaz baina, “pozik” daude: “Pila bat jende pasatu da gaztetxetik, eta ikusi dugu urte luzez itxita egon den espazioa berreskuratzea, Gernikako erdigunean, oso inportantea izan dela, aukera oso ona Gernikako gazteentzat”.
Izan ere, “gazteen interesak bermatzeko” helburuagaz sartu ziren Pasealekuko gaztetxera, eta horiei zuzendutako “eskaintza handia” ondu dute azken hamabi hilabeteetan, aisialdiari eta kulturari lotutakoak, besteak beste: “Zerbitzuak eskaintzen ere ahalegindu gara, esaterako, ikasketa gelak zabaldu ditugu azken bi azterketaldietan; boxeo saioak ere eskaini genituen, eta oro har, espazio hau izatearen balorazio oso ona egiten dugu”. Edonola ere, aisialdirako gunea berreskuratzeaz harago, gazteen artean “gorakada” izaten ari diren “egungo ideia erreakzionario, misogino, klasista eta arrazistetatik salbu” egoteko espaziotzat dute gaztetxea: “Guzti horren kontrako kontzientzia lantzeko aukera ematen digu; herriarentzat oso garrantzitsua da”.
Gernika-Lumo bezalako herri batek gazteek saretzeko leku bat behar duela aldarrikatu du Arronategik, espazio horrek “gazte asanbladek bultzatuta” egon behar dutela zehaztuta: “Gazteak aktibo egotea herriarentzat onuragarria da, herriari ekarpena egiten diotelako. Gaztetxeak gazte talde independenteek antolatuta egotea oso positiboa da”. Horregatik, asanbladaren dinamika “aldakorra” izaten bada ere, herritarren erantzuna eskertu dute asanbladaren izenean, batez ere hasierako auzolanetan “pila bat jende” batu baitzen.
Liburutegiaren mehatxua.
Gernika-Lumoko Udalak Pasealekuan egiteko asmoa duen liburutegi berriak, baina, zalantzan jartzen du gaztetxearen biziraupena. Gazte asanbladakoek liburutegia udalaren “promesa faltsua” legez deskribatu zuten gaztetxea berreskuratzean, 2008an argitaratu baitziren proiektuaren lehen albisteak, eta 2026an oraindik “ezer egin ez” delako, baina orain, egia bihurtze bidean dago: “EH Bilduk aurrekontuak onartu zituen urtarrilean eta ezustekoan harrapatu gintuen. Gorroñori nahi duena egiteko bidea zabaldu zioten, eta nahi duena egin du. Proiektua aukeratu du inor kontutan hartu barik”. Salatu dutenez, arazoa ez dela soilik “gaztetxea desalojatu beharko” luketela: “Arkupe erdi kendu beharko litzateke, Gernikan aterpean egoteko dauden leku gutxiak murriztuz eta gainera, sarbidea futbol zelaiaren erditik kokatuko lukete eta umeek ezingo lukete jolastu… Zer gertatuko da txosnekin? Eta Elai Alai Dantzari Taldearekin?”
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak “Pasealeku turistikoa” nahi izatea salatu dute gazte asanbladatik: “Gehien molestatzen diona Pasealekuko balkoietan pankartak egotea da; Pasealekua turisten argazkietarako izango den gune ez-aktibo bilakatu nahi du, eta gaztetxeak hori oztopatzen du”. Bestetik, herritarren iritzia jasotzeko udalak zabaldutako prozesu parte hartzailea “fartsatzat” jo dute, “inori esan gabe egin zuelako, epea laburragaz eta Aste Santua tarteko”.
Asanbladatik “Pasealeku bizia” aldarrikatu eta proposamen bat helarazi diote udalari: liburutegia bere jabetzako “beste eraikin batean” egiteko, Gernikak gaztetxea eta liburutegia, “biak behar” dituelako.
Kontzertu gaua.
Apirilean zehar lehen urteurrena ospatzen aritu dira asanbladakoak, gazteei zuzendutako egitarau bategaz; hilaren 11n, urteurrenaren egunean bertan ekin zioten ospakizunei, Urte bete eta gero, gaztetxie aurrera izenburupean egindako jaiagaz. Iragan ostiralean [apirilak 17] eman zioten jarraipena, gaztetxean preso politikoen inguruko mahai-ingurua eta Ekidaren emanaldiagaz eta asteon biribilduko dute, kontzertu gauagaz: Sembrando Kaos, Rodeo eta DJ I am Giz igoko dira zapatuan [apirilak 25] gaztetxeko oholtzara; 22:30etik aurrera. Tiketak Katu tabenan erosi daitezke, 3 eurotan.